2010-05-25
Lehorreko marrazoa, arina eta eraginkorra
Mendizabala Institutuak sortutako auto prototipoa energia aurrezteko lehian aritu da Alemanian
Anakoz Amenabar.
GasteizHegatsa baino ez zaio falta. Hiru metro eta 45 bat kilorekin, hagin eta guzti, abiadura bizian dabil Gasteizko Mendizabala Institutuko Marrazoa. Bigarren urtez, bertako ikasle talde batek diseinatutako auto prototipoak Shell Eco Marathon Europako lehiaketan sailkatzea lortu du. Lehiaren helburua: autoak ahalik eta kilometro gehien egitea energia kontsumo txikienarekin.
Iaz aurkeztu zuten lehendabiziko aldiz Marrazoa, Lausitz herrian (Alemania) antolatzen duten lehiaketan. Eta aurten aurkeztu dute, berriz ere, Marrazoa II, hainbat eraldaketa egin eta gero. Munduko institutu eta unibertsitateetako ikasleek parte hartzen dute bertan, energia-eraginkortasuna bilatzen duten prototipoekin. Euskal Herritik hainbat ikastetxetako egitasmoak aurkeztu zituzten, baina Gasteizko Mendizabalakoak baino ez du sailkapena lortu.
Mendizabalako automobilgintzako ikasle eta irakasleek parte hartu dute egitasmoan. «Urrun gaude marka handiak lortzetik. Gure prototipoa erakutsi eta sailkatzea zen helburua, eta pozik gaude emaitzarekin» azaldu du Pedro Gato, Gorbea taldeko logistika arduradunak. Taldeko zuzendari Paco Corcuerak ere esperientzia aberasgarria izan dela nabarmendu du. «Euren prestakuntzan osagarria da egitasmo hori, prototipoari egiten zaizkion eraldaketak egunero ikusten dituztelako tailerrean».
Ikasleen artean, Eneriz Besga eta Izaskun Garciak egin dituzte pilotu lanak, eta Oier Ormaetxea eta Ion Perez aritu dira mekanikari. Urritik hamaika ordu egin dituzte dena prestatzen, hilaren hasieran Alemanian aurkeztu zuten arte. «Hainbat oztopo izan genituen; ez genuen entrenamendurako aukerarik izan, eta eguraldiak ere nabarmen kalte egin zigun, baina ondo erantzun zuten pilotuek», aipatu du Corcuerak.
Prototipoari, besteak beste, direkzioa eta errodaje sistema aldatu, eta marka hobetzea lortu dute aurten. Irabazlearen marka haustea, ordea, zaila dute oraindik: ia 3.800 kilometro egin zituen gasolina litro bakar batekin. «Halako kontsumoa hiri barruan egitea, dena den, pentsaezina da», esan du Corcuerak. Lehiaketan aurkezten diren prototipoetatik hainbat ideia ateratzeko baliagarri izan daitekeela uste du, baina hirira moldatzea, berriz, zaila dela. «Gutxi kontsumitu nahi baduzu, motoreak geldi egon behar du denbora luzez, eta hori hirian oso zaila da». Auto ereduan ez, gidatzeko moduan bilatu behar da, haren ustez, eraginkortasuna. Corcueraren arabera, gainera, energia berriztagarrien garaia dator, eta horretara moldatu beharko dute prototipoa ere. «Bi edo hiru urte barru ezin izango dugu gasolinarekin parte hartu eta bioetanola erabili beharko dugu».
Lehiaketa AEBetako Shell laborategiek antolatu zuten lehendabizikoz, 1939an, ingeniarien artean. Gaur egun, ordea ingenieritza ikasleentzako lehia da; 200 ikasle baino gehiago izan dira aurten.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
