Kilian Jornet.
Mendiko eskiatzailea eta lasterkariaEskiak eta zapatilak. Zapatilak eta eskiak. Batzuk zein besteak jantzi, mendian gora eta behera ziztu bizian dabil Kilian Jornet. Zegama-Aizkorri hirugarren aldiz irabazi du.
«Gurasoek irakatsi digute mendia maitatzen»
Ekaitz Agirre.
ZegamaEskiak duela egun gutxi utzi ditu bazterrean, eta zapatilak jantzita lasterketen denboraldiari ekin dio Kilian Jornetek (Lles de Cerdanya, Herrialde Katalanak, 1988). Indartsu ekin ere, Zegama-Aizkorri mendi maratoia hirugarren aldiz irabazita. Muturreko baldintzak izan zituen igandeko lasterketak, baina Jornet «dibertitu» egin zen. Gaztea izanagatik -22 urte ditu-, mendian irabazitako dituen lasterketengatik eta egindako marka eta errekorrengatik da ezaguna. Haren gaztetasunak eta kemenak zur eta lur utzi ditu mendiko eskia eta mendiko lasterketak gertutik jarraitzen dituztenak. Adin batetik gorako mendizaleak nabarmentzen diren esparruetan hain gazterik nabarmentzea pentsaezina baitzen orain gutxi arte. Mendiarekiko lotura, ordea, ez du lehiaketara mugatzen. Mendian jaio zen; mendian bizi da, eta mendiak bizi du Kilian Jornet.
Hirugarren aldiz parte hartu eta hirugarrenez irabazi duzu Zegama-Aizkorri. Nolakoa izan zen lasterketa?
Zalantzekin irten nintzen, eski denboraldia bukatuta lehenengo lasterketa nuelako korrika. Eguraldiak proba gogortuko zuela bagenekien, baina antolakuntzak lan ona egin zuen, eta elurrak eta lokatzak lasterketa gogortu arren edertu ere egin zuten.
Parte-hartzaile guztiek nabarmentzen dute proba berezia dela.
2007an eta 2008an irabazi ondoren, iaz ez nuen parte hartu, eta denboraldian garaipen asko lortu arren banuen nolabaiteko hutsune bat. Giro berezia du Zegama-Aizkorrik, beste inon ez dut hainbeste jende lasterkari guztiei animoak ematen ikusi. Harrigarria da igandean egin zuen eguraldi traketsarekin zenbat jende elkartu zen Aizkorrin, Urbian eta Aratzen. Urtero etorri nahi nuke.
Ez al da harrigarria baldintza horietan egin zenuen denbora [markatik hiru minutura geratu zen: 3:56:29]?
Ibilbidea zegoen bezala egonda hobeto ezin nuela egin uste dut. Lokatzak eta elurrak gogortu egin zuten lasterketa, baina dibertigarria egin ere bai. Udako denboraldiari begira baikorra izateko motiboak eman dizkit.
Pirinioetako zeharkaldia osatzea duzu hurrengo erronka, eta ez nolanahi. Zazpi egunetan lotu nahi dituzu Hondarribia eta Cap de Creus: 696 kilometro eta 35.717 metroko goranzko desnibela. Posible al da?
Maiatzaren 31n aterako naiz Higerretik, eta ekainaren 6an iritsi nahi nuke Cap de Creusera. Aste batean mendikatea zeharkatzea posible den ez dakit, baina saiatuko naiz. Dena dela, helburua ez da errekor bat ontzea, Pirinioak jendeari ezagutaraztea baizik. Irudiak hartu eta ikus-entzunezko bat prestatu nahi dugu, AEBetan eta Europan Pirinioak zer-nolako altxorra diren ezagutarazteko.
Nola antolatu duzu zeharkaldia?
Egun bakoitzean nondik nora joan naitekeen zehaztua dut, eta lehenengo bi egunetan ikusiko dut fisikoki nola erantzuten dudan. Eguneko 100 bat kilometro egitea aurreikusi dut, batez beste. Eguraldiaren arabera moldagarria izango da, noski.
Pirinioak zer dira zuretzat?
Jaio, hazi eta bizi naizen mendiak dira. Cap de Rec aterpetxean jaio nintzen, Cerdanyan, Kataluniako Pirinioetan, eta han irakatsi zidaten gurasoek mendira joaten. Baina, batez ere, mendia maitatzen irakatsi ziguten arrebari eta bioi. Haiekin igo genituen mendiak, eta haiekin zeharkatu genituen lehen aldiz Pirinioak, 9 urterekin. Orduko hartan, Katalunian hasi eta Euskal Herrian bukatu genuen.
Hartu duzun bidean zer garrantzia izan dute gurasoek?
Erabatekoa, mendizale amorratuak dira aita eta ama. Himalayara Kataluniatik antolatutako espedizio aitzindarietan parte hartu zuen aitak, eta amak jarraitzen du zenbait eski probatan irteten. Lan funtsezkoa egin dute arrebak eta biok mendia maita dezagun.
Izan ere, eskiak jantzita jaio zineten ia, ezta?
Bi hilabeterekin jarri zizkidaten lehenengo eskiak, ibiltzen ikasi aurretik. Eskolako adiskideak baloiarekin edo parkean jolasten ziren; arreba eta ni, berriz, eskiak jantzita edo mendian korrika. Jaio eta haurtzaroa pasatu dudan lekua izan da mendia, eta naturaren erdian bizitzen ikasi genuen han. Guk ez dugu mendira joaten ikasi, mendian bizitzen eta mendiaren parte izaten baizik.
Non bizi zara egun?
Font-Romeun bizi naiz, Cerdanyan. Kataluniako Generalitataren eta Perpinyako unibertsitatearen arteko akordio bat tarteko, han ari naiz kirol jarduera eta heziketa fisikoko ikasketak egiten. Ikasketekin jarraitu eta 1.800 metrora bizitzeko aukera dut.
Nola moldatzen zara ikasketak eta entrenamenduak uztartzeko?
Garaiaren araberakoa da hori. Hiru eta zortzi ordu artean entrenatzen naiz egunero, baina neguan aldatu egiten dut plangintza, mendiko eskiko lasterketak tarteko. Astelehenetan, asteartetan eta asteazkenetan klaseak ditut, eta 07:00etan jaikitzen naiz. Bi edo hiru orduz entrenatu eta unibertsitatera joaten naiz. Ordutegi malgua dut unibertsitatean, eta arratsaldez beste saio bat egiteko aukera ematen dit. Osteguna lasterketa jokatzen den lekura bidaiatzeko baliatzen dut, eta astelehena klasera itzultzekoa.
Fisikoki ez ezik, psikologikoki ere prestatzen al zara?
Uztartuta daude bi alorrak. Fisikoki ongi egonagatik, motibaziorik gabe ez dago behar bezala entrenatzerik. Psikologia eguneroko lanean da garrantzitsua, ez soilik lasterketaren egunean. Psikologiaren adarra, ordea, ez da nahikoa ikertu orain arte. Fisikoki nola hobetu badakigu, baina buruari ez diogu erreparatzen.
Txapelketetara itzulita, zer irakurketa egiten duzu bukatu berri den mendi eskiko denboraldiaz?
Ezin dut gehiago eskatu, aurreko urteen aldean erregularra izan naiz. Andorrako Munduko Txapelketak nituen begiz joak, eta urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi dut; Pierra Menta irabazi dut, Florent Troilletekin; eta Munduko Kopan bi proba irabazi eta beste bitan bigarren bukatu dut. Nekez hobe dezaket.
Pierra Menta nabarmentzen duzue mendiko eskiatzaileek. Han ere badute zure berri.
Lau egun dira eta lau etapa. Lehiaketak urduritasun puntu bat eragiten du, baina ona da hori. Bikoteka jokatuta, taldekidearekin guztia partekatzen duzu; harekin sufritzen duzu, harekin emozionatzen zara. Alpeen edertasuna eta jendearen berotasuna gehitzen badiozu...
Eskiak alboratu eta zapatilak jantzi dituzu orain. Nola prestatzen zara jarduera desberdinetan aritzeko?
Denboraldiaren banaketa erabatekoa egiten dut: azarotik apirilera eskiatu egiten dut bakarrik, egun bakar batean ere ez dut korrika egiten. Hartara, ez dut izaten gainkargarik giharretan eta artikulazioetan, eta udako denboraldia fresko hasten dut. Korrika hasten naizenean, lehenengo astean zangoak minberatzen zaizkit, baina bigarren edo hirugarren asterako asimilatzen noa.
Adinean heldutasun bat dutenen eremu izaten dira iraupen luzeko lasterketak. Atentzioa eman du zure gaztetasunak. Non dago gakoa?
Ez dut uste adin kontua denik, gizartean dagoen kulturaren ondorioa baizik. Gazteok ez dugu proba luzeetan parte hartzen; gure unea ez dela uste dugu, iritsiko dela beranduago maratoi bat edo lasterketa luze bat korritzeko unea. Ez diogu geure buruari galdetzen halakoetarako prestatuta ote gauden. Ikusi da ongi entrenatuta eta egoki prestatuta maratoiak eta iraupen luzeko probak irabaz ditzakegula gazteok. Gazte batentzat, arazo handiagoa da prestaketa batek eskatzen duen sakrifizioa eta denbora ematea.
Lehiaketa hutsetik harago doa zure jarduna, eta Kilian Quest proiektua sortu duzu. Zertan datza?
Mendiak zerbait ona badu aniztasuna da. Zegaman mendi buelta bat egin edo maratoian korrika parte har dezakegu gaur, eta bihar hemendik hamar kilometrora dagoen beste mendi batean erabat bestelakoa den ibilbide bat osatu. Aniztasun horren berri emateko modua izan nahi dugu proiektu horrekin. Lehiaketa edo lasterketa ez diren ibilbideak aukeratzen ditugu, eta horietan markak egiten saiatzen naiz, errekorren bidez lekuak ezagutarazteko. Iaz, Korsika zeharkatu genuen, GR-20 bidetik, eta AEBetan izan ginen Kaliforniako Tahoe Rim ibilbidean. Pirinioetakoa ere proiektu horretan sartzen dut, eta ondoren, Kilimanjarora joateko asmoa dut, igoera azkarrenaren marka ontzeko asmoarekin.
Lasterketak, lehiaketak, markak... mendiarekin uztargarriak ez direla uste dute askok. Zer iritzi duzu?
Iruditzen zait mendian guztiontzako lekua dagoela, eta modu askotara goza daitekeela. Lehiaketa bat dagoenean dortsala daramagu soinean, baina lehiaketatik kanpo ere arin joaten naiz mendira, gozatu egiten dudalako horrela joanda. Estilo bat da arin eta azkar joatea, mendian gerta daitezkeen ezbeharren eta arazoen aurrean seguruagoa. Alpinismoan bezalako eredua da hori. Lehiaketan nahiz lehiatik kanpo izan, gozatu egiten dut mendian, beste edozeinek goza dezakeen moduan.
Lorpenetako batzuk
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
