Segura, Euskal Herriko bihotza
Bihar hasiko da Iparra Hegoa; musika, dantza, solas, janari eta bestaren bidez trukea sustatzen duen ekimena
Nora Arbelbide.
BaionaUrruñako Kuxkuxtu txarangak eta kantatzea maite duen Segurako lagun talde batek elkar ezagutu zutenean abiatu zen Iparra Hegoa ekimena. Bihar 15. edizioa hasiko dute Euskal Herriko mus txapelketaren finalarekin, eta martxoaren 28an burutuko dute herri bazkariarekin.
Elizondon ospatzen den Baztandarren egun batean zuten elkar topatu, eta laster ukan zuten ideia. Hobeki elkar ezagutzeko zerbait gehiago egin behar zelakoan zeuden: «Ohartu ginen Iparraldeko egoera kulturala, politikoa, ekonomikoa ez zela hainbeste ezagutzen Hegoaldean. Beraz, Seguran astebeteko ekimen bat antolatzea pentsatu genuen, Iparraldeko jendea ekarraraziz», esplikatu du Beñat Elizondok, ekimenaren sortzaileetako batek. 1996an egin zuten lehen aldiz. Geroztik zabalduz joan da ekimena, sustraitu arte, hasiera haietan Landibarretik (Nafarroa Beherea) ekarri gereziondoaren gisara.
Ekimenaren filosofia bi hitzetan laburbiltzea zaila da, baina ahalegindu da Elizondo: «Uste dut horrekin ere herria egiten dela. Euskal Herria. Lotura horiekin. Denak gara Euskal Herria maite dugun militanteak. Horrelako anitz beharko litezke, ene ustez». Zerbait zabala eta beheretik antolatzen dena: «Bi herrien artean, batzuetan harreman ofiziala izaten da Herriko Etxeen artean, bazkari bat urtean, eta horretan geldi. Guk gehiago sakondu nahi dugu». Harremanak «artifizialak izan» ez daitezen.
Horren lortzeko izan zuten mus karta jokoaren ideia: «Denek ezagutzen dutelako, eta abertzaleak ez diren jendeak ere hunkitzeko aukera ematen duelako».
Zazpi herrialdeak musean
Horrela partitu zen txapelketaren ideia. Zazpi herrialdeak bilduz. Izan ere, Nafarroan, Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan, eta Ipar Euskal Herrian badira txapelketak, baina guztiak elkartzen dituenik ez da. Eta munduko txapelketa antolatzen delarik federazio horiek elkarren aurka aritzen dira. Geroztik, ideia indarra hartzen ari da. 2.000 dira kanporaketetan parte hartzen dutenak. Ipar Euskal Herrian 220 bat, Nafarroan 600.
Musean arituz ere herria eraikitzen, beraz? Hala uste du Elizondok: «Uste dut baietz. Adibidez, etortzen dira Segurara Hegoaldea Espainia bezala ezagutzen duten batzuk. Eta haientzat on da euskal giroa ere ikusteko. Segura herri bat da non euskaraz mintzatzen diren egunero. Goizetik arratsera. Eta hori ez da maiz gertatzen. Uste dut hori oso inportantea dela ere. Ez dut erraten denak abertzaletuko direnik, baina bide bat izan daiteke». Musaz aparte, baita besterik ere, trukatzeko eta giroa ezagutzeko. Hasiz dantzatik. Goierri aldean normalean dantzan guti ari direla ohartua da Elizondo, eta, aldiz, Iparra Hegoaren karietara antolatzen den dantzaldian, jende anitz ari da dantzan. Ikastaraoak badaude mutxikoak ikasteko, hain zuzen.
Trukea kontu, igandean, Arbonako Primadera dantza taldea, Koxegi taldea eta Lekeitioko Tirriki-Tarraka, Lapurdiko gaita jotzaileak, Hazparneko joaldunak, Segurako gazteen koruak ariko dira. Ostiralean, berriz, Xutik, Impekables eta Ardo barrura taldeak ariko dira.
Egunero, hortik izanen da Kuxkuxtu txaranga. Margoak ere bere lekua izanen du, larunbatean, eta haurren arteko laguntasunak ere, ostiralean. Eta nola ez, janariak. Ostiraleko bertso poteo eta afaritik hasi, eta igandeko herri bazkarira, larunbat gaueko talo jatetik pasaz, izanen da zer jasta. Dela Arabako Errioxako eta Nafarroako ardoak, txakolina, sukalki prestaketa eta beste.
Iparra Hegoa
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
