2010-01-05
Kondaira bizia zen orain arte Gartxot euskal koplariarena, sekula ahaztu ez delako; baina are biziagoa da orain, hartan oinarriturik marrazki bizidun film bat egin dutelako.
Kondaira biziduna
Iñigo Astiz.
ItzaltzuArturo Kanpion izan zen Gartxot koplariaren kondaira bildu zutenetako bat, baina jendeak mantendu du bizirik. Igandean berritu zuten haren istorioa Itzaltzun (Nafarroa), koplariaren omenezko eguna ospatuz. Iaz, Gartxoten omenezko eskultura bat jarri zuten herriko plazan herritarrek, Gartxotek bizirik jarraitzen duela ikusarazteko. Igande honetan, herenegun, Gartxot izeneko film laburra estreinatu zuten, marrazki bizidunak hain zuzen ere. Kondaira bizia da, ikusten denez, koplariarena, eta igandeaz geroztik, baita kondaira biziduna ere.
Mikelot deitzen omen zen Gartxoten semea, eta oso ahots ona omen zuen. Horrek galdu zuen, hain ongi abesten zuenez, fraideek bere borondatearen aurka latinezko kantak abestera behartu nahi izan baitzuten. Euskal abestigintza bazterrean uztera behartu nahi zuten. Gartxotek semea askatu egin zuen orduan, baina soldaduak joan zitzaizkion gero haren bila. Gartxotek buztin bola bat sartu zion semeari ahoan, aurrerantzean latinez kantatzera behartu ahal izan ez zezaten. Hil egin zuen semea, ordea, Gartxotek hala jokatuta. Arrotz baino, nahiago izan zuen hilotz. Zigortu egin zuten horregatik, eta bakartuta hil zen. Kondairak dioenez, denbora franko iraun zuen bizirik, lainoa zegoenetan, usoek jana eramaten ziotelako.
Hori da kondairak dioena, eta hori da Gartxot film laburraren abiapuntua ere. Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi dira haren zuzendariak eta pozik daude igandeko emanaldiko harrerarekin. «Aurreko astean bukatu genuen editatzen», azaldu du Elordik. «Eta igandekoa izan da estreinaldi mundiala, eta oso pozik gaude erantzunarekin. Jendea hunkituta atera zen emanalditik».
Marrazki bizidunak dira, bai, baina Elordiren hitzetan, ez da umeentzako filma. «Nahiko gogorra eta errealista da, eta harrituta gelditu ziren horregatik ikusle batzuk. Gisa honetako lanak ikustera ohituta ez bazeuden ere, gustatu egin zitzaiela esan ziguten ».
Igandean izan zen filmaren lehen emanaldia, eta oraingoz ez dute bestelako datarik. Zinema jaialdietara bidali dute filma, eta horregatik, ez da, oraingoz behintzat, ohiko zinema aretoetan ikusi ahal izango. Interesa duenak, ordea, badu filma Itzaltzuko udaletxean ikusterik. Igandeko emanaldia bukatutakoan, kopia bat utzi zuten horretarako bertan Elordik eta Urmenetak.
Urmenetak, Markos Armspachek eta Jokin Larreak Gartxoti buruz egindako komikia izan zen Itzaltzuko koplaria bizidun bihurtzeko lehen urratsa. Urmenetak eta Elordik eginiko film laburra izan da bigarrena, eta film luzea egitea izango da hirugarrena. «Hori da gure asmoa»,dio Elordik. «Itzaltzun bertan estreinatu nahi genuke hura ere».
900 urte Gartxot hil zela
Film laburraren emanaldia baino lehenago, eta ondoren ere, izan zen bestelako ospakizunik Itzaltzun. Biltzarra izan zuten goizean, aurten koplariaren omenez egingo dituzte ekitaldiak pentsatzeko. Urte berezia izango da aurtengoa, izan ere. 1110 urtean kokatzen du Kanpionek kondaira, eta herritarrek hala erabakita, koplariaren heriotzaren 900. urteurrena ospatuko dute aurten. Igande eguerdian bazkaria izan zuten, eta Gartxot izeneko kantariaren saioa izan zuten bazkalondoan. Izan zen orduan ere ere kondaira biziberritzeari buruzko eztabaida bizirik.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
