Iñaki Sagredo.
IdazleaAmaiurko gazteluari Nafarroako historiaren leihotik jarri zaio begira Iñaki Sagredo idazlea bere azken liburuan.
«Nafarroari buruzko historia asko dago oraindik idazteke»
Iñigo Astiz.
IruñeaNafarroako historia gazteluei begira aztertu du behin baino gehiagotan Iñaki Sagredok (Irun, Gipuzkoa, 1968). Bide horretatik jo du orain ere Pamiela argitaletxearekin El castillo de Amaiur a través de la historia de Navarra izeneko liburua argitaratuta.
Liburua ireki eta marrazki mordoa, mapak, eskemak, kanoien irudiak... Aurkezpenean esan duzunez, ikusi eta irakurtzeko gogoa ematen du.
Bai, hori da liburu batean beti bilatzen dena. Historiazaleena zirkulu txikia da, eta, horregatik, kostu handiagoa badu ere, beti saiatzen gara liburua itxuraz erakargarria izan dadin. Informazio hutsezko argitalpenetan baino errazago helarazten da informazioa hala. Ezaguerari ate asko irekitzen zaizkio, adibidez, historian aipatzen diren kanoi mota ezberdinen irudiak gehituz, hartara irakurleak gertatutakoaren irudia errazago marraztuko baitu. Irakurlea historian murgiltzea da, azken finean, nahi duguna.
Bada lehenago ere Amaiurko gazteluari buruzko libururik argitaratuta. Zein da zurearen berritasuna?
Lortu dugun dokumentazio guztia. Erdi Aroan gazteluak izandako aldaketez, esaterako, ez zegoen informazio askorik. Bataila famatuaren ondoren ere bizitza bat izan du gazteluak, eta hori ere bildu dugu, eta batailako bertako hainbat datu berri lortu ditugu; hildakoak non ehortzi zituzten, setioa nolakoa izan zen, barruan ziren hainbatek nola egin zuten ihes gauez... Guztiz ezezagunak ziren gauza franko bildu dugu.
Amaiurko gaztelutik abiatuta Nafarroako historiari begiratu diozue, eta alderantziz. Oso atzetik hartu duzue gazteluaren historia horretarako.
Erromatar garaitik hasita, pentsa ezazu. Ez da gauza ziurra, baina erromatar bideei begiratuta, Amaiurtik bideren bat pasatuko zela ondorioztatu dugu. Begiraleentzako dorreak izaten ziren bide bazterretan, maiz, eta, hain zuzen ere, Amaiurko gaztelua, Ainhoako ordainlekua eta abar zeuden. Itxura guztien arabera, oso aspalditik dago hor Amaiurko gaztelua.
Gazteluak izandako aldaketak ere bildu dituzue. Gaztelutik oroitarri bihurtu zenerako ibilbide guztia.
XVI. mendean, XVIII. mendean eta XX. mendean izandako aldaketak ageri dira liburuan, bai, baita XX. mendean egindako oroitarriaren historia ere, eta XX. eta XXI. mendeko indusketena.
Gaztelua nola desegin zen ere ez zegoen oso garbi.
Ez, eta zenbat hargin, zenbat bolbora eta zenbat denbora behar izan zuten jakin ahal izan dugu. Tunel moduko bat egin zuten gazteluaren erdiraino, eta barruan bolbora jarri zuten. Ordurako, jadanik, harginek oinarriak hautsi zizkioten gazteluari, leherketarekin errazago eror zedin.
Nafarroako historia oraindik idazteke dagoela esan du Pedro Esarte historialariak aurkezpenean.
Datu asko ezezagunak dira oraindik, eta historia asko dago idazteke oraindik, bai. Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurreneko ekitaldiak gero eta hurbilago daude, eta garrantzitsua da, horregatik, gertatu zena argitara ematea. Egungo egoera politikoetatik abiatuta egiten den historia bat ere badago, alde batetik eta bestetik. Gure asmoa, ordea, liburua egiaren bidean joatea da. Errealitatea nolakoa zen jakitea. Nik badakit Nafarroako Gobernuak liburua zaborretara botako duela, eta serioa ez dela esango duela, beti esan ohi duenez, baina gure ustez egia da dioguna.
Nola ziurtatu?
Bi modu daude liburuak egiteko. Bibliografia erabiltzea da haietako bat, eta bestea iturri primarioetara jotzea da. Guk iturri horiek ditugu oinarrian, eta iturri primarioek ez dute engainatzen. Hemen ez dago iruzurrik.
Garai hartako dokumentu horiek bere horretan gehitu dituzue, gainera, liburuaren bukaeran, eskutitzak ere gehitu dituzue.
Lehen aldiz egin dugu hori. XVII. eta XVIII. mendeko gazteluaren historiaz gauza gutxi genekizkien orain arte. Bagenekien zerbait Erdi Aroaz, bagenekien oroitarriaren eraikuntzaz, bagenekien batailaz... Baina ez zen gehiegi sakondu ildo horretan, eta datu esanguratsuak bildu ditugu. Zenbat eta gehiago jakin Nafarroako historiaz, orduan eta hobe.
Gaztelua nolabait ere berreraikitzea interesgarria izan daitekeela diozu.
Bide horretatik jo behar litzateke, nire ustez. Zati batzuk konpondu, berregin eta gotorleku guztia zeharkatuko lukeen ibilbide didaktiko bat sortzea interesgarria litzateke. Erdi Aroko eraikuntzaren hondakinetan gelditu, eta orduko bizimodua azaltzea, eraikuntza lanak nolakoak izan ziren zehaztea... Eta hori garaiz garai. Ordu eta erdiko ibilbide moduko bat, jendeak historiari buruz jakin dezan, eta historia hondakin soiletan gera ez dadin.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
