TARTEA;2009-01-21;EZARIAN. SAN SEBASTIAN EGUNA. Danborrari festa. Burrunba hotsarekin jai giro ederrean joan da festa bai Donostian bai Azpeitian. Euria gorabehera, nagusien gauerdiko desfileen ondoren haurren danborradek ere hartu zituzten kaleak.
Burrunba hotsarekin jai giro ederrean joan da festa bai Donostian bai Azpeitian. Euria gorabehera, nagusien gauerdiko desfileen ondoren haurren danborradek ere hartu zituzten kaleak.
Danborrari festa
Irune Lasa
Donostia
Egun handia zuten atzo Donostian. Eta asmoa sendoa zen: ez zen euria izango jaia eragotziko zuena, inondik ere. Eta eragozpen izan beharrean eguraldia lagun izan zuten gauerdian behintzat, bandera igotzeko ekitaldia ateri zela joan baitzen. Ohi bezala, jendez lepo bete zen Konstituzio plaza eta San Sebastianen Martxarekin, danborren hotsa Donostiako kaleetan barreiatu zen Iriarena, Tatiago, Polka eta Dianaren doinuak ere baliatuz, soldadu dotore eta sukaldari dotoreen eskutik. Atzoko gaua berezia izan zen Juan Mari Abad Gaztelubideko danbor nagusiarentzat, lan hori betetzen zuen hamabosgarren eta azken aldia baitzuen.
Azpeitian ere (Gipuzkoa), egun handia izan zuten, besteak beste, Helduen Danborradak mende erdia bete zuelako, baita Gastadoreen taldeak ere. Gastadore izan direnek eta egungoek igo zuten bandera jaiari hasiera emateko.
Urola aldean ez zuten horren zorte handirik izan eta euria Donostia aldean baino gehiagotan agertu zen. Hala ere, gauerditik eguerdira jendetza ibili zen bai Azpeitian bai Donostian, eta gero ere. Eguerdiarekin batera haurrei ere danborra jotzeko txanda iritsi zitzaien. 500 inguru atera ziren Azpeitian, 11 taldetan banatuta. Donostian, berriz, 4.705 haur izan ziren desfilean danborra jotzen, 52 konpainiatan banaturik.
Milaka haur Donostiako erdigunean desfilatzen zebiltzala, Udaletxean Urrezko Danborra hunkituta jaso zuen Iñigo Olaizolak, Donosti Cup-en antolatzaileak. 18 urtean, haurrentzako futbol txapelketa horretatik 48.000 gaztetxo igaro dira, 12.000 laguntzailerekin batera. Urrezko Danborra «urrezko talde bati» zegokiola esan zuen Olaizolak.
Euria gorabehera, eguraldiari jai giroa eta danbor hotsa nagusitu zitzaizkien Donostiako kale eta auzoetan, gauerdian Union Artesana elkarteko danborrariek zuzendutako ekitaldian bandera jaitsi zen arte. Dena den, ez ziren Azpeitia eta Donostia izan San Sebastian eguna ospatzen bakarrak; Nafarroaren ere jaiak izan dituzte, Lakuntzan eta Tafallan.
Ia 5.000 haurrek osatu zuten aurtengo Donostiako Haurren Danborrada. Eguraldia lagun izan zuten ia amaierara arte, baita gurasoen hunkidura ere.
Handia txikiena
I. Lasa
Donostia
Danbor hotsak, koloreak eta urduritasuna eguzkipean. Alderdi Ederren hotz bazen ere, eguraldia lagun izan zuten atzo Donostiako haurrek danborradaren abiapuntuan. Guztiak pozik, eguraldi iragarpen guztiek esandakoa ez zelako bete (euria baitzuten emana atzoko egun guztirako). Baina eusten zion eta protokolozko agurren ondoren, eguerdiko hamabietan puntu-puntuan abiatu zen desfilea, dotore-dotore Napoleonen garaiko uniformeekin jantzitako ia 5.000 haur zaratatsurekin.
Bide guztian jendetzak egiten zion pasabidea zaldizko Igeldoko gastadoreek zabaltzen zuten desfileari. Hernani eta Andia kaleen artekoa zuten igaro beharreko lehen bidegurutzea, eta, hara iristean, ikustekoak ziren lehen konpainiako, Euskal Billerako, gastadore eta kantineren aurpegiak, beste konpainia guztietakoak bezala. Txikienak izan ohi dira lan horretan ibiltzen direnak eta serio zihoazen, zerbait serioa egiten ari zirela jabetuta.
Eta izututa ere bai; elkarrengana kuzkurtzen ziren babes bila, haiei begira zegoen jendetza ikusita. Mutiko bat negarrez ere bazetorren kapelu erraldoi baten azpian, aizkora ezkerreko eskuan eta begiralea eskuinekoan; emakume bat hurbildu eta makurtu zitzaion arte. Begiraleak galdetu eta haurraren ama zela jakin zuen; hura lasaitua haurrak... eta begiraleak.
Danbor eta barrilek esperientzia eta lasaitasun handiagoa agertzen zuten. Irribarretxo urduriak 25 metro desfilatu ostean, irribarretxo bihurri bilakatzen ziren. Algarak ere baziren, batez ere, euren buru gainean telebista kamera haiei begira zutela jabetzen zirenean, «Eoo!» agurtzen zuten kamera, makilak airera astinduz. Kamerak goian eta kamerak behean, haurrak adina bideo eta argazki kamera baitziren danborradaren ibilbide guztian. Gorde beharreko uneak, zalantzarik gabe, pentsatuko zuen alaba bideoan hartu berri zuen aita harroak.
Zaldizkoak ziren ezbairik gabe, ikusmin handiena zabaltzen zutenak ibilbidean zehar. Etsipen puntu bat zuen lasaitasunarekin zihoazen zaldi eder askoak, jeneral, dama eta halakoak garraiatuz. Barreak. Aurreko konpainiako gastadore bat ere zaldiari begira geldi-geldi. Bat-batean konturatu zen bere kide guztiak gutxienez 15 metro aurrerago zeudela! Ikusleen barre artean aizkoratzarrari eta kapeluari eutsi eta korrikaldia egin behar izan zuen haiek harrapatzeko.
Zaldizkoek zabaldu zioten bidea idi pareak zekarren Easo Ederraren karrozari ere. Erain Eskibel ikastetxeko 11 urteko Maria Romay zen aurten Easo Ederra eta lasai agertu zen itsas arrainez dekoratutako karrozatik jendea agurtzen.
Bitartean hodeiek eguzkia estali eta hotza areagotu zuten, nahiz eta festa giroak bero jarraitzen zuen, danbor hots artean. Alde batera, bestera, gurasoei, balkoiei, konpainia kideei begiratzen zieten haurrekin. Bazen ilarak zaintzeko gogoratzen zien begiralerik ere. «...». «Ilara?». Segundo laurden bat irauten zuen ilararen kontzeptuak haien buruan, eta mila emozioek azpiratzen zuten berehala.
Euria hasi zen arte. Usteak erdia ustel, desfilearen erdia ateri zela egin zuen Haurren Danborradak, baina beste erdia euripean egitera behartu nahi zituen eguraldiak. Horregatik, presaka eta korrika, aurreratu egin zen danborrada ikusgarriaren amaiera. Koloreak eta danbor hotsak aterpe bila hedatu ziren Donostian zehar, urak ez baitzuen jai gogoa itzaltzerik lortu.