Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 12:59

TARTEA;2007-10-13;Askatasunaren monolitoa . 25 urte bete ditu Nafarroako Erresumaren alde borrokatu zirenen omenezko monolitoak

Askatasunaren monolitoa

25 urte bete ditu Nafarroako Erresumaren alde borrokatu zirenen omenezko monolitoak

Irene Arrizurieta

Amaiur

25 urte joan dira Amaiurko Gaztelu mendian 1522an Nafarroako Erresumaren alde borroka egin zutenak omentzeko monolitoa berreraiki zutenetik. 1982ko urrian izan zen hori; 1931n hondatu zena ordezkatu zutenean, hain zuzen. Egun hura gogoan, inauguratu zutenetik 25 urtera, festa handia egin zuten atzo Amaiurren. Eguraldi ona lagun herriko plazatik abiatuta, Gaztelurako bidea egin zuten hirurehunen bat lagunek, gaiteroen eta txistularien doinuen erritmoan. Ikurrinak, Nafarroako banderak eta arrano beltzen bat ere bazeramatzan jendeak. Behin oroitarriaren ondoan, omenaldia hasi zen.

Herriko gazte batek, idi adarrarekin deiadar eginez, omenaldiaren hasiera iragarri zuen. Txalapartaren soinuak hartu zuen lekukoa, eta txistulariek Nafarroako ereserkia jo zuten. Ez zen hor bukatu musika. 1522an Nafarroako Erresuma defendatzen aritu zirenen adorea goraipatzen duen abesti bat kantatu zuen Amaiurko Gaztelu taldeak, atzoko omenaldirako Jexux Urrutia Amaiurkoak bereziki asmatua. Ondoren, Migel Joxe Ariztia Amaiurko alkateak hartu zuen hitza. Alkateak ondoan izan zituen hainbat politikari: Virginia Aleman Baztango alkatea, Nafarroa Baiko Koldo Amezketa eta Maiorga Ramirez eta Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Jendartean Batasuneko Patxi Urrutia eta Nabarraldeko hainbat kide ere izan ziren, tartean Tomas Urzainki eta Pedro Esarte.

Amaiurko monolitoa Nafarroako independentziaren alde borrokatu zirenen alde egindako oroitarria dela gogoratu zuen alkateak. 1522ko uztailaren 15etik 19ra Nafarroako Erresuma Albret dinastiarentzat berreskuratzeko asmoarekin Amaiurko gazteluan gorde ziren 200 lagun, horien artean Juan eta Miguel Jaso, Frantzisko Xabierkoaren bi anaia. Mirandako kondeak gidatzen zituen Gaztelako tropak, eta 10.000 lagunek gaztelua inguratu zuten. «Nafarrak inguratuta, goseak eta egarriak, etsia hartu arte eduki zituzten», esan zuen. Nafarroako Erresumaren alde borrokatu ziren 200 gudariak «errespetua eta askatasuna zer diren» erakutsi zituztela azpimarratu zuen alkateak. Monolitoa askatasunaren eta errespetuaren sinbolo gisa definitu zuen Ariztiak. «500 urte joan dira askatasuna kendu zigutela, eta borrokan segitzen dugu askatasunaren aurkako erasoak jasan arren».

Ondoren, gazteluan hil zirenak gogoan, lore eskaintza egin zen eta monolitoaren eskaileran lore sorta jarri zuen Amaiurko Maria Eugenia Urrutiak. Ekitaldia, hasi bezala, musikarekin bukatu zen, txalapartarekin eta irrintzi batekin. Monolitotik jaistean, herriko plazan, Baztango mutil-dantzak dantzatu zituzten.

Ondotik, herri bazkaria egin zuten herriko ostatuan. Piperrada eta zikiroa jan zituzten otordura bildutako 150 lagun inguruk, giro paregabean.

GAZTELUAREN ZATI BAT, AGERIAN. Duela urtebete, Aranzadi elkartea indusketak egiten hasi zen Amaiurko gazteluaren aztarnak berreskuratzeko. Erdi Aroko gaztelu txikia izan zen Amaiurkoa. Lehen indusketako lanak bukatuta, gazteluko harresiaren zati bat agerian geratu zen. Aurten bigarren saioa egin du Aranzadik, eta gazteluaren hiru dorre agertu dira. Teilak, zeramikak, animalien hezurrak, txanponak eta aiztoak ere agertu dira, burdinazko tresnekin batera. Horri bi kanoi bola gehitu behar zaizkio. «Horrek frogatzen du inbasioa», azaldu du Amaiurko gazteluaren aldeko taldeko kide Jose Mari Alemanek.

Indusketak luze joko duela uste dute. Oraingoz gazteluaren %10 bakarrik azaleratu delako. Harrobi bezala erabili izan zen gaztelua, eta Aranzadikoek ez zekiten nola aurkituko zituzten gaztelua eta hura inguratzen zituzten harresiak. Oraingoz aurkitutakoa egoera onean dago. Memoria historikoa eta Amaiurko gazteluaren historia berreskuratzeko lehen pausoa dela dio Alemanek.

Nafarroako Gobernuak erabat utzia egon da eta indusketak egiteko ere ez du diru laguntzarik eman. Amaiurko Udalak, Baztangoak eta Udalbidek lagundu dute ekimena. Asmoa indusketa gaztelu guztian egitea da, ondoren herritarrentzat eta bisitarientzat erakusteko moduan jartzeko. Aranzadik indusketekin jarraituko du gaztelua eta harresia erabat azaleratu arte.

Nafarroako Gobernuak monolitoa utzi izan duen arren, haren historia gogoratzeko erakusketa zabaldu du Nafarroako Artxibategi Nagusian. Erakusketarekin monumentua berreraikitzeko egin den lana omendu nahi da. Erakusketan monolitoa berreraiki zen bi alditako hainbat informazio agertzen da: garaiko prentsan agertutako albisteak, bi berreraikitzeen inguruko argazkiak... Azaroaren 18a arte egonen da zabalik.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia