2012-08-12
Donostiako Aste Nagusia. Kanoikada
Danbatekoa ozen eta eztarriak fin
Piratek abestu eta Luis Mokoroak kanoia lehertu; horrela hasi da Donostiako Aste Nagusia. Festak eztanda egin du, eta horrela jarraituko du hiriburuak hurrengo larunbata bitartean.
Monika Juaristi Donostia
Oholtzara igo dira Piratak. Ausart, animatuta, harro. Musika Bandako kideak hasi dira instrumentuak jotzen, eta zuzendariak laster eman die Artillero abesten hasteko agindua. Aho zabalarekin abestu dute, argi eta ozen. Gazteak eta helduak, lepotik hartuta. Haurren bat ere bada tartean. Saltoka eta dantzan abestu dute. Gustura eta barrez.
Alderdi Eder leporaino beteta dago. Haurrak, gazteak, helduak... Armairuko arropa jantziena soinean hartuta, gustura daude, festak noiz hasiko. Haurrak egon ezinik daude, «aita, noiz lehertuko da kanoia?», «ama, eztanda entzun nahi dut!»... Urduri daude, belarriak tapatuta. Beste askok, piratekin batera, Artillero abesten ari dira heldu eta gazteak. Batzuk, ahopean. Besteak, altu, dantza eta guzti.
Danbor jotzaileak eta dantzariak ere ez dira falta. Alderdi Ederrera iritsi, eta udaletxe atariko terrazan jarri dira. Dantzariak batera eta bestera dabiltza, abestiaren erritmoan. Horiek ere alai. Denek dakite zer datorren.
Luis Mokoroa artilleroa prest dago kanoiari begira. Gutxi falta da, eta adi dago. Piratek, udaleko kideek, herritarrek eta gainontzekoek Artillero dale fuego abestu, eta Mokoroak zintzo egin die kasu. Metxa eskuan hartu, kanoira hurbildu, eta eztanda galanta entzun da. Sustoa lehenik, emozioa gero. Zortzi eguneko festa hasia da jada. Kanoikada inori motz geratu bazaio, eskopetak hartu eta birritan tiro egin dute.
Festa aurretik ere, giro aparta
Kanoikadaren aurretik, festa giroak hartuak zituen hiria eta hiritarrak. Lan hori hartu zuten The Joselontxo's, Los Bebes de la Bulla, Skandalue Elektrotxaranga, Taupada Batukada, eta Mac Jeara's Band Beach taldeek. Kaleetatik jendea hartu eta Alderdi Ederrera eraman zuten, kanoikada bertatik bertara ikusteko. Banan bana sartu ziren jende artera, eta azkeneraino jo eta jo jarraitu zuten, piratak abesten hasi arte.
Eztanda entzun da jada. Emoziotik apur bat lasaituta, martxan jarri, eta kalerako bidea hartu dute. Jendeak ere, beste hainbeste egin du. Baita erraldoiek ere. Bulebarreko errepideak oinezkoen bidea dirudi, baita beste kale askok ere. Txoko guztiak jendez gainezka daude. Festak dira, eta ez da etxera joateko aitzakiarik. Aste Nagusia hasi da, eta ekitaldiak nonahi daude. Bakoitzak bere plana du: batzuk Kursaal aldera jo dute, Musika Hamabostaldiaz gozatzera, beste askok, Alde Zaharreko tabernetarako noranzkoa hartu dute eta beste hainbestek, sagardo azoka aukeratu dute. Lehen aldiz zabaldu dute, eta jakin-mina da nagusi hiritarren artean.
Kontzertuak ere hasi dira. Udaletxe alboko eszenatokian hasia da lehenengoa, eta jendea, animatuta dabil dantzan. Aldameneko txosnan ere, zerbitzariek ez dute atsedenik.
Beroa eta festa. Haurrek izozkia, eta helduek edaria eskuan dutela, murgildu dira denak festan, eta hala jarraituko dute zortzi egunez.
Egitaraua
GAUR
• 09:00-13:00/15:00-19:00. Aste Nagusiko II. Hondartzako Errugbi Txapelketa, Zurriolako hondartzan.
• 10:00-19:00. Aste Nagusiko IV. Jauzi Lehiaketa: oztopo jauziak, Loiolako Hipikan.
• 10:00-20:00. Hondartzako Boleiboleko Herri Txapelketa, Zurriolan.
• 11:00. Jaigiro martxa bizikletan eta patinetan, familia guztiarentzat. Irteera eta amaiera, Saguesen.
• 11:00. Puzgarriak eta ludoteka, Zuloaga plazan.
• 11:00-14:30/16:00-20:00. Puzgarriak eta ludoteka, Okendon.
• 12:00. Donostiako Soka orkestra, Hirutxulo plazan.
• 13:30-14:30. Joe la Reina: folk musika, Kursaaleko terrazan.
• 17:15. Zaldi lasterketak, Donostiako hipodromoan.
• 17:30. Ecoxoc: haurrentzako festa, Zuloaga plazan.
• 18:00. Duo Do Portu taldearen kontzertua, Vinuesa plazan.
• 18:00. Haurrentzako tailerra. Maushuas. Munduko arkitekturak: Asia. Kursaaleko Zurriola terrazan.
• 18:30. Erraldoiak eta buruhandiak, Zurriola pasealekuan.
• 18:30. Deiadar txaranga, Zurriolako pasealekuan.
• 18:30. Los Bebes de la Bulla fanfarrea, erdialdeko kaleetan zehar.
• 18:30. La Moda: folk-rocka, Parte Zaharreko kaleetan.
• 19:00.Zangozako Udal Musika Banda, Bulebarreko kioskoan.
• 20:00.Kresala Dantza Taldea: folklorea, Konstituzio plazan.
• 21:00-22:00.Joe la Reina: folk musika, Kursaaleko Urumea terrazan.
• 22:00-01:30. Las Chicas del Pastel: DJ gaua, Kursaaleko terrazan.
• 22:45. Su Festen 49. Nazioarteko Lehiaketa, Kontxako badian. Lieto Fireworks su etxea (Italia).
• 23:30. Zezensuzkoen entzierroa. Ibilbidea: Londres hotela, Askatasunaren hiribidea, Miramar, Andia, Hernani eta Bulebarra.
• 23:30.Saltoka: erromeria, Konstituzio plazan.
• 23:30. Tsunami orkestra: dantzarakoak, Easo plazan.
• 23:30. La Moda: folk-rocka, Bulebarreko kioskoan.
• 23:30. Ganso & Cia-ren Medio Pelo antzezlana, Gipuzkoa plazan.
• 23:45. Esne Beltza, Saguesen.
Donostiako Piratek La Flamenka gunea inauguratu dute txupinazoarekin
Urte osoa festak prestatzen igaro ostean, Donostiako Piratek Aste Nagusiaren hasiera ospatu zuten La Flamenka gunean, kaian. Pirataz jantzirik ongietorria eman zieten Santa Klara irlatik etorri ziren Ezkila eta Matti piratei. 21:30ean ireki zuten ofizialki egitaraua, suziria botatzearekin batera. Hurrengo igandea bitartean ekitaldi egitarau zabala prestatu dute piratek, hala nola, karaokea, antzerkiak, musika emanaldiak eta haurrentzako jolasak, besteak beste. Donostiako jaien hasiera ofiziala ospatu ostean, Trinitate plazan afaldu zuten piratek. Indarrak berritu, eta jaien lehen ekitaldiez gozatzu zuten. NiMu eta Primo taldeen musika emanaldiek girotu zuten piraten txokoa. DJ gune bat ere prestatu zuten. Jarraian, 3gabe2 taldeak jo zuen, La Flamenka gunean.
Piratek antolaturiko ekitaldien artean ospe eta jende gehien biltzen duena Abordatzera! da. Bihar 08:00etan hasiko dira baltsak muntatzen, eta 17:00etatik aurrera abiatuko dira kaitik Kontxako hondartzara bidean. Nola ez, indarrak berritzeko aukera ere izango dute ondoren Trinitate plazako afariarekin.
Piraten txokoa
GAUR
• 10:00. Motor erakusketa MotoVespa Club Valeren eskutik, Gipuzkoa plazan.
• 11:00. Piraten gunetik irteera Urgullera, Igeldoko trikitilariekin.
• 12:00. Karaokea.
• 12:30. Bazen Behin Klown antzerki taldearen Maria Macossi antzezlana.
• 13:30. Bertso saioa.
• 14:30. Herri bazkaria.
• 16:00. Jolasak guraso eta umeentzat.
• 20:30. Afariak Trinitate plazan.
• 23:00. Trakets.
• 23:00. Trifulca Posse.
Egunero sagardoa dastazeko aukera izango da Sagardo Azokan. / EKAITZ AGIRRE
Sagardo Azoka Katalunia plazan
Sagardoaz gain, eskaintza gastronomiko oparoaz eta ikuskizunez ere gozatu ahalko da I. Sagardo Azokan
Adrian Garcia Donostia
Aspaldi itxi zuten sagardogileek txotx denboraldia. Hala ere, hasi berri den Donostiako Aste Nagusian sagardotegi giroaz gozatu ahal izango da, festa giroan. Izan ere, Gorenak zigiluaren sustatzaileek, Euskal Herriko Sagardo Mahaiak, jai giroan murgildu eta gastronomiaz gozatzeko gonbita luzatu dute. Atzotik hasita eta jaiak bukatu arte, sagardo eta txuleta usainak beteko du egunero-egunero Gros auzoko Katalunia plaza 19:00etatik aurrera. Bapo jan eta edateaz gain, lehenengo sagardo azokan zuzeneko ikuskizunak ikusteko aukera ere izango da.
Sagardo Azokaren lehen eguna atzo izan bazen ere, gaur egingo dute inaugurazio ofiziala, 19:00etan. Han izango dira, besteak beste, Juan Karlos Izagirre alkatea, Josu Ruiz alkateordea eta Aitor Ibero kabinete burua.
Punta puntako sagardoaz gain, eskaintza gastronomiko zabalaz gozatzeko aukera izango du Katalunia plazara gerturatzen denak. Bi gune desberdin prestatu dituzte: lehenengoan eserita afaltzeko aukera egongo da. Bigarrenean, berriz, sagardotegi askoren antzera, zutik afaltzeko mahaiak daude. Pintxoak, errazioak eta postrea egongo dira aukeran. Edateko, berriz, hamahiru sagardo ezberdin aukeran, botilatik. Sagardo denboraldian egiten den bezalaxe, upeletik bertatik sagardoa hartu nahi duenak ere izango du horretarako aukera, lau upel jarri baitituzte.
Bapo jan eta edan ez ezik, zuzeneko emanaldiak egingo dituzte horretarako espresuki prestatutako agertokian. Txapalapartariak, dantzariak, otxoteak eta bestelako sorpresatxo batzuk prestatu dituzte antolatzaileek.






