Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 17 - 14:30

2012-03-30

Mendia. Pirinioak

Arrastoa Marbore dorrean

'Izarren hautsa' bidea ireki dute Pirinioetako Marbore dorrean Ekaitz Maizek eta Asier Lukek; 300 metroko bidea da, eta 7a zailtasuna du. Horma hartan irekitako bigarrena du Maizek.

Ekaitz Agirre

Ekaitz Maiz, Izarren hautsa bidean gora. / ASIER LEKUE

Pirinioetako Marbore dorrean Agur eta ohore bidea ireki zuten iazko udan Antton Zabalak eta Ekaitz Maizek. Mendiaren ipar horma erditik eta modu zuzenean zeharkatzen zuen bideak. Marboretik bertatik beste proposamen bat dakar orain Maizek. Asier Lekue izan du oraingoan sokalagun, eta dorrearen ipar horma eskalada eremu. Izarren hautsa da martxoko lehenengo egunetan egindako eskaladaren emaitza dotorea.

Urte erdian Marboren irekitako bigarren bidea du Maizek (Etxauri, 1980). Bi bideek apenas duten ezaugarri komunik, baina ezinbestean daude elkarri lotuta. Biek dute Marbore dorrearen ipar horma jolas eremu. Hori bai, halako eskalada batean udaren beroak eta neguaren hotzak zerikusi gutxi dute, eta kasu honetan baita bi bideen zailtasunak ere. Agur eta ohore-k 8a mailako luzea zuen zailtasun gorena, eta 7a mailakoa luzerik errazena. Ekaitz Maizek eta Asier Lekuek 7a zailtasun hori bera iradoki dute Izarren hautsa bidearen luzerik gogorrenarentzat.

Martxoko lehenengo egunetarako iragarritako antizikloia izan zuten irteera antolatzeko akuilua. Bi aste baziren elurrik apenas egin gabe. Aukera ezin hobea bidea irekitzen saiatzeko. Hilaren 1ean, osteguna, Gavarnieko eski estaziotik irten ziren oinez Lekua eta Maiz, 30 kiloko fardela gainean zutela. Dorrearen azpialdean gaua pasatzeko eta bibakeatzeko asmoa zuten. Sarradetseko aterpetxera nekatuta iritsi ziren, ordea, eta aurrera jarraitu baino nahiago izan zuten han geratu atseden hartzen.

Larunbaterako eta iganderako elurteak iragarri zituztenez, egun bakarreko saio baten aldeko apustua egin zuten. Ostiralean eskalatzen hasi eta bukatu nahi zuten. Ederki atera zitzaien, 15 orduko tartean Sarradetsen baitziren bueltan, bidea ireki eta eskalatuta.

Hiru eguneko jarduera

Eskalada egun bakarrean egin arren, hiru eguneko jarduera izan zuten. «Ahalik eta azkarren, eta horman ahalik eta txapa gutxien jarriz igo nahi genuen. Taladroarentzat hiru bateria baino ez generamatzan, eta bileretan 10x90 milimetroko paraboltak jarri genituen; bizi ibili ginen, atera kontuak. Estiloari dagokionez, librean igo genuen guztia, eta parabolt bat jartzen genuenean soilik zintzilikatzen ginen, mailuaren eta taladroaren sokak ongi jarri eta materiala ordenatzeko», azaldu du Ekaitz Maizek eskalada.

Goizeko lauretan jaiki eta jarri ziren hormaren beheko aldera bidean oinez. Eskalatzen kopetako argiaren laguntzarekin hasi ziren, eta beherako bidean egin zuten azken rapela ere kopetako argiaren laguntzarekin egin zuten. Handik oinez itzuli ziren Sarradetseko aterpearen babesera. Nekeak jota, baina gustura egindakoarekin. Bigarren eguna bidea ireki eta eskalatzeko baliatu ondoren, larunbata autoraino itzultzeko izan zuten. Handik Etxaurira buelta, lagunen ongietorria jaso eta bizipenen berri ematera.

Marboreko dorrea ez da Gavarnieko eta Ordesako parajeetan den mendirik ezagunena. Perdido, Taillon, Astazou eta beste hainbaten itzalean geratzen da. Horregatik, akaso, dorrearen hormetan irekitako bideak. Neguan besterik ez zen orain artean ireki, eta Maiz eta Lekue izan dira egiten aurrenak.

300 metro eta zazpi luze ditu Izarren hautsa-k. Zazpigarren luzeak Ravier bidearekin bat egiten du, eta handik gora horrtik jarraitu daiteke. Jean eta Pierre Ravier anaiek Pirinioetako hormarik esanguratsuenetan arrastoa utzi zuten. Ekaitz Maizek eta Asier Lukek beraiena utzi dute Marboreko dorrearen ipar horman.



 

Ekaitz Maiz. Eskalatzailea

«Esentziatik gertuen dagoen eskalada iruditzen zait horma handietakoa»

E. Agirre

Urteetan kirol eskaladako bideak irekitzen, prestatzen eta eskalatzen trebatu da Ekaitz Maiz, Etxaurin batez ere. Pirinioetako mendietan ere hasi da arrastoa uzten; Marbore dorrearen ipar horman bi bide ireki ditu urte erdiko tartean.

Iazko udan Agur eta Ohore ireki zenuen, Antton Zabalarekin; Izarren hautsa orain, Asier Lekuerekin. Marbore dorreak harrapatu al zaitu?

Baietz esango nuke. 2010ean eskalatu nuen han lehenengo aldiz, eta etengabeko proiektu iturri bilakatu zait. Dorrea dagoen tokia, haitzaren kalitatea, horma horretan hain bide gutxi egotea... Eskaladarako joko handia ematen du Marboreko dorreko ipar hormak. Gainera, orain arte behintzat, oso toki lasaia da, eta kirol eskalada eskoletan pilatzen den jendetza kontuan hartuta izugarri eskertzen da lasaitasun hori.

Nolako bidea da Izarren hautsa?

Paretak eskaintzen dituen puntu ahulak baliatuta ireki genuen bidea; diedroak, fisurak, babaresak... ditu zatirik gehienetan, eta horiek bukatzen direnean datoz mugimendurik zailenak. Aurtengo neguan Gavarnieko hirugarren hormara bi aldiz igo nahiz, eta begiak Marboreko hormara joaten zitzaizkidan. Goiko aldean dituen desplomeetan zer ote zegoen? Bertan egon arte ezin jakin.

Zer izan zenuten gogorrena?

Eskaladaren zailtasunen gainetik, hotza, paretara fardela igotzea eta fardela paretatik igotzea izan ziren oztopo nagusiak. Eskaladari dagokionez, dena oso ondo atera zitzaigun. Bidea makina bat aldiz ikusita neukan, eta nahiko azkar igo zitekeela uste nuen. Hala izanik ere, kopetako argia baliatuz hasi ginen eskalatzen, eta kopetako argiarekin egin genuen azken rapela.

Agur eta ohore eta Izarren hautsa bideen artean, zer desberdintasun dago?

Nahiz eta gertu dauden, erabat desberdinak dira bi bideak. Agur eta ohore-k apenas duen seguru flotanteak jartzeko aukerarik, eta ezinezkoa izanen zen bide hori espantsiborik gabe irekitzea. Izarren hautsa guztiz kontrakoa da, seguru flotanteak jartzeko oso aproposa. Zailtasunari begira ere azkar ikusten da bideek ez dutela zerikusirik. Agur eta ohore-ren luzerik errazena Izarren hautsa-ren luze zailenaren pare dago.

Eta udan eta neguan eskalatzearen artean?

Bi urtaroek ez dute zerikusirik. Hormara iristea udan paseo bat izan daitekeena neguan abentura bat da. Eta eskalatzeko baldintzei dagokienez, zer esanik ez. Neguan ezin zara denbora asko geldirik egon, hotzak jan egiten zaituelako. Halere, neguak alde on bat badu: pareta lehorra dago. Udan dorreak gainean duen elur pilatuak pareta blai uzten du, eta zaila da egoera onean aurkitzea. Neguan, goiko aldea izoztuta dagoenez, harkaitza lehorra dago, egoera ezin hobean.

Pirinioetan hasi zara bideak irekitzen. Zer ematen dizu horrek?

Sekulako betekada! Halako hormetan bideak ireki eta kateatzeak izugarri motibatzen nau. 30 kiloko fardela hartu eta bost orduz mendian gora igotzeko, gogo eta motibazio handia behar da. Kirol eskaladako bideak ekipatu eta kateatzea izugarria bada, 200 edo 300 metroko horma handi batean bide bat ikusi, ireki eta kateatzea ikaragarria da. Halako parajeetan eskalatzea... eskaladaren esentziatik gertuen dagoena da nire ustean.

Harri gosea ikus-entzunezkoa ari zara aurkezten Euskal Herrian. Zer bildu duzu bertan?

Harri gosea lanean azken urteetan eskaladan egin ditudan gauzarik adierazgarrienak azaltzen ditut. Nire eskaladarekiko ikuspegia azaltzen saiatzen naiz. Gaur egun oso hedatuta daude entrenamendu planifikatuak, zailtasunaren koskak azkarrago gainditzeko azalpenak... Ni ere horietatik pasatu naiz, baina eskalada zailtasunaren ikuspegia baino askoz ere gehiago da. Eskaladaren aldaera guztiak, edo ia guztiak, azaltzen ditut.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia