Berria.info

Osteguna, 2014ko apirilak 24 - 09:22

2012-02-18

Koldo Izagirre. Idazlea

Zertarako idatzi, zer edo zer berri ez saiatzekotan?

Duela 35 urte inguruko Pasaiako portualdeko girora eraman du Koldo Izagirrek 'Egarri egunak portualdean' nobelaren irakurlea, kontatzen ari denak eskatu dion idazkeraren bidez, jakinik kontatzen duena ezin izango lukeela beste modu batez kontatu

Miel A. Elustondo Pasaia

ZALDI ERO

Nobela berria ekarri zuen udazkenean, Egarri egunak portualdean (Susa, 2011). Lehenengo paragrafotik ernai da irakurlea, nola etorriko bigarrena. Garai bat kontatu du idazleak bertan; bestela idazten ez dakien idazlearen asmo estetikoa jarri digu agerian. Beste behin.

Irakurri dizugu nobela. Hasi orduko, lehenengo kolpea. Idatziaren nolakoa. Bertigoa eragin diola esan dit irakurleak.

Bada, sentitzen dut, benetan. Jasangarria ez den kontaera bat erabili dut agian, zorabiatu egiten duen estilo batek sortuko zion bertigoa. Baina esadazu: nola kontatu behar da buruaren bila dabilen gazte sentibera baten historiaren une gogor bat egoera politiko gogor batean? Nik ez dut beste modurik aurkitu, baina horrek ez du esan nahi beste modurik ez dagoenik. Modu asko egon litezke.

Jakinaren gainean nengoen. Esan ere zidaten: Inork ez du idazten Koldo Izagirrek daukan intentzionalitate estetikoarekin, hizkuntza poetikoari eta narratiboari buruz egina duzun gogoetaz ari zitzaizkidan.

Irudi xume bat besterik ez dut eman, prosa ezin dela hitz lauz egin, poesiak bezala prosak ere bere gailurrak eta bere amildegiak dituelako, bere aldapak… Hitz lauak narratiba laua dakar. Narrazioa ere neurtitza da, sekulakoa gainera, poeman ez bezala dimentsioek arrisku guztiak anizten dituztelako. Nik ez dut ezagutzen intentzionalitate estetikorik gabeko idazlerik, benetako idazlerik. Literatura neurtitza da, hitza neurtzea, hitza neurriz ematea. Eta hori ezin da lortu ahalegin estetiko handi baten buruan ez bada. Idazlea hitzaren neurtzailea da.

Egileak han edo hemen esana du: Zer edo zer egin nahi eta ematen ez. Begia luzeago hestea baino. Lerroko. Lanaren zailaz ari zara, zenbat kostatu zaizun Egarri egunak portualdean idaztea.

Ez, hori esanda neure ezintasunez ari naiz. Zailtasuna norberaren ahalen araberakoa izaten da. Izaten ditut horrelako makalaldiak idazten ari naizela, dena desegin eta berriz hasi beharra. Aski nekatua amaitzen dut. Erraz samar ahazten dut egindakoa publikatutakoan, eta hori mesedegarria zait. Baina egia da, oro har, idaztea ez dela samurra, hitz berak forma desberdinak hartzen dituelako materialaren arabera, hitzak zuztarrak dauzka, kokatzen dugun inguruabarretik elikatzen da… Eta neurtzen jakin behar da hura ere; ni, behintzat, obra berri bakoitzeko hasten naiz idazten ikasten.

Gorka Arrese editorearen hitzak: Nobela hasten da kantari baten hileta omenaldi batekin, non istilu handi bat sortzen den, egoera oso bortitz bat... eta horrek... detonante gisa funtzionatzen du flash-back handi bat egiteko 1977. urtera. Eta mutil horren eta bere lagunen ibilaldiak kontatuko ditu, Pasaian… eta tar-tar-tar. Nola eragiten dio arestian ibili dugun ahalegin estetikoak nobelaren gaiari?

Nola islatu gizaki berria eta gizarte berria sortu nahi zituen gazteriaren lana, borroka, bularra, beldurra, ausardia, ilusioa? Denok miresten genuen [Jose Luis] Zumeta, gure sinbolo bat zen. Begira, ez dut nobelan sartu: ferryaren geltokian kafetegia zegoen, eta hara joaten ginen askotan, poliziaz betea egoten zen arren, Zumetaren mural handi zoragarri bat zegoelako hantxe. Hari begira laketzen ginen. Mural hura idatzi nahi nuen. Eta murala aipatuta… Zeramikazkoa zen; nonbait egongo da metatua, desmontatu egin zutelako geltokia suntsitu aurretik. Gaitzerdi, beraz.

Gorka Arrese, oraindik: Franco hil osteko urte berri haietan: garai eferbeszente hura, kultur ekintzetarako antsia, lana, greba, sindikatua, iraultza eta-edo politika, sexu grina etengabea, klaseen arteko talka, pankarta, atentatua, ihesa, mundu berri baten konstrukzioaren ilusioa baina, baita ere, estilo berri baten konstrukzioaren irrika. Estilo berri baten konstrukzioaren irrika. Estiloa bat bera zait beti zure lanetan, eta, aldi berean, beti berri.

Zertarako idatzi, zer edo zer berri ez saiatzekotan? Nolabaiteko berritasunen bat behar da beti idazteari ekiteko. Edozein mailatakoa. Akuilu hori behar dugu. Eta irakurleak ere bai, nire iritziko. Nik esango nuke aberasgarriagoak genituzkeela istorio bera molde desberdinez kontatuko liguketen hamar nobela, ehun istorio desberdin molde beti beraz kontatzen digun nobela mordo hori baino, titulu diferentez eta autore diferentez behin eta berriz publikatzen den nobela errepikatu hori baino, esan nahi dut. Alegia, milaka istorio horiek baino, istorio bakarra mila moldez. Literatura, hori da. Bestea probabilitate kalkulua da.

Hori ez al da harako Raymond Queneauren Estilo ariketak hura?

Arraioa! Egia da! Edozer gauza esaten du batek… Ni ez naiz gauza nobela hau beste modu batean idazteko, baina ez nuke esango kontatzeko modu bakarra daukanik. Dena kontatu liteke desberdin, eta horixe da literaturaren funtsa… Liburua, ez al zen estilo harriketak?

Zer duzu administrazio hizkeraren kontra, pedagogiaren aurka?

Dena, burua, bihotza… Ez nuke ukabiletara iritsi nahi.

Zinematografikoa iritzi diozu nobelari. Zer dugu, Ke arteko egunak (bis), Antxon Ezeiza gabe?

Ez kasurik egin nire esanari, beste zerbait esan nahi nuen zinematografikoa hitzarekin. Eszena eta eszenario ugari dituela nobelak, dena ez zela estiloa, horretaz hasi baitzitzaizkidan. Haur normala zela esan nahi nuen. Zinematografikoa aipatuta, bada, asekiblea zela adierazi nahi nuen, gaur inposatu den zinematografia bezain laua ez noski, baina irisgarritasun arauak betetzen dituena. Alegia, produktua saltzen ari nintzela. Aurkezpenek horixe daukate.

Ez da lan autobiografikoa, zeuk esana, aurkezpenekoan. Esan beharra al dago?

Galdetu egiten diguzue eta erantzun egin behar dizuegu. Protagonistak idazteko ahalmena daukanez interpretatu liteke idazlea bere burua ari dela erakusten. Inportantea da hori ez dela horrela argitzea, 1977 inguru hartan idaztea, margotzea, kantuak sortzea, gitarra jotzea gazteriaren marka zirelako, eta kontzientzia politikoak kontzientzia estetiko bat zekarrelako, eredu zaharrekiko apurtzailea eta munduaren ildoan joanzalea. Denok idazten genuen orduan; ez geneukan Internetik, baina bagenekien mundua desberdina zela, eta ez geneukan dirurik mundura irteteko. Sekulako premia zegoen idazteko, dena esateko zegoen, dena zen salagarria.

Urte berezia izan omen zen 1977ko hura. Ba ote? Aurreko eta ondoko urteak ez ote ziren berdin izan berezi?

Oker ez banago, Madrilgo abokatuen hilketa, Atotxako sarraskia, urte hartan izan zen, eta diktadura kriminalago bat espero genuen egun haietan. Aurreko eta ondoko urteak ere ez ziren samurrak izan, baina 1977ak eduki zituen berezitasun batzuk ni bizi nintzen eskualdean: amnistiaren aldeko greba gogorrak, hildakoak, tiroketak, bahiketak, alderdi politikoen agerpen publikoa, ezker abertzalearen finkatzea… Askatasunaren Ibilaldia ere urte hartan egin zen… Data bat jarri nahi nion, bestalde, inozentziaren galtzeari. Iraultzailea politiko bihurtu zen urtea izan zela esango nuke nik.

Gaztigatu didate, ez da neuk deskubritua. Nobelan ez da emendiozko juntagailu eta-rik batere. Ezta ETArik ere. Baina bai LAB. Guardia zibilen presentzia itogarria, bestalde. Eta zure protagonisten ahotsean, eztabaidaren beroan, baten aldarria: Momentu honetan, politika zuzena borroka armatua duk!

Ez dago inolako azpimezurik eta juntagailurik ez egote horretan. Hasi nintzen idazten eta badakizu, errepasatu egiten dugu tarteka… Konturatu nintzen oso juntagailu gutxirekin ari nintzela narratzen, eta erabaki nuen saio bat egitea, ea posible zen narrazio luze samar bat batere juntagailurik gabe irakurgarri idaztea. Halaxe egin nuen, eta pozik geratu nintzen emaitzarekin; gezurra badirudi ere, posibilitate berriak ireki zizkidan, diziplina areagotu zidan eta xeheki errepasatu behar izan nuen behin eta berriz, kadentziak antolatzen. Ez dago eta bakar bat testu osoan, ezta partizipio bezala kamuflatutakorik ere. Ez dakit nork edo nondik gaztigatu zaituzten horretaz, banatzailearen filtrazio publizitarioren bat izango da agian, baina inportanteena da zuk irakurri egin zenuela eta ez zinela ohartu. Beraz, ez zenuen behar. Estiloak eraman egin zaitu. Hori ote da bertigoaren kausa?

Egarri politiko, sozial eta era askotakoen artean, izan zen GazteArtea? Zer izan zen? Harenak dira nobelan kokatuak dituzun pintaketak? Irudi poetikoak gertatu zaizkit behin baino gehiagotan...

Ez izen horrekin, baina bai, izan ziren horrelako kolektiboak. Oso lan ederrak egiten zituzten, mural ikusgarriak. Poemak ere argitaratzen zituzten bertako aldizkarietan. Politizatuak eta kontzientzia artistiko handiarekin, independenteki jokatzen zuten. Gure inguruetan Barro zeukan izena inportanteenak. Paretak errekisatzen zituzten artearen bidez, indar sinboliko hori zeukaten margo haiek. Poemak ere publikatzen zituzten aldizkarietan. Jende ona zegoen…

Nola asmatu duzu garai hartako inkonformismoa era honetan idazten?

Ez dakit asmatu dudan, saiatu egin naiz oroitzapenen lausoan ez laketzen, orduan geneukan ezinegona nolabait islatzen. Urduritasuna, ideiak borborka, frustrazioa, esperantza, zanpaketa eta heriotza hain hurbil… Eta edertasun baten bila beti, harremanetan, herri giroan, margoetan, hitzetan, kantuan… Haria apurtuz, ideiak zatikatuz, sinboloak ekarriz kontatu beharra neukan, apunteetan bizi ginen orduan ere, presaka. Ez geneukan astirik puzzlea osatzeko, eta gogorik ere ez. Piezak hartu eta beste zerbait egin nahi genuen. Gaiak forma hau behar zuela uste dut.

Zer duzu portua, Basques Harbour, Pasaia...?

Leku interesgarri bat, literarioki esan nahi dut. Portuak beti dira jende askoren bilgunea, lanbide desberdinak eskatzen dituen egitura da, eta ontziak beti dira politak, zatarrenak ere halako hunkidura bat egiten digu tutu joka urruntzen denean… Leku erromantikoa eta zikina da aldi berean. Ez da aseptikoa. Geografia fisiko eta humano aberatsa da portu bat.



 

Ederra? Arriskutsua!

M.A. Elustondo

Portualdea Gipuzkoako eskualde deprimituena da azken hogei urte honetan, Izagirreren ustez. Abandonatu egin dute denek. Pentsa, portua bera kendu nahi diote herriari, kanpora atera nahi dute Gipuzkoako aferistek. Inbasioa planifikatu dute, pabiloiak bota dituzte, txalupen eta yatetxoen amarraleku zibilizatuak jarri dituzte… Diktaduran hainbeste handitu ziren industria haiek lur jo zuten denek. Interesgarria izaten jarraitzen du, hala ere, oso jende ona eta maila politiko handikoa delako portualdekoa. Xumea da eta arraina prestatzen daki, arrain asko kontsumitzen du, ondo jaten du, euskaldundu egin da pixkanaka eta baldintza gogorretan bizi da, gai tabua den zentral termiko bat dauka dioxina botatzen eta Gipuzkoa erdiko zaborrak hartzen dituen planta ere bai… Tasa susmagarria dauka heriotza goiztiarretan eta inoiz ez da airearen kalitatea kontrolatu. Leku ederra izaten jarraitzen du eta orain bertan bizi ez garenok ere hantxe gabiltza astean bitan edo hirutan. Inplikazio maila handia dago, prakak bete lan. Ederra dela esan dut, arriskutsua dela ere esan nezake…



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia