2012-01-12
Ertzaintzak dio ez duela Iruña-Veleiako ostrakak ikertzeko tresneriarik
Auzian ezin diola lagundu erantzun dio Gasteizko epaitegi bati, aurretik Guardia Zibilak egin zuen bezala
Erredakzioa Gasteiz
«Enkargatutako analisiak konplexutasun handikoak direla kontuan hartuta», Iruña-Veleiako ostrakak benetakoak edo faltsuak diren ikertzeko beharko litzatekeen tresneriarik ez duela adierazi du Ertzaintzak, Gasteizko 1. Instrukzioko epaitegiak duela hilabete egindako eskariari erantzunez. Aurretik, eskari horri berari erantzunez, antzeko erantzuna eman zion epaitegiari Guardia Zibileko Kimika Sailak.
Hori dela eta, datazioak lehenbailehen egiteko eskatu du berriro ere Arabako Iruña Argitzeko Batzordeak, eta gogorarazi du «zeramika batean egindako grafiti edo idazkun bat noiz egin den jakin ahal izateko» arkeometria laborategi batera jo beharra dagoela. «Eliseo Gilek, SOS Iruña Veleia Plataformak eta baita Arabako Iruña Argitzeko gure batzordeak epaitegiaren esku jarri dute Europan horrelako datazioak egin ditzaketen laborategien zerrenda», jakinarazi dute. «Horretaz gain, epaitegiak CSIC edo Frantziako CNRSi ere horrelako kontsulta egin diezaieke».
«Epaitegiak du Arabako Iruñako ostrakak argitzeko giltza», Arabako Iruña Argitzeko Batzordearen iritziz.º






