Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 12:40

2011-12-27

Itzalean geratutako idazlea

Arnaut Abadiak 'Eskualduna' aldizkarian idatzitako zutabeak bildu dituzte 'Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa' liburuan

Artikulu teknikoak jorratzen eta zientzia dibulgazioan aitzindari izan zen idazlea

Ilargi Agirre Donostia

Asisko Urmeneta eta Kepa Altonaga, Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa liburua eskuan dutela. / JON URBE/ ARGAZKI PRESS

«Gaur egun ezezaguna den arren, bere garaian aitzindari izan zen; kulturalki, politikoki eta linguistikoki erreferentzia». Hala mintzatu da Arnaut Abadiaren inguruan Kepa Altonaga. Abadiak Eskualduna aldizkarian hainbat urtetan astero kaleratzen zituen zutabeak bildu ditu Altonagak Arnaut Abadiaren zoo ilogikoa liburuan. Nekazaritzarekin lotutako zutabeak idazten zituen Abadiak, eta askotariko gaiak lantzen zituen. Animaliei buruzko artikuluekin osatu du liburua. Testuen alboko irudiak Asisko Urmenetak marraztu ditu.

Gerora erdi itzalean geratu den arren, Ipar Euskal Herrian Arnaut Abadia oso pertsona entzutetsua izan zela nabarmendu nahi izan du Altonaga biologoak: «1880tik aurrera Larresoroko seminarioaren zuzendari izan zen, eta kargu horretan egon zen hil arte». Garai hartan Larresoroko seminarioa unibertsitate baten gisakoa zela dio Altonagak, eta bertan egon zen eskola literarioko partaide eta irakasle izan zela. Jean Etxepare izan zuen ikasle, beste batzuen artean, Abadiak.

1892tik 1908ra artean lan egin zuen Eskualduna aldizkarian; astero Laborarier izeneko zutabea idatzita, biologoak adierazi duenez. Apaiza bazen ere, erlijioari oso aipamen gutxi egiten ziola ikusi ahal izan du Altonagak, eta horregatik aitzindari izan zela. Baita zientzia dibulgazioan ere.

«Zehatza eta ulergarria izateko nahia nabari zaio. Laborarien mundura gerturatzen zen, eta irakurlea beti buruan zuen». Irakurlearekiko hurbiltasun hori artikulu batzuetan antzeman daiteke; eurei erantzunez idazten baitie zenbaitetan. Altonagaren kalkuluen arabera, Abadiak guztira 751 zutabe idatzi zituen, eta animalien 55 artikulu bilduta egin du liburua: «Nire lana hautaketa egitea izan da. Gainera, euskara makillatu dut gaur egungo irakurlearentzat». Aldaketa ortografikoak egin, eta aditz laguntzaileak batuerara ekarri ditu Altonagak. Nolanahi ere, jatorrizko testuak Susaren webgunean daude eskuragarri. «Klasikoen xarma dute artikuluek; atseginez irakurtzeko modukoak dira», gaineratu du biologoak.

Askotariko animalien testuen aurretik Arnaut Abadiaren bizitza azaltzen duen sarrera dago liburuan. Garaia kokatu eta testuinguruan sartzeko baliagarria suertatuko zaio irakurleari. Eskualduna aldizkariaren inguruan ere mintzatu da Altonaga. Garai hartan gai laikoen trataeran aldizkaria aitzindari izan zela aipatu du, eta zabalkundeari eman dio garrantzia. Datu bat emate aldera; Iparraldean 1907an Eskualduna 7.000 erosle izatera iritsi zen astero.

Asisko Urmeneta izan da «bixtien» marrazkilaria. «Iparraldean piztiaren txikigarri esateko erabiltzen dute bixtia», adierazi du Urmenetak. Bilduma ilustratzea plazera izan dela esan du, «Altonagaren liburuetan zientziak eta letrak txortan era erakargarrian egiten dutelako».



 

Animaliak

Enarak. Egia dena da, enarak ez duela guretzat alderdi onik baizik. Euli eta ulitxa janez bizi da; ber azkurria die ematen bere kumeer. Eta udaburu batetarik bertzera, gizonaren etsai horietarik zenbat ez ote du atzematen, bai beretzat bai bere kumeentzat. Goizetik arrats, beti alha da, eperik gabe, gose gorriak balerabil bezala. Nor ez da ohartu kumeak, bere iduri, ezin aseak dituela, mokoa beti zabalik, gauza eske?

Bertze ororen gainera hau du ona enarak, deusetan ere ez baitio nehori kalterik egiten.

Suge pozoidunak.

-Erradazu, beraz, suge gaixtoek non duten pozoia eta nola ematen duten. Hori jakin nahia dago.

-Bada zeren. Beha zakizkit beraz ongi, eta har xuxen ene erranak. Suge pozoidunek badituz aho gainean, erditsutan bezala, eta bi aldeetarik, bi hortz bertzeak baino luzeagoak, zorrotzak eta azkarrak. Bi hortz horiek, ganibetaren burdina hetsia denean bere giderrean dagoen bezala, etzanik daude, aitzinetik gibelerat, matel-hezurreko ozka edo ohantze batean. Beti xutik baleude bertzeak bezala, sugeak ahoa hesten duen aldi oroz, min har lezake, ahogainaz ahopea zaurtuz. Baina, hona non sugeak ausiki nahi duen bezain laster, bi hortz horiek xutitzen zaizkion, beren erroen gainean balira bezain azkar.

Satorra. Nola atzeman satorra? Lana franko hor. Hala ere, egin daitekeen gauza da, baldin ongi ezagutzen badira zein diren satorraren arak, nola dabilen lurpean, eta noiz edo nola den ari bere lanean.

Dezagun lehenik gauza har gogoan. Satorrak badu bere ohantzea eta baditu bere lanbideak. Ohantze hori, edo hesi, edo arbola-erro, edo harresi zenbaiten azpian da, aterpean eta bi edo hirur zehe barna lurrean. Ohantze horretarik gain beheiti baditu satorrak urbideak, ezen ez du bustian egotea laket. Baditu ere satorrak ohantze hartarik alde orotarat ibilbideak, etsai zenbait heltzen zaionean ihesari emateko, harat edo honat, beharraren arabera.

Sagarroia. Orok ezagutzen duzue ihizi hori, ikustez bederen. Badakizue nola kopetaren erditik, bi begien artetik eta buztaneraino sagarroiak, bai bizkarra, bai saihetsak, elorriak baino zorrotzagoko ile azkar batzuez estaliak dituen; buru aitzina, aldiz, kolkoa eta sabelpea ile xehe eta ezti batez. Buruz iduri du xerria; ahoan, bai gainean bai azpian baditu, batzu bertzeekin gurutzatzen diren hortz zorrotz eta azkar lerro bat, aztaparrak ere xorrotzak ditu, baina, ez orobat azkarrak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia