2011-12-24
Ezarian. Kukutza gaztetxea
Kukutzako taupaden isla
'Kukutza gaztetxea. Ellos por dinero, nosotros por placer' liburua kaleratu dute; kronika eta saiakera kutsua du
Lutxo Egiak eta gaztetxeko kideek ez ezik, pertsona ugarik parte hartu dute
Ilargi Agirre
Lutxo Egia Kukutza gaztetxeko hainbat kiderekin batera, liburua eskuan dutela. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Gaztetxeko eta auzoko historiaren hainbat pasartetako argazkiak daude liburuan. / KUKUTZA GAZTETXEA. ELLOS POR DINERO, NOSOTRAS POR PLACER
Auzolanaren eredu izan da Bilboko Kukutza Euskal Herri osoan, eta auzolanean idatzi dute eraitsitako gaztetxeari buruzko liburua ere. Atzo aurkeztu zuten Kukutza gaztetxea. Ellos por dinero, nosotras por placer (Txalaparta argitaletxea) izeneko lana. Lutxo Egia eta gaztetxeko kideak izan dira egileak, baina arlo askotako pertsonek parte hartu dute euren ekarpena eginez. Eraikina hustu eta eraitsi zuten egunetako kronikatik abiatuta, okupazioaren eta espazio publikoaren inguruko gogoeta bultzatu nahi izan dute. Saiakera kutsua hartu du, beraz.
Liburuan euren hausnarketen berri eman duten batzuk izan ziren atzo Bilboko 7katu gaztetxean egin zen aurkezpenean. Iñaki Uriarte arkitektoa, Jakue Paskual soziologoa eta Juantxo Estebarantz historialaria bildu ziren hara, Egia idazlearekin eta Kukutzako batzordeko Xabier Albizurekin batera. Liburua oso azkar idatzi dutela nabarmendu nahi izan zuten egileek; gertaeren hurrenkeraren eraginez bat-batean hartutako erabakia izan delako. Zenbait bileraren ondoren, hiru astean osatu dute azkenean liburua. Gaztelaniaz idatzita dago, baina urtarrilerako euskarazko itzulpena kaleratzeko nahia adierazi zuten.
Jakue Paskual soziologoaren arabera, Euskal Herrian aspaldi ikusi gabeko «borroka liburu» bat da kaleratutakoa. «Kukutzak bizitza ulertzeko modua aldatu du». Errekaldeko gaztetxearen garrantzia azpimarratu zuen, gainera, mundu alternatiboari eskaini dizkion kalitate eta balioengatik.
Hori horrela, Paskualek gogorarazi zuen Kukutza gaztetxea ez zela ezerezetik sortu, lehenagotik egindako lan baten atzetik baizik, gaztetxearen zutoinak jartzeko baliagarriak suertatu ziren hainbat esperientzia «sortzaile» egon baitziren aurretik. Liburuaren egileek behin eta berriz nabarmendu zuten gaztetxea Errekalde auzoaren testuinguruan kokatu beharra dagoela. «Auzotarren eta mugimendu alternatiboaren sinbiosia izan zen, batez ere, Kukutza», aitortu zuen Paskualek.
Krisi garai hauetan erakundeen aldetik ez da egongo kultur eta aisialdiari dagokion kudeaketarik, Paskualen aburuz. Hori ikusita «autogestiora» itzuli beharko dela adierazi zuen soziologoak: «Pertsona, auzo eta herri gisa nola gauzatuko garen pentsatu beharko dugu». Kukutzak hori egiteko bide argia erakutsi diela gaineratu zuen.
Iñaki Uriarte arkitektoak «miseria kulturalaren» inguruan hitz egin zuen, eta Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den sorkuntza lantegiak ere hartu zituen mintzagai. Horren harira, esan zuen diruarekin bultzatutako kultur ereduetan ez bezala mugimendu sozial batetik abiatzen den eredua «tinkoa» dela eta «aurrera» egiten duela. Uriarte bereziki kritiko azaldu zen eraikinaren eraistearen inguruan. Izan ere, arkitekturaren ikuspegitik galera handia da, Bilbon industria garaiko arrastoa duen ondarea baitzen eraikina.
Kukutzarena ez dela kasu bakartu bat nabarmendu nahi izan zuen, ordea, arkitektoak. Industria ondare arkitektonikoaren desagerpena fenomeno zabaldua baita Bilbon, eta, horren ondorioz, «hiria errutinazko agertoki aspergarri bilakatzen ari da».
Juantxo Estebarantz historialariak hiru hilabete atzera jauzi egin zuen. Kukutza gaztetxea hustu zuten eguna oroitu, eta gizarteko sektore zabal batek gertaeraren aurka adierazi zuen haserrea eta samina ekarri zuen gogora. «Frogatuta geratu da okupazioak jendearen begikortasuna pizten duela», esan zuen.
Horretaz gain, okupazioak gaztetxeko jendea ez ezik kanpoko pertsonak mugitzeko gaitasuna ere baduela ikusi ahal izan zen egun horietan, Estebarantzen aburuz. Baita «agenda politikoan» sartzeko ere, Eusko Legebiltzarreraino iritsi baitzen eztabaida. Hala, okupazioaren mugimendua erdiko mugimendu bilakatu da, bazterreko mugimendua izan beharrean, historialariaren arabera.
Egia idazleak esan zuen liburua egiteko borrokan aritu direla denboraren aurka, oso azkar idatzi baitute, hiru astean. Hori dela eta, nahaspilatu xamarra atera zaiela aitortu zuen, oinarrian ordena baduen arren.
Txalaparta argitaletxeko Jon Jimenez editoreak esan zuen lana hausnarketarako bide dela. Hiri ereduari buruz eta pribatutasunaren eta publikotasunaren arteko «gatazkaren inguruan» gogoeta egiteko gonbita egiten du, Jimenezen ustetan.
Ideia buruan
Xabier Albizu gaztetxeko kideak, berriz, aitortu zuen eurek aurretik pentsatua zutela liburu bat idaztea, inoiz proiektua gauzatzerik izan ez zuten arren. Gisa horretako liburu bat beharrezkoa zela nabarmendu zuen, gainera, «okupazioaren aurkako kanpaina dagoelako martxan» eta Kukutza bizitzaz betetako eraikina zelako. Horretaz gain, azaldu zuen liburuan euren testigantzak jartzerako orduan lehenengo pertsona femeninoan idazteko aukera egin dutela.
Askotariko gaiak jorratu dituzte lanean, eta arlo askotako jendeak parte hartu du. Esate baterako, Ramon Zalloren, Idoia Eizmendiren eta Andeka Larrearen gogoetak irakur daitezke, beste batzuen artean.
Fitxa
• Izenburua. 'Kukutza gaztetxea. Ellos por dinero, nosotros por placer'.
• Argitaletxea. Txalaparta.
• Orri kopurua. 214 orrialde ditu.
• Egilea. Kukutza gaztetxeko kideek eta Lutxo Egiak idatzi dute, nagusiki.
Lutxo Egia. Idazlea, eta liburuaren egileetako bat
«Kukutzaren kasutik abiatuta, gogoeta orokorragoa egitea da liburuaren xedea»
I.Agirre
Hustearen eta eraistearen zurrunbiloaren erdian sortutako liburua amaitu dutelako, gustura ageri da Lutxo Egia. Koordinatzaile gisa jardun du, batez ere.
Nola sortu zen liburua idazteko ideia?
Mikel Sotok deitu zidan Txalapartatik, irailaren 24an, kanporatu eta hiru egunera. Borroka liburu bat idatzi beharra zegoela esan zidan, eta nik egun haietako beroaldian baiezkoa eman nion. Gaztetxeko kideekin hitz egin beharra zegoela erantzun nion; eurek esan behar zutela ea ontzat ematen zuten kanpoko batek idaztea. Irailaren 28an Errekaldera joan, eta proposamena eraman nien batzarrera. Oso une gogorrak ziren haientzat, eta hasieran tentuz hartu bazuten ere, azkenean aurrera egitea erabaki zuten. Presazkoa izan zen guztia; garrantzitsua iruditzen zitzaigun berehalako erantzuna ematea.
Ezagutzen al zenuen Kukutzako jendea?
Ni gaztetxean kontzertuetan-eta egona nintzen, baina ez nuen harremanik haiekin. Batzordeko pertsona bat ezagutzen nuen, eta, haren haritik, kultura arloko hainbat pertsonak prentsaurrekoa eman genuen egun haietan. Argazki hartatik pentsatu zuen Mikel Sotok ni batzordean murgilduta nengoela. Halabeharrak bultzatutako proiektua izan da.
Nola osatu duzue liburua?
Argi ikusi nuen poema liburu bat balitz bezala idatzi behar zela. Pertsona askok parte hartu dugu. Barruko ikuspuntua eman dute Kukutzakoek; egun horretan bizi izandakoa kontatuta. Eta, aldi berean, gaztetxearekin harremana duten kanpoko pertsonek ere idatzi dute; arlo ugaritakoek.
Nola dago egituratuta?
Hiru atal nagusi ditu: Irailak 21 Kukutza, Irailak 22 Kukutxa eta Irailak 23 Kukutsa. Hiru egun horiek mugarri izan ziren, eta arrazoi askorengatik gogoratu behar dira. Gazteriaren eta gaztetxearen aurka jokatu zuten moduarengatik, eta, aldi berean, Kukutzakoek gizartearen aldetik jaso zuten babes eta erantzunarengatik. Bigarren atalean Kukutzak ordezkatzen zuenaren eta Cabisa enpresak eta administrazio publikoek ordezkatu nahi izan dutenaren arteko dialektika agertzen da. Zer da gaztetxe bat? Hustutako leku bat betetzen da gaztetxearekin. Ez fisikoki bakarrik; edukiekin ere bai. Eraispenak, bizirik zegoen leku bat hustu, eta orube bihurtu zuen. Hori jorratzen da hirugarren eta azken atalean.
Zein izan da helburua?
Kukutzaren kasutik abiatuta, gogoeta orokorragoa egitea da xedea. Kronika batzuk ere badaude tarteka, baina saiakera kutsua du, batez ere. Gainontzeko gaztetxeetako jendeak ez ezik, irakurle orok ikusi behar du bere burua islatuta.
Kukutza Errekalde auzoko testuinguruan kokatu beharra aipatu duzue.
Bai; izan ere, bi norabideko elkarreragina dago: Kukutzak auzoari eman diona, eta auzoak gaztetxeari eskainitakoa. Lotura estua egon da bien artean, eta ezin zen bata bestea gabe ulertu. Baina Kukutzak Errekalderi bakarrik ez, Bilbori eta Euskal Herriari ere ekarpenak egin dizkio. Jende eta talde asko erakartzeko gai izan da, eta horregatik zen beharbada Euskal Herriko gaztetxerik garrantzitsuenetarikoa.
Askotariko gaiak jorratu dituzue; tartean, espazio publikoaren gogoeta egin duzue.
Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko dikotomiarekin apurtzen zuen Kukutzak. Andeka Larreak egin du horri buruzko gogoeta. Udalak interes publikoari erantzun behar dio berez, baina ez zen hori gertatu. Aukera zuen ezer ez egin eta epaileari erabakia hartzen uzteko. Zergatik hartu zuen jarrera hori? Liburuaren ardatzetako bat da hori, neurri handi batean.
Eta zergatik egin zuen hori?
Nire iritziz, udala diseinatzen ari den Guggenheim osteko hiri eredu berri horretan gaztetxeak ez zuen lekurik. Kukutza arriskutsua zen panorama horretan, eta eraisteak garaipen bat adierazten du haientzat. Lurrak jabea izan eta pertsona horrek bertan etxebizitzak eraikitzeko eskubidea izateak ez du zerikusirik Kukutza botatzearekin. Eredua da gakoa, nire ustetan.






