2011-12-09
Durangoko 46.Euskal Liburu eta Disko Azoka
Behera bai, krisirik ez
Salmenten kopuru ofizialik gabe bada ere, Harkaitz Canoren 'Twist' nobela eta Berri Txarraken 'Harian' diskoa nabarmendu dira
Ostiral «indartsurik ez izateak» eragina izan du bisitari kopuruan, editoreen hitzetan
Gorka Erostarbe Durango
Jende kopuru handia bildu zen atzo Landakon, Durangoko Azokaren azken egunean. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Xabi Strubell haur literatura aretoan izan zen atzo. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Irakurtzeko eta entzuteko aukera ematen du azokak. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Azken eguna izan zuen atzokoa Durangoko Azokak. Jaieguna izanik, jende ugari bildu zen Landako gunera, mugimendua izan zen bai stand eta korridore nagusietan eta bai Ahotseneako gunean ere, eta aho zapore onetarako parada eman zuen. Balantza jolas eta balantze solasetarako eguna izan zen atzokoa, besteak beste. Arrazoi agerikoengatik argitaletxe eta diskoetxeetako arduradunak izaten dira azoka barru-barrutik bizi dutenak. Inpresio orokorra da, iazkoarekin alderatuz «beheraldia» izan dela, baina «esperotakoa» izan dela, gizarteak bizi duen egoera kontuan izanik, eta ia inork ez du aipatu «krisi» hitza.
Inazio Mujika Iraola Alberdania argitaletxeko editorearen hitzetan Durangok beti izan ditu bi egun indartsu gutxienez, eta batik bat, «beti izan du ostirala goia jotzen duen egun modura». Aurten azokak ez du izan ostiralik, eta «horrek eragina izan du jendearen erantzunean». Hurrengo urteetan jende gehiago hurbilduko den esperantza du Mujika Iraolak. Alberdania etxeak gehien saldu duen liburua Mujika Iraolak berak atonduriko Xabier Lete. (Auto)biografia bat izan da. Haur literaturako liburuak ere «asko» saldu ditu Alberdaniak, baita Irene Nemirovskiren Suite frantsesa ere.
Pamiela argitaletxea hirugarrengo urtez jarraian Euskadi Saria eskuraturiko liburu batekin izan da Durangoko Azokan (Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak duela bi urte eta Fermin Etxegoienen Autokarabana iaz), eta horrek «hauspoa» eman dio. Aurtengoan Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean liburua izan du sostengu nagusi, «oso ondo saldu baita», Pello Eltzaburu editorearen hitzetan. Oro har azokak «nahiko ondo» eutsi duela dio Eltzaburuk: «Urtero egoten gara krisiaren mamuaren zain, baina ez da iritsi aurtengoan ere». Hala ere, aitortzen du egun batzuk «makal samar» joan direla.
Elkar argitaletxean ere Joseba Sarrionandiaren beste liburu bat saldu dute gehien, duela aste batzuk aurkezturiko Narrazio guztiak, hain zuzen ere. Narrazioak (1983), Atabala eta euria (1985) eta Ipar aldeko orduak (1990) liburuak biltzen ditu lan horrek, Sarrionandiak berak berridatzirik. Idazlea bera Durangon ez egotea bota du faltan Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editoreak. Joan Mari Irigoienen Ur arreak, ur garbiak eta Joxean Agirreren Zwei Frauen nobelek ere harrera ona izan dute.
Susa argitaletxeak ez du inolako dudarik. Harkaitz Canoren Twist nobela izan da gehien saldutakoa. «Izugarri ondo hartu du jendeak, eta asko saldu da», adierazi du Gorka Arrese editoreak. Harkaitz Cano oso gustura dago liburuak izan duen harrerarekin, eta irakurleekin izandako harremanarekin. Azokan izan da egunero, astelehenaren salbuespenarekin. «Feedback-a beti jasotzen da aurreko liburuarena. Aurreko liburuaren hurrengo urteetan kontatzen dizute. Baina jendeak aipatu dit irakurtzen ari dela. Luzea da eta denbora beharko dute. Oraingoz horrelako gauza oinarrizkoak esaten dizkidate, baina ni gustura». «Bertigo edo lotsa» sentitzen du oraindik Canok erakusmahaian jendearen aurrean jartzean. «Gogoa ematen du jendea bidaltzeko hegaldi transozeaniko batera eta han irakurtzeko liburua. Hori baita liburu luze bat irakurtzeko leku egokiena, eta hurrengo urtean aipa diezadatela».
Erein argitaletxean Toti Martinez Lezearen Nur saila eta Jon Arretxeren Tangerko ametsak izan dira gehien salduak, eta Txalaparta argitaletxean Jose Mari Esparzaren Mapas para una nación.
Diskoetxeak gustura, oro har
Musikaren arloan ere iazko urtean baino «gutxixeago» saldu dute, baina gehienak gustura daude lan berriek izan duten harrerarekin. Elkar diskoetxean Baionatik Bilbora- Iparraldeko kantariak izan da gehien saldutako diskoa. «Iparraldeko altxor asko gordetzen ditu disko horrek, eta jendearen jakin-mina piztu du», Anjel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak azaldu duenez. Horrez gain, Ruper Ordorikaren Hodeien azpian «oso ondo» saldu da, eta Erramun Martikorena eta Mikel Markezen berriek ere harrera ona izan dute.
Bidehutsek urte berezia bizi izan zuen iaz Mikel Laboaren omenezko Txinaurriak diskoak izan zuen harrera ezin hobearekin. «Fenomeno berezia» izan zen Bidehutseko Asier Zuluetaren iritzian, eta aurten duela bi urteko kopuruetara itzuli dira. Lisaboren Animalia lotsatuen putzua izan da hobekien saldu den lana. «Lisaborena berri-berri iritsi da Durangora, eta jendeak gogo onez hartu du, oso ondo saldu da». Xabier Montoiaren mundu miresgarria, Inoren Ero Ni-ren Fregoli eta Jupiter Jonen Pleistozenoko astelehenak-ek ere oso «harrera txukuna» izan dute. Lisabök eta Jupiter Jonek asteazken gauean Plateruenan emandako kontzertua ere berezia eta jarraitua izan da oso.
Baga-Biga diskoetxeak Durangora ekarri dituen berritasunen artean Esne Beltzaren Freedon 3 kolpetan CD-DVD berria eta Elena Lopez Agirreren Historia del Rock Vasco liburua izan dira gehien nabarmendu direnak. «Esne Beltzak izugarrizko arrakasta izan du. 1.000 aletxo pasa ekarri genituen, eta lehen egunetan agortu egin ziren. Jendeari asko gustatzen zaion taldea da, eta kanpora ateratzeko moduko taldea da», azaldu du Ritxi Aizpuru Baga-Biga zigiluko arduradunak.
Ekarritako ale denak saldu zituen beste taldea Berri Txarrak izan da. Harian diskoa urteko fenomeno bilakatzen ari da. Gor diskoetxeak saldu du diskoa Durangon, eta aurreikuspenak motz geratu zitzaizkien. Horregatik, ale gehiago ekarri behar izan zituzten astelehen arratsaldean. Ahotsenean taldeak izandako harrerak eta egun guztietan taldearen abestiek bozgorailuetan izandako presentziak ere taldeak hartu duen dimentsioaren berri ematen dute.
Gaztelupeko Hotsaken Xabi ta Pettiren estreinako diskoak saldu ditu ale gehien, eta Patta ta Sendaezinak-en aurrenekoa ere ondo saldu da. Gaztelupeko Hotsakeko Ubane Uzinen esanak laburbiltzen du taxuz aurtengo Durangoko azokak ikuspegi merkantilistatik eman duena. «Beherakada nabaritu da salmentetan. Hori horrelaxe da, baina kanpoko bizimoduarekin bat doa beherakada hori, bestela fantasia bat biziko genuke».
Aiert Goenagari eman dio lekukoa Jon Irazabalek
Azokak hartutako bide berriari erantzun ona eman dio bisitariak, Gerediaga elkarteak adierazi duenez
Goretti Rodriguez Durango
«Itoginak ditugu oraindik, baina, euskal sorkuntzak ez du krisirik adierazi egunotan». Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendariak aurtengo ekitaldiaren balorazio ona egin zuen, atzo, azokaren zuzendaritza uzten zuen egun berean. Aiert Goenagak hartuko du haren lekukoa, eta gaurtik aurrera bera izango da azokako arduradun nagusia.
Aurten, lehenengoz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokara zenbat jende etortzen den jakiteko, sartu-irtenak neurtzen dituen sistema jarri da martxan. Hasierako lau egunetan 105.000 bisita zenbatu dituzte. Egunik jendetsuena asteartea izan zen. Beste egunetakoekin konparatuta, bisitari kopurua bikoiztu egin zen egun horretan: 40.000. Datuok eskuan, egunotako azokaren balorazioa egin du Gerediagak, eta bisitarien «erantzun ona» nabarmendu du.
Haur Literatura aretoko ekintza nabarmenenak: Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bonberenea Txarangarekin egindako saioa; Esku jokoak tailerra, Erramunen soinua-ren aurkezpena eta Galiziatik etorritako Caixiña do Mistos izan dira, antolatzaileen arabera. Ahotsenearen proposamen aniztasuna ere nabarmen dute; Azokako bisitarien %10 handik pasatu da. «Irudienea ikus-entzunezkoen plaza eta plazera» izan dela esan du Goenagak. Szenatokian irakurketa dramatizatua eta antzerki maratoiaren arrakasta dira aipagarrienak, eta Kabi@n Euskal Wikipediaren 10. urteurreneko ekimena. Plateruenak ere ondo eutsi dio; baina iazkoaren aldean, zuzenekoen ikusle kopuruak behera egin du. Euskal Dendak balantze ona egin du.
Agurra eta eskertzea
Une hunkigarria bizi izan zuen Durangoko Azokak atzo, Jon Irazabali esker ona eta Aiert Goenagari ondo etorria emanez. 30 urtez Durangoko azokaren antolakuntzan jardun ostean, hau izan du zuzendari legez azken jarduna Irazabalek. «Benetan, bihotzez, eskerrik asko, Jon» esanez, Nerea Mujika Gerediagako presidenteak lantaldearen izenean omenaldia egin nahi izan zion Irazabali. Azken hiru hamarkadatako irudiez osatutako muntaketa eskaini ondoren, liburu irakurgailu bat oparitu zioten. Irazabalek, hunkiturik, azokaren historian izan duten garrantziagatik, sei lagun izan zituen gogoan. Azoka sustatu eta sustraitu zuten Jose Luis Lete eta Javier Zubikarai tartean. Keinua bota zien Gerediagako beharginei, «Itziar, Epi eta Estherri», berak azaldu bezala, «nire letxe txarra aguantatzearren».Gerediaga elkartean lanean jarraituko duela ere esan zuen.
Horrekin batera, Aiert Goenaga ondarroarrak hartu zuen Irazabalen lekukoa. Ondoan izango duen taldeari egin zion Goenagak erreferentzia, eta erronka oso «motibagarria» dela azpimarratu. «Jonengandik zer ikasi badut. Pozik baina tentuz ekingo diot lanari». Zuzendari laguntzaile eta ikus-entzunezkoen arduradun lanetan aritu da gaur arte Goenaga. «Azoka kulturgintzaren jai handia izan dadin lan egingo dugu, merkatua eta jaia bateratuz» gaineratu zuen Nerea Mujikak. Arlokako arduradunak eta lantaldeak eratzeko bidea ere hasi dute. Plan Estrategikoaren barruan Azokako izena aldatzearen inguruan ere ari dira hausnarketan.






