2011-10-15
Elikadura. Eko-tik
Bio-iruzurren borroka irabazi genuen. Eta orain, sasi-ekologikoekin zer?
Xabier Lejarzegi Irazabal
Ekintzetan ez bezala, hitzetan behintzat irizpide ekologikoak gailendu dira. Adierazle nagusia marketin estrategia berriena da: zerbait saldu nahi baduzu, identifikatu berdearekin. Elikagaien arloan batzuek «ingurumenarekiko adeitsuak» edota «ekologikoki ontziratuak» bezala aurkezten dituzte beren produktuak; besteek, «%100 naturalak»; besteek, «produktu lokalak», eta bestetzuek «nekazaritza iraunkorretik eratorriak» edota «ia ekologikoak» direla esaten dute.
Izena bai, eta izaera? Elikagai askoren marketin berdeak ezkutatzen duen errealitateak galderak egitera bultzatzen gaitu: zenbateraino iraunkorra da, bertoko baserri batetik irtenda ere, lehengai guztiak urrutitik ekarri behar dituen ekoizpena? Eta petrolioa xahutuz ongarriztatu eta berotegiak berotzen dituena? Zer esan behien elikadura, belarretan gabe, pentsu konposatuan oinarritzen duenaz? Eta pentsu hauek landaketa transgenikoen emaitza direnean? Zer da ekoizpen lokala? Inguruko nekazarien ekoizpena edota inguruan lortutako baliabideekin egindakoa? Lurra erabiltzen ez duen nekazaritzari edota abeltzaintzari ere naturala deituko diogu?
Egun, galdera hauek egokien erantzuten dituen nekazaritza eredua Nekazaritza Ekologikoa da. Behintzat, araudi estandar bat ezarria duelako eta ekologiko, biologiko edota organiko izendapenarekin merkaturatu daitezkeen elikagaiak zeintzuk diren eta zeintzuk ez argitzen duelako. Europa guztirako araudi bera da, eta mundu mailan homologatuta dago.
Euskadin, ekologiko gisa merkaturatutako jakien bermea ENEEK-k ematen du. Argi dago gutxieneko baldintzak ezartzen dituen araudi bat dela eta hobetu daitekeela. Hala ere, araudia nekazaritza ekologikoaren oinarria da, eta betetzen duenak jaki ekologikoak ekoizten ditu. Gauzak hobeto egitea badago, baina ez ekologikoago. Azken batean, ekologiko hitza termino absolutu bat da: edo ekologikoa da edo ez da. Alegia, antzekotasunak antzekotasun, gauzak beste era batera egiten duena ezin da «ia ekologikoa» izan.
Gure proposamena nekazaritza eredu ekologikoaren normalizazioa da, eta hortik aurrera «gutxieneko akordio ekologikoa» osa dezaketen bestelako ezaugarriak gehitzea. Araudi ekologikoa oinarri hartuta, bestelako ezaugarriak dituzten ekoizpenak ongi etorriak izango dira eta bultzatuko ditugu: lekuan lekukoak; ohituretan errotutakoak; ekoizle eta kontsumitzaileen arteko erlazioa sendotzen dutenak; kontsumo eredu iraunkorra jorratzen duten merkaturatze motak...
Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:
Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea. Tel.: 943-76 14 47
biolur@biolur.net
ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua. Tel.: 902-54 01 65
info@eneek.org






