2011-09-18
Janarien ostadarra
Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Azoka egingo dute gaur Zerainen; produktu naturalak izango ditu bisitariak eskura
Goierriko Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldiak hitzaldi anitz prestatu ditu
Xabier Martin
Kolore eta zapore guztietako janaria izango da gaur Zerainen, eta dena, ekologikoa. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Janari begetala zein animalia elikagaiak ekoizten dituen nekazaritzako jarduera bat da nekazaritza ekologikoa; baina janari freskoa nahiz eraldatu hori lortzeko, ez da sintesirako gai kimikorik erabiltzen. Hori da gakoa. Naturarekin eta kontsumitzailearekin garbi jokatzea. Eta gako horren inguruan filosofia oso bat eraikitzen ari dira azken urteetan mundu osoan. Euskal Herrian gero eta indar handiagoa dauka nekazaritza ekologikoak; gero eta gehiago saltzen dira halako labela duten produktuak: barazkiak, okela, fruta, arrautzak...
Produktuak era naturalean (ekologiaren arauekin) ekoizteko eta merkatuan salgai jartzeko ildo horren erakusle izango da gaur Zerainen egingo duten azoka. Biolur, D'elikatuz, Goierriko Baratza eta Zerain Dezagun Fundazioak antolaturik, Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Azoka izango da egun osoan. Jadanik 17. aldia du.
Barazkien ostadarra azalduko han, forma eta kolore guztietako janaria salmahaietan, eta dena naturala, ekologikoa. Goizean hasi (09:00) eta bazkaltzera joan arte (14:00) hamaika ekitaldi izango dira, betiere festa giroan. Han ibiliko da Xapre trikitilaria, bezeroak eta saltzaileak animatzen. Bisitariak ez du aspertzeko betarik izango.
Barazkiak, fruta, ogia, gazta, sagardoa, ardoa, olioa, txerrikiak, gozoak, germinatuak, kosmetika produktuak, tindu naturalak... Hamaika dira ekoizpen ekologikoaren arauen arabera ekoitz daitezkeen produktuak. Horiek denak ikusgai eta salgai izango dituzte bisitariek Zeraingo azokan. Pintxo ekologikoak ere izango dira aukeran.
Eskulangintza, gozogintza...
Azoka baino gehiago leloa aukeratu dute aurten antolatzaileek, eta badute horretarako aitzakia. Izan ere, janaria bakarrik ez, eskulangileen produktuak ere izango dira azokan: zeramika, makilak, zizelatzeak, zumea, kakorratz lanak, artilea, kandelak... Tailerrak ere antolatu dituzte hainbat: gozogintza tailerra, garaian garaiko produktuena, sendabelarrena... Zertxobait ikasteko abagunea ere emango du azokak, beraz.
Zintzurra bustitzeko ere, ez dute hala moduzko edaririk eskainiko: sagar muztioa izango du nahi duenak; antzinako eran, dolarean ateratako muztioa bera. Denen aurrean ekoitziko dute hura. Erakargarria zinez dastatzeko. Arratsean, bestalde, segida izango du goizeko festa giroak, herri kirolak izango baitira Zeraingo plazan, baita erromeria ere.
Bestalde, Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldiaren barruan, askotariko tailer eta hitzaldi egingo dituzte urriaren 1a arte, Ordizian, Zerainen eta Ezkio-Itsason. Ogi biologikoa nola egin; terrazetan eta balkoietan baratze ekologikoak nola egin; sendabelarrak eta jaten diren belarren inguruko ikastaroa... Ikastaroek, tailerrek eta bisitek sarrera mugatua dutenez, aldez aurretik eman behar da izena. Goierriko Baratza dendan eman behar da edo 954- 08 74 98 telefono zenbakira deituta.
Hamabostaldia
EGITARAUA
• 'Baratze ekologikoak terraza eta balkoietan nola egin'. Irailaren 20an, asteartea (19:00etan), Zeraingo kultur etxean. Amaia Agirrek emango du hitzaldia. Sarrera doan izango da.
• 'Osasunerako bidea elikaduraren bitartez'. Irailaren 22an, osteguna (19:00etan), Ordiziako D'elikatuz zentroan. Jesus Larretxeak emango du. Sarrera, doan.
• 'Sendabelarrak eta jateko diren belarrak'. Irailaren 27an, asteartea (19:00etan), Zeraingo kultur etxean, Maialen Sarasolaren eskutik. Sarrera, doan.
• 'Kontsumo taldeak: esperientziak elkartrukatzea eta etorkizuna'. Irailaren 29an, osteguna (19:00etan), Ordiziako D'elikatuz zentroan. Mahai ingurua. Sarrera, doan.
• 'Ogi biologikoa nola egin'. Irailaren 24an, larunbata (10:00etan); Ezkio-Itsasoko Hariztizabal baserrian izango da. Xabi Akizuk eta Marilu Gardokik emango dute ogi biologikoaren tailerra. Parte hartzaileek 15 euro ordaindu beharko dituzte, izena aldez aurretik emanda.
• 'Marmelada ekologikoak'. Urriaren 1ean, larunbata (10:00etan), Abaltzisketako Naera Haundia baserrian. Angela Linskeyk emango du tailerra. Parte hartzaileek 15 euro ordaindu beharko dituzte, izena aldez aurretik emanda.
• 'Sukaldaritza makrobiotikoa'. Urriko larunbatetan izango dira eskolak. Jesus Larretxea izango da haien gidari. Parte hartzaileek 180 euro ordaindu beharko dituzte, izena aldez aurretik emanda.






