2011-05-26
Transmisioan indar eginez
Irakurtzeko zaletasunaz eta antzerkiak literatura genero gisa duen egoeraz jardungo dute Literaturian, ekainaren 3tik 5era
Ińigo Aranbarrik, Goizalde Landabasok eta bestek liburu berriak aurkeztuko dituzte
Irune Berro Bilbo
Amaia Goikoetxea, Patxi Gaztelumendi, Idoia Gereńu, Oier Guillan eta Pablo Barriok aurkeztu zuten Literaturia, atzo, Bilbon. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Bi mila biztanle inguru dauzka Larrabetzuk (Bizkaia), eta Literaturia ekimenaren antolatzaileek «hamaika lagun» gonbidatu gura dute datorren asteburuan herrian izango diren askotariko ekitaldietara. Hala, 2000 eta hamaika gehiago goiburua jarri diote «euskarazko letren asteburuari». Irakurtzeko zaletasunaren transmisioa izango dute oinarrian ekainaren 3tik 5era bitartean liburu azokaz gainera egingo dituzten mahai inguru, kantaldi, errezitaldi, umeentzako ekitaldi eta abarretan. Literaturari loturiko plazera bermatzeko ekitaldiak izango dira guztiak ere, antolatzaileen izenean Patxi Gaztelumendik esan duenez.
Baina Literaturia hausnartzeko plaza bat ere badela oroitarazi du Literatura Eskolako kide eta Literaturiaren antolatzaile Oier Guillanek. Eta 111 akademiarekin iaz abiatutako elkarlanak jarraipena izango du aurten. Irakurzaletasunaren transmisioa: noiz eta nola? izenburuko solasaldia egingo dute, hainbat herritako irakurle taldeetako ordezkarien iritziak bilduta.
Amaia Goikoetxea 111 akademiako kideak azaldu du iazko saioan geratu zela agerian transmisioarekiko kezka, irakurle taldeetan gazterik apenas dagoela konturatzean. «Eztabaida sortu zen gazteek ez ote zuten irakurtzen. Batzuek zioten transmisioa eskolatik hasi beharreko lana dela, baina beste batzuek ez zuten guztiz egoki ikusten derrigorrezkotasunarekin lotzea».
Askotariko iritziak atera ziren, eta gaiari sakonago heltzea erabaki dute. Basauriko, Donostiako, Meatzaldeko, Larrabetzuko, Leioako, Iurretako eta Segurako irakurle taldeetako ordezkariak izango dira Literaturian.
Antzerkiak badu irakurlerik?
Izango da beste mahai ingururik. Antzerkiak badu irakurlerik? Auzi horren inguruan jardungo dute Mikel Martinez aktore eta Cafe Bilbao teatro laburreko lehiaketaren antolatzaileak, Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak, Borja Relańo Artez Blai argitaletxeko editoreak eta Alaitz Olaizola antzerkigile eta aktoreak.
EHAZEko kide Pablo Barrioren esanetan, «euskal antzerkigintzak dituen arazoetako bat da testuak aurkitzerik ez dagoela ia. Literatur genero gisa antzerkia hiltzear dagoela esaten da askotan. Oso gutxi argitaratzen da, eta oso gutxi irakurtzen da. Gurpil zoro horretan ezinean gabiltza. Argitaratzeko bideak lehiaketak izan dira orain arte, baina asko desagertu egin dira». Horren guztiaren inguruan gogoeta egingo dute. Azken batean, ez da argitaratzen irakurlerik ez dagoelako, baina ez da irakurlerik egongo, inoiz argitaratzen ez bada. Hortaz, badago zer hausnartu.
Literaturian ohiko bihurtzen ari denez, irakurle eta hartzaileekin batera, idazle eta sortzaile ugari izango dira aurten ere. Auzolanean antolatutako ekimena dela nabarmendu dute Gaztelumendik zein Guillanek. Eta zazpi argitaletxek liburu berri bana aurrenekoz Literaturian aurkezteko «konpromisoa» hartu izana txalotu dute.
Alberto Ladron Aranaren Zer barkaturik ez nobela aurkeztuko du Elkarrek; Goizalde Landabasoren Bränskit nobela Txalapartak; Ińigo Aranbarriren Zamaontzia nobela Susak; Joseba Tobarren 'Anaitasuna' aldizkaritik finantza kapitalismora saiakera Utriusque Vasconiaek; Karmele Igartuaren Itsaso kontra bat hil ondoko poema liburua Pamielak; Xabier Soubeleten Iza ote iza Maiatzek; eta Dekameroia Ige-lak.
Udaberriko lan berriak
Euskaraz argitaratzen duten argitaletxe guztiek eramango dituzte beren liburuak Literaturiako azokara. Udaberriko lan berriak izango dira ziurrenik salmahaien lehen lerroan. Baina berriki lanen bat kaleratu duten idazleek aurkezpenak egingo dituzte, eta azken obraren aldamenean, aurrez plazaratutako lan guztiak jarriko dituzte. «Gaur egungo abiaduran liburuak hamabost egunean desagertu egiten dira. Eta erakusleihoetatik lehenago ere bai».
Horrenbestez, «logika ero» horri aurre egin, eta lasaitzeko, pentsatzeko, ezagutzeko eta irakurtzeko bitartekoak eta filosofia zabaldu nahi ditu Literaturiak.
Oraintsu lanen bat argitara emandako idazleak pasatuko dira handik larunbatean ez bada igandean: Lutxo Egia, Jon Arretxe, Mikel Etxaburu, Yolanda Arrieta, Iban Zaldua, Beńat Sarasola, Unai Elorriaga, Karlos Linazasoro...
Emanaldi guztiak zuzenean emango dituzte, www.literaturia.org webgunean. Egitarauaz gain, Literaturiara joateko gonbita egiteko bideo bat ere jarri dute gune hartan. Grabazio horretan, Larrabetzuko «elkarte guztietako» kideek parte hartu dutela azpimarratu du Gaztelumendik.
Egitaraua
EKAINAK 3, OSTIRALA
• 19:30. Harrera ekitaldia, Kukubiltxo antzerki taldearekin, Anguleri kultur etxean.
• 23:00. Ruper Ordorikaren kontzertua, Anguleri aurrean.
• 00:00. Hudaltzainak, Hori Bai gaztetxean.
EKAINAK 4, LARUNBATA
• 10:00. Literatura eskola, Irakurzaletasunaren transmisioa: noiz eta nola? titulupean. Anguleri kultur etxean.
• 12:00-15:00. Liburuen aurkezpenak, plazan.
• 12:00. Trikiti emanaldia, Literaturiatxuaren barruan.
• 13:00. Ipuin kontalari ibiltaria eta ilustrazio tailerra, Literaturiatxuaren barruan.
• 15:00. Bazkaria, eskolan.
• 18:00. Kukuke antzerki eskolaren lanak Anguleri aurrean, Literaturiatxuaren barruan.
• 20:00. Erlea aldizkariaren 4. zenbakia aurkeztuko dute Bernardo Atxagak eta zenbait sortzailek, plazan.
• 23:00. Anari, Mursego eta Napoka Iria. Jon Miner eta Intxixu Lotien Banda. Bi hitz & Beats. Hori Bai gaztetxean.
EKAINAK 5, IGANDEA
• 10:00. EHAZEk antolatuta, antzerkiaren eta literaturaren arteko harremanari buruzko solasaldia, Angulerin.
• 12:00-15:00. Liburuen aurkezpenak, plazan.
• 15:00. Bazkaria, eskolan.
• 16:00. Bertso trama literarioa, plazan. Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Josu Goikoetxea.
• 18:30. Mikel Martinezen ipuin kontaketa, Hori Bai gaztetxean.
• 19:00. Hura ez da lekua lana, Hori Bai gaztetxean.
• 20:00. Poesia errezitaldia Hori Bain: Miren Agur Meabe, Jon Benito, Paddy Rekalde, Josetxo Azkona, Asier Serrano eta Antonio Casado de Rocha.






