Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 12:07

2011-05-25

Aitziber Alonso. Galtzagorri elkarteko lehendakaria

«Irudiak irakurtzen ere ikasi behar dugu»

Duela hilabete izendatu zuten Galtzagorriko lehendakari Aitziber Alonso, eta ilusioz ari da harrezkero haur eta gazte literatura sustatzeko asmoz sortutako elkartea gidatzen.

Juan Luis Zabala Donostia

/ NEREA ZAPIRAIN

Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Ana Urkiza eta Aitor Aranaren liburuak ilustratu ditu, bestak beste, Aitziber Alonsok (Donostia, 1971), zeregin horri heldu zionez geroztik. Duela 11 urte egin zen Galtzagorri elkarteko bazkide, eta irakurketa aretoentzako eszenografiak sortzen aritu zen batez ere hasieran, Elena Odriozolarekin batera. Gustuko giroa eta adiskideak aurkitu ditu elkartean, eta orain bera hautatu dute gidari lanerako, Asun Agiriano bibliotekariaren lekukoa hartuz. Idazleak eta ilustratzaileak ez ezik, ipuin kontalariak, bitartekariak eta itzultzaileak ere badira elkarteko bazkideen artean.

Ilustratzaileen lana idazleenaren pare jartzea erreibindikatu du beti Galtzagorri elkarteak. Orain ilustratzailea du lehendakari. Praktikarekin predikatzeko egin duzue hori, ala modu naturalean sortu da izendapena?

Biak esango nuke. Ilustratzailearen lana desberdina da ikasliburu batean edo album batean. Batzuetan irudiek deskriptiboak izan behar dute, baina kasu gehienetan irudiek ere istorioak kontatzen dituzte, testuarekin paraleloki doazen istorioak, eta, azkenean, horrek liburuari beste irakurketa batzuk ematen dizkio. Gustatuko litzaidake jendeak ulertzea irudiak ez direla apaingarri soilak eta ez direla umeentzat bakarrik. Denok gozatzen dugu argazki edo arkitektura liburu batekin. Zergatik ez gozatu album batekin ere?

Zeintzuk dira gaur egun Galtzagorriren lan eta erronka nagusiak?

Haur literatura sustatzea hainbat ekintzarekin. Egun baditugun ekintza batzuk bultzatu, normaltasun batera eta egunerokotasunera iritsi arte, eta, noski, berriak landu ere bai, haurrak jaiotzen direnetik hasita, irakurketaren ohitura eta gozamena izan dezaten. Umeak etorkizuneko irakurleak izango dira, eta ez bakarrik liburuen irakurleak; komiki, egunkari, blog eta abarren irakurleak ere izango dira.

Zer estrategia planteatzen dituzue irakurtzeko zaletasuna sustatzeko?

Une honetan, gure apustu handiena Bularretik Mintzora proiektua da, haurra jaiotzen denetik gurasoekin batera irakurketaren munduan murgiltzeko plana. Liburutegia pediatria zerbitzuetara hurbildu dugu, eta bibliotekariak erizain eta pediatrekin batera ari dira lanean, adibidez.

Haur eta gazte literatura bigarren mailakotzat jo eta baztertzeko joeraren aurka agertu da beti galtzagorri. Zer iritzi duzu borroka horretaz?

Guztioi gustatzen zaigu gure lana gehiago baloratzea, edozeini. Berdin zaio zein lan mota egiten duzun. Gure lanaren kasuan, batzuetan baloratua dago eta besteetan ez. Errespetua dago, eta hori asko da, baina denborarekin gehiago baloratuko dela uste dut. Arte Ederrak ikasi nituenean ilustrazioa arte txikia kontsideratzen zen fakultatean. Gaur egun ilustrazioa unibertsitatean ikasten da. Eta marketin aldetik ere asmakizun ona da. Badirudi begietatik sartzen dena bakarrik existitzen dela; beraz, mugi gaitezen, hemen gaude eta hau da egiten dugun lana.

Argitaletxeei ausardia handiagoa izateko eskatzen diezue beti ilustratzaileek, batez ere albumak argitaratzeko. Zer mezu du Galtzagorrik argitaletxeentzat?

Ilustratzailearentzat, album batean lan egitea gozamen handia da normalean, eta idazlearekin pare-parean lan egiteko aukera. Baina argitaletxeak ere ulertzen ditut. Irakurleek —gurasoak gehienbat, haiek baitira liburuen erosleak— oraindik ez dute ohitura handirik mota horretako liburuak irakurtzeko. Badakizu… testu gutxi dutelako. Baina irudiak irakurtzen ere ikasi behar dugu. Ni baikorra naiz, eta uste dut denborarekin ikasiko dugula liburu mota hauetaz gozatzen; eta ez bakarrik umeek.

Zer moduzko harremanak ditu Galtzagorrik erakundeekin eta arloko beste elkarte batzuekin, EIE eta EIZIErekin adibidez?

Harreman ona dugu, eta gero eta handiagoa. Gure proiektuak erakusten ari gara eta umeentzako literatura helduena bezainbesteko garrantzia duela erakusten. Eta ikasten. Oso garrantzitsua da denen arteko elkarlana. Azkenean, denok dugu interes berdina eta denok ikasi behar dugu besteen lanetik.



 

Antxiñe Mendizabal eta Jasone Osoro daude Liburu Gaztea 2010-2011 sariaren irabazleen artean

Liburu Gaztea saria da Galtzagorrik urtero antolatzen duen ekimenetako bat, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Gipuzkoako DBHko ikasleek hautatzen dituzte irabazleak, beren irakurketen artean. Liburu Gaztea 2010-2011 saria —2009an argitaratutako liburuen artean banatua— honako liburu hauek irabazi dute, DBH1, DBH2, DBH3 eta DBH4 kategorietan hurrenez hurren: Antxiñe Mendizabalen Nire amak ez dauka erremediorik (Elkar), Jasone Osororen Ezekiel (Elkar), Josep Sampereren Ate atzeko zuloa (Antton Olanok itzulia, Erein) eta Suzanne Collinsek Gose jokoak (Koro Navarrok itzulia, Alberdania).



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia