Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 12:07

2011-05-24

Kritika. Dantza

Bilaketa emankorra

Agus Perez

Kukai taldea. / JON URBE / ARGAZKI PRESS

'Karrikan'

Konpainia: Kukai. Koreografoak: Iker Gomez, Pantxika Telleria, Damian Muñoz, Virginia Gardia. Zuzendaritza: Jon Maia. DJ: DZ. Lekua: Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekua. Eguna: maiatzak 21.

Azken hilabeteotan eta Euskal Herriko hiru koreograforekin kolaboratuz Karrikan ikuskizuna prestatu du Kukai konpainiak, eta pasa den asteburuan Hendaiako Antzerkiaren Maiatza festibalean aurkeztu da bilaketa horren emaitza aberasgarria.

Emankizuna hasi baino lehen DZ disko jartzailearen lanaz gozatzen egon gara, bera izan delako proposamen osoaren gidari musikala eta hiru piezei nolabaiteko batasuna eman diena. Izan ere, arratsaldeko lehen piezak –Iker Gomezen Aupa, mutil!– lotura zuzena eduki du haren rolarekin, sortzaileak protagonismo berezia eman baitie normalean dantzatik kanpo dauden zenbait alderdiri, hala nola pentsatu gabe esaten diren gauzei, erraietatik ateratzen diren oihuei, kritika sakoneko mezu subliminalei eta ekintza fisikoek berez duten indarrari.

Pantxika Telleriak ere –Fight for Fandango– oso proposamen interesgarria sortu du. Hasierako pasartean, neska eta mutila kirol-janzkeran eta Champions-eko musikarekin arin-arin moduko bat dantzatzen jarri ditu, eta hortik aurrera, txandaka baina jarraitasun batean joan dira dantzak eta musikak aldatzen, elkarrekin mintzatzen eta kontraste aberasgarriak sortzen, beste bi mutilen esku-hartze eszenikopean. Esate baterako, une jakin batean dantzariek kriskitin jotzen zuten Scarlattiren klabezin notek lagunduta, eta ikuskizunak dentsitate nabarmena hartu du, dantza garaikidea, barrokoa eta euskal dantza elkartzeko ahaleginean.

Hirugarren eta azken zatia –Damian Muñozek eta Virginia Garciak sinatzen duten Sorbatza– hitzik gabeko bakarra da, eta, itxura batean behintzat, estetika kaletar garaikideena erakutsi du, nahiz eta horretarako, bikote sortzaileak bere aspaldiko parametroetatik harago joan behar izan duen. Pieza honetan larruzko jakak eta bozgorailu handiak izan dira elementurik ikusgarrienak, eta lau dantzarien kemen izugarria primeran elkartu da DZren musika elektroniko erritmikoarekin. Gainera, eta beste piezetan bezala, kontraste itzela sortu da laurek aurresku basati bat dantzatu dutenean Bachen sonata baten notak entzuten ziren bitartean.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia