Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 12:06

2011-05-12

Ezarian. Zientzia. Klaus Hasselmann. Fisikaria eta matematikaria

«Mundua hobetzea ez da sakrifizio kontua, ikuspegi kontua baizik»

Ondorioak arintzeko lanean arituta ere, aldaketa badator, eta egokitu egin behar dugu. Hala uste du klima aldaketaren atzean arrazoi antropogenikoa dagoela erakutsi zuen zientzialariak.

Xabier Martin Bilbo

/ MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Gizakiaren jardunak Lurraren berotzean eragina duela frogatu duen fisikaria da Klaus Hasselmann (Hanburgo, Alemania, 1931). Haren metodoak, fingerprinting-ek (klimaren aztarnak), aukera ematen du eguraldiaren aldaketa naturalak eta berotegi efektuko gasen eragina bereizteko. Eguraldia ikertzen diharduten zientzialari gehienek 2007an esan zuten argi eta garbi «oso litekeena» dela giza jarduna izatea klima aldaketaren arrazoi nagusia. Oso litekeena %90eko segurtasuna da haientzat, eta Hasselmannen metodoari esker ausartu ziren hori onartzen —matematika kalkulu anitz kontuan hartzen dituen ariketa konplexu bat da metodokoa—. Ordu arte, ezbaian zegoen gizakiak zenbaterainoko eragina zuen Lur planetaren berotzean. Gaur egun, zientzialari gehien-gehienak onartzen dute gizakiaren jarduera dela arrazoi nagusia.

Max Plank Meteorologia Institutu ospetsuaren fundatzaile Klaus Hasselmann Bilbon izan da berriki; Klimagune Workshop ekimenaren barruan hitzaldia eman du, eta Euskalduna jauregiko leiho ikusgarrietatik Iberdrola Dorreari eta Sheraton hotelari so erantzun die kazeta honen galderei.

Gizakiaren eskua da planeta berotzearen erantzule nagusia. Eztabaida hori gaindituta dagoela diozu. Zein da orain eztabaida nagusia klima aldaketaren auzian?

Zientziaren komunitatean zalantzarik eragiten ez duen egitate bat da klima aldaketa gertatzen ari dela eta gizakiaren jarduera dela horren arrazoi nagusia. Biztanleriaren artean, oro har, gehienek sinesten dute gutako bakoitzaren erantzukizuna dela ger- tatzen ari dena. AEBetan, biztanleriaren %70ek uste dute klima aldaketa gertatzen ari dela eta %60k uste dute gizakia dela erantzule nagusia, baina arazoa da interes handiak daudela ildo hori gera dadin. Kanpaina bortitzak egiten ari dira energia industriak eta bereziki petrolioaren industria begi bistakoa den hori zalantzan jartzeko.

Dagoeneko aldaketa gertatzen ari dela diozu. Datorrena zalantzarik gabe etorriko da? Zer datorkigu? Neurri batean saihestu edo arindu daitezke ondorioak?

Etorriko dena uste baino arinagoa izan dadin lan egin behar dugu; ekimena hartu behar dugu horretarako, baina aldi berean etorriko denari egokitzeko lana ere egin behar dugu, arindu edo ez, etorriko baitira aldaketak. Ekonomia berdean inbertitzea ezinbestekoa da. Horrek aldaketak arintzen lagunduko du batik bat. Egokitu egin beharko dugu, nolanahi ere, baina neurriak hartuz joatea bide egokia da.

Australiako uholdeak, AEBetako tifoiak, lehorte izugarriak, elur ekaitz bortitzak… azken hilabeteetan hondamendi izugarriak gertatu dira mundu zabalean. Irudi ikusgarri horiek zerikusi zuzena dute jadanik gertatzen ari den klima aldaketarekin?

Gaur egun ezin dugu zientifikoki frogatu oraindik. Esku artean ditugun ereduek, etorkizunerako ereduek, iragartzen dute gero eta maizago gertatuko direla ekaitzak, uholdeak, tifoiak… Baina klimaren fenomeno horien erregistroa laburregia da klima aldaketa fenomeno horiekin lotzeko. Kontua da politikak eta politikariek ez luketela itxaron beharko lotura hori frogatu ahal izan arte, itxarotea ez baita politika egokia.

Bai, baina modu zientifikorik ez dago, orduan, hondamendi horiek klima aldaketarekin lotzeko.

Duela hogei urte, sutsuki eztabaidatzen genuen gertatzen ari zen berotzearen atzean gizakiaren jarduna ote zegoen edo ez. Batez besteko tenperatura igotzen ari zen, baina nola frogatu arrazoi antropogenikoak zeudela horren atzean? 90eko hamarkada arte, ezin izan genuen frogatu gizakiren jatorria zegoela aldaketaren atzean; orain, badakigu. Eta horrek balio beharko luke beste maila bateko aldaketak, direla ekaitzen maiztasuna, uholdeen maiztasuna eta abar, gizakiaren ardura direla ere erabakitzeko. Burugabea izango litzateke hori frogatu arte itxarotea, denbora asko eskatuko baitu, eta zerbaiti ekiteko beranduegi izango litzateke.

«Norberaren erantzukizun morala» aipatzen duzu hitzaldietan. Herritarrari etengabe esaten zaio gaizki ari dela, ura aurreztu behar duela, energia aurreztu behar duela, zaborra birziklatu behar duela; azken finean, bere bizimodua ez dela zuzena, ez datorrela bat naturarekin. Bidezkoa al da banakoaren bizkarrean uztea erantzukizun guztia? Zergatik ez zaie gobernuei, multinazional boteretsuei presio handiagoa egiten?

Galdera ona da hori, eta erantzun zaila dauka. Bi alorretan estutu behar dela uste dut nik. Norberaren alorrari dagokionean eragin behar dugu. CO2 gutxi isurtzen duten autoak erosi behar dira, trena erabili, eraikinak ongi isolatu, eta abar. Baina, aldi berean, gobernuek lagundu behar dituzte neurri horiek; bestela, ez dute inolako eraginik izango. Denak batera egin behar dugu. Zergak ordaintzen diren bezala, ardura sozial bat dago hemen. Partekatuta dagoen ardura da azken finean: gobernuak erantzule dira, baina banakoek ere beren erantzukizuna dute.

Zein iritzi duzu geoingeniaritzaren gainean? Arlo horretako proposamenen batek balio al dezake klima aldaketaren ondorioak arintzeko?

CO2a gutxitzeko esperimentu batzuk egiten ari dira, eta zuhaitz gehiago landatzen badituzte horretarako, ba, primeran. Geoingeniaritzak proposatzen dituen beste bide guztiak zalantzan jartzeko modukoak dira. CO2a bahitzeko saioak ere arriskutsuak izan daitezke. Oro har, geoingeniaritzaren bidean aritzea politika arriskutsua da, egin behar dena CO2 gutxiago sortzea baita. Horretarako teknologia bai baitugu jadanik; eguzki energiaren bidez edo hidroelektrikoaren bidez, esaterako. CO2 sortzen ez duten energien alde egin behar da.

Klima aldaketaren erronka berriz aztertu behar dela esan ohi duzu. Erronka hori aukera bat dela diozu, mundu hobe eta garbiago bat lortzeko. Ez ote zara baikorregia?

Ez dakit gizarteak zer egingo duen, ez naiz gai hori aurrez ikusteko, baina badakit mundua hobetzeko bide bat badagoela. Historian zehar zibilizazioak erakutsi du gai dela hobekuntza handiak egiteko, aldaketak ezartzeko. Hori gertatzen da aldaketak beharrezkoak direla ulertzen denean. Gobernuek ereindako hazien ondotik izaten dira aldaketa horiek; ez datoz ekimen pribatutik. Mundu hobe batera eramango gaituen bidea urratzea posible da, bana hori bultzatuko duten politikak behar dira. Ez da sakrifizio kontua, ikuspegi kontua baizik.



 

Geoingeniaritza

Jolas arriskutsua

Klima aldaketaren ondorioak saihestezinak dira jadanik zientzialari askorentzat. Haietara egokitu ez, baina eguraldia aldarazi nahi du geoingeniaritzak. Aditu askoren irudiko, Lurraren orekari oso modu arriskutsuan eragingo liokete geoingeniaritzaren teknologiek.

Nazio Batuek atzerapen bat onartu zuen iaz geoingeniaritzari dagokionez. Zuhurtasun printzipioa lehenetsiz, teknologiok arrisku handikoak direla garbi utzi zuen erakundeak. Alorreko ekimen publiko nahiz pribatua gerarazteko eskatu zuen, bioaniztasuna jokoan dagoela sinetsita. Ez da gutxiagorako. Estratosferan sulfato partikulak hedatu eguzkiaren argia zertxobait estaltzeko; hodeiak zuritu euria eragiteko; tonaka burdin partikula itsasora jaurti fitoplanktonaren bidez karbonoa xurga dadin… Proposamenak asko dira, eta askorentzat, harrigarriak. Guztiek dituzte bi aldagai komun: eraginkorrak izateko, mundu osoan gauzatu beharko lirateke, eta guztiek izango lukete eragin izugarria bioaniztasunean. Ondorioak, Londresko Royal Societyk berak iazko azaroan aitortu zuen moduan, ezin izango lirateke aurreikusi kasu askotan. Honatx geoingeniaritzaren proposamen batzuk.

1. AEROSOLAK ESTRATOSFERAN

Lurrera iristen diren eguzki izpiak, gure atmosferan sartu gabe espaziora itzularazi nahi du teknologia honek. Estratosferan partikula ugari zabalduz lortu nahi du. Planetaren leku jakinetan (Artikoan, kasurako) eguzki argia zertxobait desbideratzea (%2) CO2 isurien kaltea orekatzeko balioko luke, teknologiaren bultzatzaileen ustez. SuperJumbo hegazkinak bidaliko lirateke, atmosferaren goi geruzetara partikula hodeiak zabaltzera; dioxido sulfuro edota azido sulhidriko partikulak erabiliko lituzkete.

2. HODEI ARTIFIZIALAK

Hodeiak ereitea da beste ideia bat. Eguraldia menderaturik legoke hein batean, euria non eta zenbat egin behar duen erabaki ahal izango bailitzateke. Zilar ioduroa edo izotz lehorra (karbono dioxido izoztua) hedatu beharko litzateke atmosferan, euria eragiten duten prozesu naturalak azkartzeko. Hodeietan gatza txertatzea da beste modu bat. Edinburgoko Unibertsitateko zientzialari Stephen Salterrek 300 tonako ontziak eraikitzea proposatu du. Itsasoko uraren tantak atomizatuko lituzkete atmosferan ontzi hauek, modu horretan hodei handiak sortzeko.

3. ISLATZAILE ESPAZIALAK

Lurrarri eguzkitakoak ipintzea litzateke hitz gutxitan; zientziarekin bainoago zientzia fikzioarekin lotutako proposamena. Ilargian beirazko islatzaile erraldoi bat kokatuko lukete, Lurrera doan energia jarioa gutxitzeko. 1.000 bilioi ispilu txiki espazioratzea ere proposatu dute. Minutu oro milioi bat jaurti beharko lirateke datozen 30 urteotan.

4. METEORIZAZIOAREN AZKARTZEA

Badira CO2 kontsumitu edo metatzen duten arrokak eta mineralak Lurrean. Prozesu hori azkartzea proposatzen dute. Mineralizazioaren erreakzio naturalak azkartzeko teknologiak ikertzen dihardute. Aurkako iritzi ugari bildu ditu geoingeniaritzaren barruan ere.

5. OZEANOAK ONGARRITU

Itsasora burdina botatzea ere proposatu dute. Ongarritu egin nahi dute ozeanoa, algak eta fitoplanktona izugarri haz daitezen. CO2a harrapatzen du itsasoak alga horien bidez; karbono dioxidoa itsasoak bahitzea nahi dute era horretan.

6. LURREKO ISLATZAILE ERRALDOIAK

Eguzki erradiazioa kanporatzeko Lurra bera distiratsuago bihurtzeko proposamena ere bada. Elur paisaietan zuhaitzak ezabatzea proposatzen dute, adibidez, paisaia distiratsuagoa izan dadin. Eragin gutxiko teknika dela aitortu dute gehien-gehienek.

7. KARBONOA BAHITU

Argindarra sortzeko zentroek eragiten duten karbono dioxidoa bahitu nahi dute. Ostean, itsasora jaurti edo beste nonbait metatuko lukete, CO2 biltegietan. Milioika urteetarako egongo litzateke biltegi horietan. Prozesu kimiko konplexuen bidez egingo litzateke bahitzea.

8. ZUHAITZ ARTIFIZIALAK

Zuhaitzek eta landareek garbitzen dute CO2 gehien Lur planetan, modu naturalean. Prozesu hori kopiatzea lortu dute jadanik zientzialariek zuhaitz sintetikoen bidez. Benetako zuhaitzek baino CO2 gehiago harrapatzen omen dute. Goi mailako teknologiako dorreak baino ez dira zuhaitzok.

9. CO2 GARBITZAILE ERRALDOIAK

Jadanik badira sistema komertzialak CO2 harrapatu eta beste prozesu industrialetarako baliatzen dutenak. Baina ez dituzte probatu modu orokor batean. CO2 harrapatu eta aire garbia bihurtzeko prozesua oso garestia da oraindik. Ildo honetatik ikerketa gehiago egingo dituztela dirudi.

10. SUMENDIEN ERUPZIOA

Proposamen arriskutsuenen artean dago sumendiak leherraraztea. Krakatoa sumendia lehertu zenean (1883; ezagutzen diren bortitzenetakoa) errauts hodeiek atmosfera estali zuten, eta Lurrera iritsi zen eguzki energia gutxitu egin zen. Lur planetan 0,5 gradu jaitsi zen tenperatura urtebetez gutxi gorabehera. Horrek urteetako eragina izan zuen. Sumendi baten erupzioa eragin nahi izateak argi eta garbi adierazten du geoingeniaritzaren arriskuak zenbaterainokoak izan daitezkeen.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia