Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 12:04

2011-04-06

Ezarian. Erlijioa

Fede txikien aberastasun mugagabea

Erlijio gutxituetako sinestunen kopurua gora egiten ari da. Etorkinak eta gizartearen sekularizazioa daude gertaera horren muinean. Erlijio bakarraren garaiak igaro dira.

Lander Muńagorri Bilbo

Ez dagokit niri gainerako erlijioetako idatziak kritikatzea edo gabeziak azpimarratzea. Alderantziz, bertan topa ditzakedan egiak praktikatzea eta zabaltzea, horixe da daukadan pribilegioa. (...) Era horretako hurbilketekin bakarrik praktikatu ahal izango dut erlijioen arteko berdintasuna», esan zuen behin Mahatma Gandhi politikari eta pentsalari indiarrak. Ideia hori aintzat hartuta, atzoz geroztik Erlijioen Arteko II. Jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, Arrupe Etxean, Ellakuria fundazioaren eskutik. Era horretan, hainbat erlijiotako kideak bilduko dira, eta bestelako sinesmenak ezagutuko eta bakoitzaren fedea aberastuko.

Gaur egun, beste erlijio batzuen egiak ezagutzeko eta haien sinesmenera inguratzeko aukera aparta dago Euskal Herrian. Ez daude alferrik 11 erlijio gutxitu inguruan. Horien inguruan ikasteko asko daukagula dio Saioa Bilbaok, Ellakuria zentroko ikertzaileak.

Herritarrek ez daukate erlijio errealitate horien berri, Bilbaok azpimarratu duenez. Eta, horregatik, «erlijio gutxitu hauekiko begirunea eta errespetua, askotan, eskasa da. Gizarteak irudi txarra daukate erlijio txikien inguruan, ezjakintasun handia baitago, eta horren ondorioz askotan sektatzat hartzen dituzte», dio Bilbaok.

Eta erlijioen artean ere ez dago gerturatze handirik ere, Bilbaoren hitzetan, nahiz eta orain alor hori lantzen ari diren. «Elkarren arteko errespetua egon badago, baina, horretaz gain, esperientzia askorik ez dute partekatzen».

Txikien zailtasunak

Ellakuria zentroak, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Aita Arrupe Institutuarekin batera, Pluralidades latentes izeneko liburua argitaratu zuen martxoan, eta «bertan atera dugun ondorio nagusienetako bat horixe da, gizarteak erlijio gutxituak ez dituela behar den bezala ezagutzen, eta, orduan, gutxiestera jotzen du», Bilbaoren hitzetan. Horretaz gain, komunitate horiek elkartzeko lekuak lortzeko garaian izaten dituzten oztopoak ere aipatzen ditu «puben lizentzia berdinak eskatzen dizkiete, eta horrek kostu ekonomiko altua dauka». Ahaztu gabe, erlijio gutxituetako sinestunek «traba ugari» izaten dituztela askotan euren fedea adierazi ahal izateko. Hori dela eta, gizartearekin hezkuntzan lan handia egin behar dela uste dute Ellakuria zentrokoek.

Hazkunde nabarmena

Gizartean erlijio gutxituekiko ezjakintasuna nabarmena bada ere, haien hazkundea ere azpimarratzeko modukoa da. «Sinesmen horiek gero eta jarraitzaile gehiago dauzkate», azaldu du Bilbaok, eta fenomeno horrtean bi prozesu azpimarratu ditu. Batetik, sekularizazio prozesua, eta horren ondorioz errealitate berriak ikusteko askatasuna. Eta, bestetik, etorkinen fenomenoa ere azpimarratu du Ellakuria zentroko ikertzaileak. «Aspalditik bizirik zeuden komunitateak indartu egin dira etorkinekin, eta beste kasuren batean komunitate berriak ere sortu dira; musulman eta ortodoxoena, esaterako».



 

Felipe Lobo. Ebanjelista

«Eliza ebanjelikoak limosnak bakarrik jasotzen ditu»

L. M. Bilbo

Protestanteek Euskal Herrian izan duten presentzia askorentzako itzalpean geratu dela uste du Felipe Lobo Eliza ebanjelikoko artzainak. Historikoki ez dute sekula hedapen handia izan, baina garrantzi azpimarragarria izan dutela ezin da ukatu. Henrike VI.a Nafarroako erregeak, esaterako, Frantziako tronura iristeko bere protestante fedeari uko egin behar izan zion. Eta Joanes Leizarraga artzain kalbinistak, bestalde, Itun Berria euskaratu zuen XVI. mendean. Lehen haziak Euskal Herrian zabaldu baziren ere, ez zuen hedapen handirik izan, harik eta XIX. mendean Bilbon nazioarteko merkataritza portua egin zen arte.

Atzerritik etorritako merkatari haiek fede protestantea zabaldu zuten euskal langileen artean, baina inoiz ez zuten indar handirik izan. «Edozein modutan, gizarteari gogoratu egin behar zaio hemen protestanteek ere euren presentzia izan zutela», Loboren ustez. Fede protestantearen barruko korronte guztiak bere gain hartzen dituen komunitatea da Eliza ebanjelista, zeinak etorkinekin batera indar berri bat hartu duen. «Hego Amerikatik etorritako etorkin asko gure Elizara inguratzen da, handik fede katolikoarekin etortzen badira ere», dio Lobok. Azken denboraldian arazoekin dabiltza, ordea, «txanpinoi» deitzen dieten komunitateekin. «Edozein txokotan lagun talde bati otutzen zaio bertan komunitate protestante bat jarri nahi duela, eta ez dira guregana elkartzen», eta, ondorioz, horiek izan ditzaketen edozein arazok ebanjelistei eragiten diela azpimarratu du Lobok.

Laguntza eskasa

«Espainia herrialde laiko modura izendatuta dagoen arren, benetan ez da horrela. Elkar errespetatzen dugu, baina Eliza katolikoak baliabide ekonomikoak lortzeko modu ugari dauzka; guk, berriz, limosnak bakarrik jasotzen ditugu», dio Lobok.

Horregatik, «estatua gauza bat dela, eta Eliza beste bat dela esaten dugu guk», eta, horregatik, Elizak politikan duen esku hartzea ere kritikatzen du. «Guri normala iruditzen zaigu hainbat gairen inguruan estatuari berme batzuk eskatzea eta exijitzea, baina gobernuari eskatzen zaion bezala, oposizioari ere begiratu behar zaio», Loboren ustez.

Erlijio arteko harremanak

«Eliza ebanjelikoa harreman horietan sakontzen ari da, eta emaitza onak jaso ditugu», azaldu du erlijioen arteko harremanen inguruan. Musulmanekin izandako bileretan, esaterako, «euren gizarteetan egon daitezkeen akatsak onartu eta tolerantzian oinarritzeko eskatzen diegu», eta emaitza onak lortu dituztela azpimarratu du Lobok.



 

Ahmed El Anafi. Musulmana

«Gure erlijioaren inguruan handia da ezjakintasuna»

L. M. Bilbo

Azken hamarkadan, etorkinekin batera hazi den komunitatea da musulmanena. Baina hazten doan neurrian, gizarteak gero eta mesfidantza handiagoarekin begiratzen dio komunitate horri. «Gure erlijioaren inguruan dagoen ezjakintasuna handia da, pentsa dezakegun baino handiagoa», dio Ahmed El Anafi Euskal Herriko Islamiar Zentro Soziokulturaleko ordezkariak. Eta ezjakintasun horren ondorioz, gaur egun jasaten dituzten hainbat bazterketa kasuren sorburuan dagoela uste du El Anafik.

Era berean, jakitun da gizartearen zati batek musulman komunitatea baztertzen duenean, ezjakintasunaz gain, inguruan ikusten dituen ekintza asko orokortu egiten dituelako dela, eta horrek komunitate guztiari eragiten diola. Horregatik, «Euskal Herrian dauden musulman guztiei eskatzen diet, mezkitetan egiten ari garen bezala, autokritika bat egin dezatela eta islamak agintzen dituen balioen arabera bizi daitezela», hartara herritarrek musulmanak bazter ez ditzaten.

Horretan musulmanen komunitateak lan handia duela uste du, «eta gu saiatzen gara». Esate baterako, mendizale talde bat sortu zuten orain dela urte batzuk hainbat euskaldunekin batera, «hemengoa den kirol hori elkarrekin egiteko».

Itxaropena

Azken hilabeteetan arabiar herrialdeetan gertatzen ari diren iraultzek, gainera, musulmanak gaizarteratzen lagunduko duela uste du El Anafik. «Hemen dauden hainbat etorkin euren herrialdeetara itzuliko baitira, bertako egoera politiko, sozial eta ekonomikoa hobetu egingo delako». Eta horrek guztiak hemengo biztanleekin dituzten harremanak hobetuko dituela ziur agertu da El Anafi.

Euren erlijioa adierazteko, gainera, musulmanek zailtasunak topatzen dituzte, «islamaren arabera, egunero hamar minutuz egin behar baitugu otoitz edo halal haragia jan behar dugulako», dio El Anafik. Horiek eta beste hainbat neurri betetzeko garaian, zailtasunak dauzkate Euskal Herrian, eta horretan lan handia egiteko dagoela azpimarratu du Ahmed El Anafik.



 

Maddi Bediaga. Bahai fedeko kidea

«Erraz nahasten dira erlijio txikiak eta sektak»

L. M. Bilbo

Bahai fedea Iranen sortu zen, XIX. mendean Bahaula erlijio gizonaren eskutik. Sinesmen horren arabera, munduan Jainko bakarra dago, eta mendeetan mezulari edo profetak bidali ditu mundura: Buda, Jesukristo eta Mahoma, besteak beste. Beraz, bahai fedearen arabera, munduko erlijio guztiak Jainko beretik datoz.

Apaizik ez dago erlijio horretan, «gure ordezkariak urtero egiten dugun bozketa baten bidez aukeratzen ditugu», dio Maddi Bediagak, bahai fedeko kideak. «Gauden hiri bakoitzean bederatzi ordezkari aukeratzen ditugu, eta horiek zuzentzen dute komunitate bakoitza», zehaztu du. Apaizik ez daukaten bezala, erriturik ere ez daukate, «ez meza bat bezala behintzat». Hemeretzi egunez behin elkartzen dira, eta bilerak egiten dituzte, «baina bilera informalak dira, ez dago eredu finkorik». Irakurketa batzuk egiten dituzte, horren inguruan hitz egin eta otoitz egiten dute.

Erlijio kultura eskasa

Euren fedea praktikatzeko garaian ez du inongo trabarik sumatzen Bediagak, baina gizarteak erlijio kultura eskasa duela, hori garbi ikusten du. «Horren ondorioz, oso erraz nahasten dira erlijio txikiak eta sektak», dio. Eurei askotan gertatu zaiela azpimarratzen du bahai fedeko kideak, eta «horrek asko tristatzen gaitu, talde handiei eta txikiei ez baitzaie begi berberekin begiratzen». Horregatik, erlijioen inguruko informazioa ondo eman beharrekoa dela iruditzen zaio Bediagari.

Hala ere, bera ez da sekula baztertua sentitu. Jende askok bahai fedearen inguruan duen ezezagutza jakin-min bihurtu izan da.

Bahai fedearen lehen sinestun euskaldunaren berri 1935ean kokatzen du Bediagak, Miarritzen. Baina ez zen fededun hura izan bahai fedea Euskal Herrian zabaldu zena, Lapurditik Parisera joan baitzen. Lehen komunitatea hainbat urte beranduago sortu zen, 70eko hamarkadan, Bilbon.

Orduz geroztik, erlijio hori ahoz aho joan da zabaltzen, egun dituen 200 sinestunen kopurura iristeraino.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia