Berria.info

Igandea, 2014ko apirilak 20 - 16:36

2011-03-30

Liburu digitala. Euskarazko eskaintza

Bideak bi, zalantzak ugari

Irakurgailu elektronikoetarako liburuak eskaintzeko sortutako webguneak hastapenetan daude; deskarga gutxi daude oraindik, eta etorkizunean egin beharreko urratsak guztiz definitu gabe dauzkate.

Juan Luis Zabala

Irakurgailu elektroniko bat, Liburu-eren eskaintzako liburu batzuekin. / JON URBE / ARGAZKI PRESS


Orri bat, irakurketarako prest. / J. U. / ARP

Euskarazko liburu digitalen zabalkunderako bi gune sortu dira oso denbora gutxian: komertziala bata, Gurebook denda digitala; doakoa bestea, Liburu-e bilduma. Baina eskaintza oso urria da oraindik ere. Euskal Herriko argitaletxeek azken urteetan ekoitzitako 312 liburu ditu salgai Gurebookek, gehienak euskarazkoak baina gaztelaniazkoak ere ez gutxi; Liburu-ek euskarazko 249 liburu eskaintzen ditu doan, nahiko zaharrak denak, dagoeneko paperezko liburuen merkatuaren ohiko zirkuituetatik kanpo geratutakoak.

Gurebookek ez du salmenten kopuru zehatzik eman, eta Liburu-ek ez du doako deskargen kontaketarik egiten. Baina, zantzu guztien arabera, kopuruak oso txikiak dira oraingoz. Gurebook nahiz Liburu-e liburu digitalen zabalkundearen eta merkaturatzearen panorama orokorrean lekua hartuz joateko sortu dira, proba gisa eta etorkizunean hartu beharreko jokabideen inguruko zalantza handiekin. Mugimendu handiak, halakorik izanez gero, gero etorriko direlakoan.

Gurebook izaten ari den erantzunarekin pozik dago Ixiar Uria, denda digitalaren arduraduna; hala ere aitortu du «geldoa» izaten ari dela aurrerako bidea. «Ohiturak aldatzea zaila da, eta jendea begira dago oraindik ea zer datorren mundu digitalean. Horregatik, esango nuke erantzuna oso ona izaten ari dela». Salmentetatik landa, Gurebooken helburuetako bat «jendeari zerbitzua eskaintzea da, jendearekin komunikazio zuzena izatea», eta bloga ere badu horretarako. «Jendeak jakin-mina eta gogoa badu, eta irudipena da badagoela mugimendua, ez gaudela geldirik». Argitaletxeko arduradunek ere baieztatu dute oraingoz fakturazioak oso urriak dela.

Hala eskaintzan, nola gerorako asmoetan, alde handiak daude Gurebooken eta Liburu-eren artean. Liburu elektronikoaren inguruko sakoneko planteamenduak ezberdinak izatearen ondorio dira alde horiek. Ikusteko dago, ordea, planteamendu horiek etorkizunean zer jokabide eratortzen dituzten, arduradunak ez baitaude etorkizunak liburu digitalen arloan ekarriko duenaz oso seguru. Ezta eskatuko dituen jokabideez ere.

Gurebookek egun eta hemengo liburuak saltzen ditu, paperezko liburuaren merkatuan bizirik daudenak, irakurgailu elektronikorako formatuetan, hau da, e-pub edo pdf. Alberdania, Elkar, Erein, Ttarttalo eta Txertoa argitaletxeek hartu zuten parte egitasmoaren hasieran, eta orain, bost argitaletxe horietakoez gain, beste bosten liburuak ere eskaintzen ditu: Arrain, Desclee, Mezulari, Pamiela eta Sua. Euskal Herriko argitaletxeen liburu digitalen erosketarako erakusleiho erreferentziala izateko bokazioz sortua da Gurebook.

Liburu-ek, aldiz, paperezko liburuen merkatutik kanpo dauden liburuak eskaintzen ditu, doan, Gurebooken eskaintzako bi formatuetan, hau da, e-pub eta pdf. Euskal literaturako klasikoak dira liburu gehienak, XVI. mendetik hasi eta XX. mendearen hasiera arte, eta 36ko gerraren ondorengo zenbait autoreren lan bakan batzuk ere bai. Horretaz gain, Literatura Unibertsala bildumako lehen ehun liburuen artetik aukeratutako 50 ere badaude. Susa argitaletxearen inguruko idazle, editore eta eragileek sortu dute Liburu-e, Armiarma atariaren barruan. Atari horrek euskarazko 3.000tik gora liburu eskaintzen ditu sarean —baina irakurgailu elektronikorako prestatu gabe—, Liburu-e atalean bildutako 249ez gain.

Salneurria, argitaletxeen esku

Denda gisa egiten duen salmenta lanarengatik, Gurebookek erosleak liburu bakoitzarengatik ordaindutakoaren %20tik %25era bitarte jasotzen du, baina liburuaren salneurria ez du Gurebookek erabakitzen. «Gurebook denda bat da, eta guk argitaletxe bakoitzak eraman nahi duen prezio politika errespetatzen dugu», dio Ixiar Uria Gurebookeko arduradunak. «Alde horretatik, askatasuna dute. Batzuek paperezkoa baino askoz merkeago jar ditzakete liburu digitalak, beste batzuek paperezko liburuaren neurritik gertu». Idazleari egile eskubideengatik zenbat ordaindu ere argitaletxe bakoitzaren erabakia da.

Batez beste, paperezko liburuak baino %25 edo %30 merkeago eskaintzen ditu Gurebookek formatu digitalekoak, argitaletxe gehienek salneurri horren alde egin dutelako. «Kanpoko denda digital gehienetan, jaitsiera berdintsua egiten dute, paperezkoarekin alderatuta, eta %30 merkeagoa ematen dira liburu digitalak batez beste», Uriak dioenez. «Eta gurean ere batez bestekoa inguru horretan dabil».

Egile eskubideen aldetik, ale digital bakoitzeko salmentan idazleak paperezkoarekin adina edo gehiago irabaz dezan ahalegintzen ari dira Gurebookeko argitaletxean. Horretarako, liburu digitalak paperezkoak baino merkeago saltzen direnez —eta, gainera, ordaindu beharreko BEZa handiagoa denez—, bezeroak ordaintzen duen diruaren portzentaje handiagoa bideratzen da egilearengana liburu digitalen kasuan.

Paperezkoetan egileak liburuaren salneurriaren %10 jaso ohi badu, digitaletan gaur egun %15 edo %17 inguru jaso ohi du kasurik gehienetan. «Paperean 10 euro balio duen liburuaren kasuan, saltzen denean %10 da egilearentzat, euro bat», azaldu du, adibide argigarri bat jartzeko asmoz, Jorge Gimenez Bechek, Alberdania argitaletxeko arduradun eta Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak. «Formatu digitalean, 7 euro (%30 gutxiago) balio du liburuak. Guk deskargako euro bat emango diogu egileari, eta horrek esan nahi du portzentaje handiagoa jasoko duela. Kopuru bera, baina salmentaren portzentaje handiagoa». Elkarrek eta Ereinek ere Alberdaniaren antzeko kopuruekin egiten dituzte kontratuak.

Liburu-en ez da oraingoz diru mugimendurik, egile eskubideen ordainketa beharrik ez duten liburuak direlako eskaintzen direnak, eta doan ematen direlako. Eduki hori aberasteko eta bestelako liburuak eskaintzeko asmoa dute arduradunek, baita merkatuan dauden liburu berriak ere. Ez dakite, ordea, merkatuan dauden paperezko liburuen bertsio digitalak eskaintzen hasiz gero nola jokatuko duten. «Oraindik ez dakigu liburua erabat doakoa izango den, dohaintza bat egiteko aukera izango den, nola bermatu egile eskubideak, egileak hala nahi duenean behintzat…», azaldu du Mikel Elorzak, Liburu-eren sortzaile eta arduradunetako batek. «Bazkideekin, lagunekin eta idazleekin gogoeta fasean gaude, hori nola egin pentsatu eta erabakitzeko».



 

Aurkako erreakzioak sortu dituzte Gurebookeko liburuen salneurriek

«Zenbakietan oinarritu gara», dio Gimenez Bech editoreak, garestiegi daudela diotenei erantzunez

J. L. Zabala

Liburu digitala obra beraren paperezko bertsioa baino %25 edo %30 merkeago dago, kasurik gehienetan, Gurebooken, eta DRMa edo giltzarrapoa du, hau da, bost edo sei irakurgailu elektronikotan erabil daiteke, ez gehiagotan. Gurebookek liburu digitalak merkeago eta DRMrik gabe saldu beharko lituzkeela uste dutenetakoa da Mikel Elorza, prentsan agertu diren hainbat kritikarekin bat eginez. «Begien bistakoa da liburu digitala produkzio kostuen aldetik askoz merkeagoa dela, eta niri oso garestiak iruditzen zaizkit liburu batzuek Gurebooken dituzten salneurriak».

«Salneurri horiek erabaki dituzten argitaletxeetako arduradunek paperezko liburuak saltzen jarraituko dute, eta horregatik jarri dituzte prezio horiek», Elorzaren ustez. «Liburu elektronikoaren gunea izan arren, paperaren eskemari jarraituz pentsatua dago Gurebook. Merkatua paperean zentratzen den bitartean, prezio altu horiei eutsiko zaie».

«Liburu elektronikoak iraultza txiki bat dakar, eta gure lan egiteko moldeak egokitu egin beharko dira», erantsi du Elorzak. «Egile eskubideen alde erabiltzen diren argudioen %90 ez ditut neure egiten. Uste dut ez dela egile eskubideen defentsa egiten, produktoreena edo beste norbaitena baizik. Baina egia da egile eskubideak ere hor daudela, eta berriz aztertu egin beharko dela horien kudeaketa. Fase horretan gaude, eta kostako da hori nola egin erabakitzea. Bere burua definitzen ari den mundu bat da».

Gurebooken liburu digitalak saltzen dituzten argitaletxeetako arduradunak ere ez daude «guztiz seguru eta eroso» salneurrien inguruan hartu dituzten erabakiekin, Jorge Gimenez Bechek dioenez. «Baina zenbakietan oinarrituta hartutako erabakiak dira. Ahal dugun bezain laster, guk ere jaitsi egingo ditugu prezioak. Gure asmoa da merkatu digitala indartzea, ez oztopatzea».

«Egia da kostuak gutxitzen direla, baina neurri bateraino», argitu du Gimenez Bechek, Gurebookeko liburuak garestiegi saltzen direla dioen kritikari erantzuteko. «Liburu bat lehendabizi paperean eta gero formatu digitalean argitaratzen denean, gastu gehienak paperezkoari bezala digitalari dagozkiola uste dut, edo, bestela, norbaitek esan beharko dit zergatik dagozkion gastu horiek soilik paperezkoari: edizio lana, itzulpena, zuzenketa, editorialaren funtzionamendu gastuak… Horrela jokatuko bagenu, penalizatu egingo genuke liburu digitalari eusten ari zaion industriatxoa, hau da, paperezko liburuen industriatxoa. Ez diot inongo logikarik ikusten gastuak kalkulatzean hainbat gastu paperezkoari soilik egozteari».

Azken batean, Gimenezek Bechek dioenez, inprenta gastuak baino ez dira aurrezten, funtsean, liburu digitalaren edizioan. «Gainera, horren ordez beste gastu batzuk sortzen dira, lehen sortzen ez zirenak. Inork ez dezala pentsa, modu profesionalean lan egin nahi izanez gero behintzat, paperezko maketatik abiatuta automatikoki sortzen denik liburu elektronikoa. Edizio elektronikoak bere gastuak ere baditu. Aurrezten denari kendu behar zaio liburua euskarri digitalean egiteko egin beharreko gastua».

Zailtasun erantsi bat dago, gainera, «koiunturala» bada ere: liburu digitala ez da legearen ikuspegitik liburutzat jotzen, softwaretzat baizik. «Horrek esan nahi du BEZa %18koa duela, eta ez %4koa, paperezko liburuak bezala», azaldu du Gimenez Bechek. «Hau da, 4,5 gehiagoko BEZa du, paperezkoaren aldean. Hori ere datu garrantzitsua da, eta eragiten du liburu digitalen salneurrian».



 

Datua

Salduena, 'Haur besoetakoa'. Jon Miranderen Haur besoetakoa nobela da Gurebooken eskaintzan gehien saldu dena; 3,99 euroan dago salgai. Haur besoetakoa doan eskura daiteke Liburu-en, baina beste edizio batean: Gurebookekoa Ereinek 2007an argitaratutakoa da; Liburu-ekoa Kriseilu-Lurrek 1970ean argitaratutakoa.



 

Liburu elektronikoak jakin-mina piztu du, baina salmentak oso mantso doaz

Iragan Eguberrietan irakurgailu elektroniko asko saldu zen, baina erabilera oraindik ez da uste zen adina zabaldu

J. L. Z.

Irakurgailu elektronikoak ez du azken urteetan espero zen adinako gorakadarik izan, baina liburu digitalen irakurketarako gailu eta euskarri berrien komertzializazioak susperraldia ekarri du azken hilabeteotan. AEBetako datuak esanguratsuak dira: iazko urtarrilarekin alderatuz gero, aurtengoan %115,8ko gorakada izan du liburu digitalen salmentak, AEBetako Editoreen Elkarteak eman dituen datuen arabera. 32,4 milioi dolar fakturatu ziren iazko urtarrilean, 69,9 aurtengoan. Audio-liburuen deskargen salmentak ere gorakada nabarmena izan du, %8,8koa.

Hala ere, liburuen salmenten fakturazioak %2ko jaitsiera orokorra izan du. Kontuan hartu behar baita liburuen fakturazio orokorraren %10 inguru dela AEBetan liburu digitalei dagokiena.

Euskal Herrian ere —azken urteetan salmentak nahikoa geldituta egon ostean— irakurgailu elektronikoen salmentak igoera handi samarra izan zuen iazko abenduan, hainbat saltoki handitako saltzaileek BERRIAri adierazi diotenez. Eguberrietan izan zen gorakadarik nabarmenena, oparitarako objektu gisa batez ere.

Gorakada handiaren zain

Ez da, beraz, oraindik ere iritsi irakurgailu elektronikoen —eta horrekin batera liburu digitalen— esperotako boom-a, baina salmentek gora egiten jarraitzen dute, eta litekeena da, saltzaileen ustez, bat-bateko gorakada ez urruti izatea.

Donostiako Udal Liburutegiaren Sareak irakurgailu elektronikoak maileguan hartzeko aukera eskaintzen du iazko maiatzaz geroztik. Teknologia berrien erabilerarako diru laguntzak baliatuta, 35 irakurgailu erosi eta sareko liburutegietan banatu zituzten, eta irakurgailu guztiak maileguan eta erreserbatuta egoten dira beti harrezkero. «35 aparatu gutxi direla ikusi dugu, eta gehiago erosteko eta eskaintzeko asmoa dugu», adierazi du Arantxa Urkiak, Donostia Kulturako liburutegi zerbitzuko arduradunak.

Irakurleen artean irakurgailu elektronikoaren inguruan jakin-min handia dagoela erakusten dute datu horiek, Urkiaren ustez, eta liburutegietako irakurgailu elektronikoetan liburu berriagoen kopia digitalak balira, are estimazio handiagoa izango lukete aparatuek. Donostiako liburutegietako irakurgailu bakoitzak 300 liburu digital ditu barruan, eta horien %20 inguru baino ez dira euskarazkoak, Auspoa saileko aspaldiko obrak gehienak.



© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia