Berria.info

Astelehena, 2014ko apirilak 21 - 06:32

2011-02-18

Arraina, 'tupperware'-an

Arraina biltzeko papera eta ondoren etxera eramateko ohiko plastiko poltsak baztertu ditu Berako arrandegi batek, eta, ordainetan, 'tupperware'-ak banatu ditu bezeroen artean.

Irene Arrizurieta Bera

Berako Amaleun arraindegian pozik daude, tupperware-ak banatu zituztenetik zakar gutxiago dutelako. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Berako Amaleun arrandegiko erosleek jada ez dute eraman behar arraina paperean bilduta eta plastikozko poltsetan etxera. Eginkizun horretarako, 400 tupperware banatu dituzte bezeroen artean. Dendako hiru arrain saltzaileak oso pozik daude hartutako erabakiarekin, zabor gutxiago pilatzeaz gain txukunagoa delako arraina etxeratzeko asmatu duten modua. Bezeroek ere erosoagoa dela diote.

Begi bistako arrazoi praktiko batek eragindako trabagatik hartu zuten plastikozko poltsak eta papera tuperware-ekin ordezkatzeko erabakia Amaleun arrandegian. «Egunero zaborra aunitz pilatzen zen», dio Ixiar Elortzak, arrandegiko jabeak. «Arrandegian urarekin ibiltzen gara etengabe. Arraina, paperean bildu ondoren, plastikozko poltsa txiki batean sartzen dugu, ura bota ez dezan, eta, gero, mahukak dituen beste handiago batean ematen diogu bezeroari, etxera eraman dezan. Azkenean, bezero bakoitzak bi-hiru plastiko poltsa eta papera eramaten zituen». Gainera, beste denda batzuetan ematen dituzten plastikozko poltsak ez bezala, arrandegian eskuratzen dena ezin da berriro erabili, arrain usaina hartzen duelako.

Tupperware-ak banatzen hasi zirenetik, berriz, papera eta plastikozko poltsen erabilera kasik hutsera jaitsi zaie. «Ez duzu imajinatu ere eginen. Azken asteetan apenas paratu ditugun poltsak eta paperak». Hilean hamar kilo paper eta plastiko gastatzen zituzten arrandegian.

Tupperware-ak ematen otsailaren hasieran hasi ziren. Jada 400 banatu dituzte, eta beste ehun eskatuak dituzte, azkar gelditu zirelako bat ere gabe. Erosleen artean banatu dituzten ontziak hiru litrokoak dira, gardenak, eta kolore deigarrietako estalkiak dituzte: arrosa, laranja, urdina eta berdea. Azalean arrandegiko logotipoa dute. «Egitasmoarekin denok irabazten dugu. Ekologikoagoa izateaz gain, erosoagoa eta garbiagoa da».

Arrandegian aritzen diren hiru lagunak ez eze, bezeroak ere pozik daude neurriarekin. «Gaur bertan [atzo], etorri diren bezero gehienak beren tupperware-arekin etorri dira. Sukalderaino sartzen den ontzi bat da eta armairuan gordetzen duzu. Ez da ahazten erraza. Jendeari asko gustatu zaio».

Bezeroei hartutako ideia

Tupperware-ak arrain erosleen artean banatzeko ideia bezeroei hartu zieten arrandegikoek. Beran arrandegia izateaz gain, arrandegirik ez duten Bortzirietako beste hiru herritara ere banatzen dute arraina, furgonetan: Arantza, Igantzi eta Etxalar. Etxalarren astearteetan eta ostiraletan saltzen dute, eta Arantzan eta Igantzin, asteazkenetan. Herri kaskotik urruti dauden Berako auzoetan ere ematen dute zerbitzua, ostegunero. Herri horietan bezeroetako batzuk erretilu batekin ateratzen omen ziren arraina erostera. «Oso txukuna dela ikusi genuen eta hortik etorri zitzaigun tupperware-ak banatzeko ideia», gogoratu du Elortzak. Hasieran bizpahiru bezerok bakarrik erabiltzen omen zuten azpila arraina jasotzeko, baina denborarekin gero eta gehiago hasi ziren arraina modu horretan eramaten. «Ahoz ahoko kontua izan zen».

Onurak ikusirik, Bortzirietako Zabor Mankomunitatea ideia nola zabaldu pentsatzen hasi ei da.



Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia