Leteren heriotzean
Kantaria eta poeta Donostiako ospitalean hil da bart, 66 urte zituela; ostiralaz geroztik ingresatuta zegoen egoera larrian
Ez Dok Amairuren sortzaileetako bat izan zen, eta hainbat kantu gogoangarriren egilea
Iñigo Astiz.
Xabier Lete kantari eta poeta atzo gauean hil zen Donostiako ospitalean. Ostiralaz geroztik ingresatuta zegoen, eta bere osasun egoerak nabarmen egin zuen okerrera hurrengo orduetan. Oso egoera larrian eman zuen atzoko egun osoa eta gaueko bederatzi eta erdiak aldera heldu zen Leteren heriotzaren albistea. 66 urte zituen.
1985ean gaixotasun larri bat antzeman ziotenetik, Xabier Leteren osasunak gorabehera handiak izan zituen. Horrek eraman zuen jendaurreko agerpenak murriztera eta bizimodu lasaiagoa eramatera. Ostiral goizean ondoezik sentitu eta erietxera joan zen bere jabuz. Medikuek berehala ingresatzeko agindu zuten.
Lete Oiartzunen jaio zen 1944an, eta gazte-gaztetatik irakurzaletasuna izan zuen, eta ondoren idazten hasi zen, poesia. Zeruko Argia aldizkarian kolaboratzen hasi ondoren kultur giroan murgildu zen eta garai hartako beste sortzaile batzuk ezagutu zituen, tartean JosAnton Artze. Harekin eta Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Angel Irigarai, Lourdes Iriondo eta beste batzuekin batera Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetariko bat izan zen 60ko hamarkadan. Maiz kontatu zuenez, taldekideei laguntzearren hasi zen joaten emanaldietara, abesteko asmorik gabe. Harik eta egun batean kantatzerik ez zuen taldekide baten hutsunea bete behar izan zuen arte. Horrela hasi zen Leteren kantari ibilbidea. 60ko hamarkadaren amaieran hainbat single grabatu ostean, 1974an kaleratu zuen bere bakarkako lehen disko luzea, eta denborarekin herrikoi bihurtu ziren bere kanta batzuk: Xalbadorren heriotzean, Nafarroa arragoa, Sehaska kanta, Haizea dator ifarraldetik, Ni naiz eta beste.
Ez Dok Amairu desegin zenean, Lurdes Iriondorekin -ordurako bere emaztea zen jada- eta Antton Valverderekin jarraitu zuen kantagintzan. Haiekin hainbat kontzertu eman eta zenbait disko kaleratu zituen, baina 1978an Lore bat, zauri bat kaleratu eta gero, kantagintza utzi zuen. Giro politikoak itota, «nazkatuta», bere hitzetan: «Oso giro makurra zegoen, eta kantaldiak aitzakia bat ziren kontsignak eta esloganak oihukatzeko». Urte batzuk eman zituen taula gainera igo gabe, harik eta 1991an Eskaintza diskoarekin berriz ekin zion arte. 2001ean Berrehun urtez bertsotan lan mardula kaleratu zuen. Basarri, Uztapide, Lazkao Txiki, Xalbador edota Txirritaren bertsoak musikatu zituen zazpi diskotan.
Musika utzita, politika munduan ere ibili zen 80ko hamarkadaren hasieran. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari izan zen lehenik, eta Kultura diputatu gero. Gaixotasunak apartatu zuen, ordea, lan horretatik, 1985ean, eta ez zen berriz hartara itzuli.
Poeta, batez ere
Baina musikari baino gehiago, idazle izan zen. Poeta, batez ere. 1968an argitaratu zuen lehen liburua Letek: Egunetik egunera orduen gurpillean. Eta 2008an, azkena: Egunsentiaren esku izoztuak. Euskadi Literatura Saria eman zioten, orain bost urte hil zen emaztearen hutsunea nabarmen ageri zuen lan harengatik. Intimismorako bidea izan da, izan ere, Letek literaturan egindakoa, filosofo existentzialistek eta gaixotasunaren esperientziak markatutakoa.
Sorkuntzazkoa beste izan da errekuperaziozkoa Leteren lana, hala ere. Musikagintzan, kantatzeko era herrikoia berreskuratu zuen eta literaturan, bertso zaharrak bildu eta abestu zituen. Betebehar gisa zuen hori. «Kantarien lana, errekuperazio lan bat zen, beste ezer baino lehen».
Kanpoko egileak euskarara ekartzen ere egin zuen lana. Besteak beste, George Brassens, Lluis Llach, Jacques Brel eta Leonard Cohenen hitzak eta kantuak euskaratu zituen, eta Rainer Maria Rilke poetaren Orduen liburua lanetik hartutako poemekin zuzeneko emanaldia egin zuen 2001ean.
«Galeraren zentzu bat»
Cesare Pavese idazle italiarraren poema bat hautatu zuen bere kantu eta hitzen atzera begirako moduko bat eskaintzen zuen Abestitzak eta poema kantatuak izeneko liburuan, berak idatzitako sarrera biografikoa amaitzeko: «Izan zen gizon bat/ saiatu zena, /baina ez zuena asmatu». Sentsazio hori omen zuen Letek ere, asmatu ez izanarena, eta maiz sumatzen zen bere kantu eta hitzetan. «Galeraren zentzu bat» bazuen, Letek berak bere azken poesia liburuari buruz esaten zuenez. Galera, hitzaren bi zentzuetan, gainera. Porrotaz gain, heriotzak eragindako hutsuneaz ere ari baitzen liburu horretan. Aurkezpenean esan zuenez, «Paveseren esaldi hori nire epitafio egingo nuke».
Hemeroteka
«Hitzek ez dute bizitza erredimitzen»
«Gramatika ta literatura bi gauza ezberdin dira»
«Poesia barrun aldeak garbitzeko metodo bat da»
«Mementu bitxienetan patriota sentitzen nauk»
«Idaztea munduko ofiziorik zailena ote den pentastzen dut»
«Maite izan ditudanak berraurkitzeko behar handi bat daukat»
«Poesia otoitz bat da»
Erreakzioak
Joxean Arbelaitz
Kultur sustatzailea
Joan Mari Torrealdai
Euskaltzaina
Benito Lertxundi
Kantaria
Gorka Knorr
Kantaria
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
