Krisiak azokaren egitaraua eta antolaketa fisikoa baldintzatu ditu, eta salmentetan ere aztarna utziko duela uste du Irazabalek. Bisitari «fidelek» hutsik ez egitea espero du. Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendaria" />

Berria.info

Larunbata, 2014ko apirilak 19 - 01:16

KULTURA;2010-12-03;Jon Irazabal. Durangoko Azokako zuzendaria. Aztertu genuen azoka ez egitea ere.

Jon Irazabal

. Durangoko Azokako zuzendaria

Krisiak azokaren egitaraua eta antolaketa fisikoa baldintzatu ditu, eta salmentetan ere aztarna utziko duela uste du Irazabalek. Bisitari «fidelek» hutsik ez egitea espero du.

«Aztertu genuen azoka ez egitea ere»

Irune Berro.

Durango

Bihar irekiko dute Durangoko Azoka. Jon Irazabalek (Iurreta, Bizkaia, 1960) Landakon beharrean darama aste osoa. Galderei erantzun aurretik, sarrerako oholak nola jarri ari zitzaien esaten beharginei. Elkarrizketa amaitzean, agudo itzuli da lanetara. «Ezin dugu denbora galdu».

«Ez da gure ametsetako azoka, baina dauzkagun bitartekoekin ez dago gaizki», esan zenuen aurkezpenean. Nolakoa da zure ametsetako azoka?

Gune zabalago bat beharko genuke. Orain 3.000 metro koadrotan egiten dugu, baina karpa erabiltzen genuen garaian 3.500 erabiltzera iritsi ginen. Salmahai gehiago jartzeko eta salmahai horiek luzeran handiagoak izateko aukera izango genuke. Horrela, jendeak liburuetara erosoago gerturatu ahal izango luke. Ekonomikoki ere, lasaiago antolatu ahal izatea gurako genuke. Antolatzen hasterako jakitea zenbat diru izango dugun. Eta horrekin batera, zerbitzu batzuk eskaintzeko aukera edukitzea: azokan lanean daudenentzako atsedenerako gune bat jarri ahal izatea, haur eta gazte literatura aretoa indartzea, eta, ahal den neurrian, kaleko animazioa ere bultzatzea.

Aurrekontua %30 gutxitu da. Nondik nora etorri dira murrizketak? Zein diru sarrera apaldu edo desagertu da aurten?

Bizkaiko Diputazioak gutxitu du laguntza, batez ere. Esana ziguten doikuntza batzuk egin beharko genituela.

Gainerako sarrerak mantendu dira?

Hasiera batean behintzat, bai. Saiatu gara azoka moldatzen, bazkideen arteko auzolana indartzen eta gastuak txikitzen. Egitarauan ekitaldi gutxiago daude aurten. Dilema izan genuen, azoka ez egitea ere pentsatu genuen. Baina mantendu egin behar zela iruditu zitzaigun, urte batez ez egiteak arrisku bat duelako: berreskuratzeko arazoak izatea gero.

Aurtengo erronka azokari eustea izan da, hortaz. Horren handia izan da astindua?

Aurten %30 txikitu da aurrekontua, baina hurrengo urtean ez dakigu zenbat beheratu daitekeen. Ez du ematen ekonomia berehalakoan suspertuko denik. Badugu beldurra. Ez dakigu zer gertatuko den. Zoritxarrez, kulturaren arloan babesle pribatuak lortzea ez da kirolean bezain erraza. Kirolean edozein kirolarik eraman dezake propaganda, baina pentsa nola hartuko lukeen jendeak Gerediagakoak agertuko bagina babesleen logotipoekin jantzita. Babesleak konbentzitzea ere ez da kirolean bezain erraza, nahiz eta milaka bisitari jasotzen dituen azoka izan. Dena dela, hurrengo urterako saiatuko gara babesle pribatuak lortzen.

Berez espazio arazoak zeuden, eta aurrekontua apaltzeak arazo horiek areagotu ditu... Eskatu duten guztiek izango dute mahaia azokan?

Haur eta gazte literatura aretoa modulu batean atontzen genuen, baina dirurik ez dagoenez, Elkartegian jarri, eta han egiten ziren aurkezpenak azoka barruko areto batera ekartzea erabaki dugu. Mahaia eskatu duten guztiek jarri dute, ez bada baldintzaren bat betetzen ez dutela. Nahi beste mahai ez dituzte jarriko batzuek, eta beste batzuek biren edo gehiagoren artean elkartuta jarriko dute.

Giro horretan, nolako azoka espero duzu? Salmentei eutsiko die?

Salmentetan igarri egingo da krisia. Argitaletxeek eurek esango dute, eta normalean negar egiten dutenez, aurten ere egingo dute, batzuenak krokodilo malkoak izan arren. Jendearen erantzuna zein izango den ez dago jakiterik. Elurra egiten badu, igual eskiatzera joango da; baina krisiaren ondorioz, beharbada ezingo du, eta Durangora etorriko da. Nik pentsatzen dut azken urteen moduan joango dela gutxi gorabehera. Badaude bezero fidelak, hutsik egiten ez dutenak, oporretan joanda ere lehen edo azken egunean azokatik pasatzen direnak.

Dena dela, sortzaileen gogoan ez da beheraldirik izan, ez Ahotsenea antolatzeko ezta han parte hartzeko ere. Ez luke ekimen horrek garrantzi handiagoa izan behar azokarentzat, aurkezpenetik bertatik hasita?

Azokako zati bat da, eta egitarauan sartuta dago. Bere garaian egin genuen saio bat sortzaileen gune bat antolatzeko, baina ez zen ondo atera. Artifizial ikusten zen. Orain badirudi harrera ona duela, eta joan beharko gara doitzen, batzuen nahien eta besteen beharrizanen artean moldatzen. Gutxieneko laguntza bat ematen diegu. Argindarrarekin eta udaleko baimenekin laguntzen diegu.

Aurrekontuaren barruan sartzea aztertu duzue? Kezkagarria da azoka hasi baino egun batzuk lehenago finantzaketa ziurtatu gabe egotea...

Hasieratik esan genien aukerarik ez genuela ikusten gure aurrekontuan sartzeko, eta esan ziguten arazorik ez zegoela, finantzabideak lortzen saiatuko zirela. Iaz aurkitu zuten, eta aurten ebazpen batzuen zain daude. Ekonomikoki ardura hori gure gain hartzea ezinezkoa ikusten dugu.

Egitaraua nabarmen txikitu duzue. Eragina izango du horrek?

Jendea jai giroan dator Durangora, eta nor-nori-nork-i buruzko eztabaida bat entzuteko gogo handirik ez du izaten...

Baina bada kulturgileen topagune bat. Izaera hori ere badu azokak.

Batzuk negozio delako datoz, eta ez zaizkie interesatzen hitzaldiak. Gehienak lanean egoten dira mahaietan. Hitzaldi batzuk jendez lepo izaten dira, eta beste batzuk hutsik. Iaz New Yorketik ekarri genuen liburugintzako buru bat, eta ez zen ia inor izan.

Aro digitalera azokak nola egokitu behar duen aztertzen hasi zarete?

Liburu irakurgailua ez saltzeko erabakia hartu dugu, musika entzungailuak saltzen ez diren bezala. Gu ez gara frenoa izango, baina ezta azeleragailua ere. Profesionalek ez dute garbi zein bide hartuko duten liburugintzak eta diskogintzak. Adi egongo gara.

Albisterik...

Irakurrienak

Bozkatuenak

Irakurrienak

 

 

 

 

 

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia