Bazkaria edo afaria prestatzeko denborarik ez dutela diotenentzat idatzi du Xabier Gutierrez sukaldariak '30 menús para cocinar en 30 minutos' liburua. «Errezeta azkarrak, errazak eta osasungarriak dira».
Denborarik ez duten sukaldarientzat
Ekaitz Agirre.
DonostiaJaten duguna gara, baina ez omen dugu denborarik behar bezala jateko, edo jaten dugun hori prestatzeko. Eguneroko bizimoduak eragindako denbora falta horri erantzuteko asmoz kaleratu du Xabier Gutierrez sukaldariak 30 menús para cocinar en 30 minutos liburua. Izenburuak biltzen duenez, ordu erdian prestatzeko moduko 30 menu dira; plater errazak, edozein dendatan eros daitezkeen osagai eta jakiekin prestatuak, eta egungo gizartearen erritmo biziak itotako edonork prestatzeko aproposak. Janari azkarra modu egoki eta osasungarrian jan daitekeela ohartarazi nahi du Gutierrezek. Ezinezkoa dirudien arren, ordu erdi hartzea nahikoa izan daiteke horretarako.
Liburuan bildu dituen menu gehienak hiru platerekoak dira, baina, osagaien arabera, bakarrekoak ere badira. «Liburua jolasa izan dadin idatzi dut; liburu praktikoa da, erabilgarria, baina jolaserako modua ere bada. Inork ez dezala pentsa panazea denik», idatzi du sukaldariak liburuaren sarreran. Proposamen bereziak dira bildu dituenetako batzuk: ilarrak sardinekin nahastuta, haragi xerrazko ogitartekoa, mangoa plantxan, Burgosko odolkiarekin nahastutako aza eta txokolatearekin bustitako platanoa, besteak beste. «Goiz osoa sukaldean pasatu beharrik ez dago horiek prestatzeko».
Liburuan bildu dituenak egiteko modukoak direla erakusteko, menuetako bat prestatu zuen Gutierrezek, atzo, Donostiako Sansustene elkartean: gazpatxoaren tankerako entsalada hotza, hasteko; entrekota plantxan tipuletarekin, bigarren plater gisa; eta berehalako torrija, azkenbururako. Ordu erdian presta al daiteke? Sukaldean sartu zen Gutierrez, eta kronometroa abian jarri zuten prestaketa bertatik bertara jarraitu zuten lekukoek.
Labana garbitu eta tomatea zati txikitan mozten hasi zen. «Behar bezala antolatzea da kontua. Lehen platererako saltsa berotzen ari den bitartean, azken buruan jango duguna presta dezakegu; edo espagetiak egosten jarri ahala, perretxikoak edo beste edozer prestatzen has gaitezke», zioen tomatea, tipula eta baratxuria txikitu bitartean. Osagai guztiak nahasi bitartean, esnea jarri zuen berotzen. Entrekota eta tipuletak atera, ogia xigortu, zikindutako tresna guztiak garbitu... Hiru platerak mahai gainean jarri zituenerako 28 minutu pasatxoan zen erlojua. «Bi minutu soberan, siesta egin nahi duenarentzat».
Azalpenak, minutuz minutu
Prestatutako menuaren eta gainerakoen azalpen zehatza dakar liburuak. Behar diren osagaiak, platerak une berean eta ordu erdiko tartean prestatzeko minutuz minutuko kontaketa eta azalpena. «Modu osasungarrian prestatzen saiatu naiz: plantxan egindakoak dira asko, egosaldi laburrekoak gehienak. Hori bai, asteburuan denbora gehiago hartu eta beste modu bateko sukaldea landu behar litzateke», ohartarazi zuen.
Arzak jatetxean lan egiten du Xabier Gutierrezek, eta jatetxeko laborategiko zuzendaria da. Gastronomiari lotutako dozenatik gora liburu idatzi ditu, eta guztien artetik Recetas sencillas para novatos y cocinillas liburua du arrakastatsuena; 40.000 aletik gora saldu ditu dagoeneko.
Liburuaren fitxa
Ogia 80 modutan prestatzeko liburua aurkeztu du Dan Lepardek, Donostian
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
