Rockaz, sexuaz eta drogaz erraustu
Gaztaro galdua galdekatzen duen 'Errautsak' antzezlana ondu dute Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu konpainiek
Igor Elortzak eta Unai Iturriagak parte hartu dute sei pertsonaien elkarrizketak orrazten
Nora Arbelbide.
BaionaArtedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu konpainiak elkarrekin osatu proiektua da Errautsak antzezlana. Aktore lanetan guztietakoak, taula zuzendari Ximun Fuchs eta elkarrizketen orrazten Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolari eta idazleak aritu dira. Balio seguruko lehengaiak guztiak. Eta jatekoarekin gertatzen den bezala, hemen ere, sukaldari guztiek segurtatzen duten bezala, osagaiek egiten dute platerean jaten denaren gustu eta kalitate ona. Eta gero, bada ere, nola sukaldatzen den. Pazientziarekin eginak, zainduak eta maitasunez eginek beti gustu gehiago izaten dute.
Eta hori gertatu da hemen ere. Elkarrekin lan egiteko gogoak ditu ekarri proiektu honetara. Artedramako Ander Lipusek zehaztu duenez, «bai Hegoaldean eta bai Iparraldean ari garenok zentzuduna ikusten genuen proiektu bat elkarrekin partekatzea, euskaraz zerbait egitea, ezberdintasun horien mugak gaindituz». Le Petit Theatre de Painek Frantzian egiten duen bezala anitz bere teatroa, «guk Hego Euskal Herrian eta Espainian egiten dugu. Euskal antzerki bat sortu behar zela uste genuen». Ardatz horrez gain, «elkarren lagun egin gara ibilbide honetan, eta hori obran bertan ere ikusten da. Euskararen erabilerak, berez, asko asetzen gintuen. Euskara desberdin horiek erabiltzeak pilo bat betetzen gintuen, gutako bakoitzak daukan euskara indartzeak». Ander Lipusen pertsonaia Markinako (Bizkaia) euskaraz mintzo da, adibidez. «Ezinbesteko garrantzia eman diogu horri».
Bestalde, talde lana egitea ere biziki inportanta zitzaien. Sei aktoreak inprobisaketekin hasi ziren, eta hortik atera zuten obraren mamia. Ximun Fuchsek bota zuenez lehen ideia, eta argi ikusten zuenez, hartu zuen zuzendaritza lana. Eta nonbait, Fuchsek berak ematen duen Juglarea, puta eta eroa antzerkiaren egiturarekin badu eite zerbait Errautsak-en oholtzako jokoak. Antzerki hartako maleta, ohe, mendi edo ganbera bilakatzen den bezala, besteak beste, hemen hilkutxa dute auto, kokaina hartzeko mahai, hilobi, ohe, edo beste.
Formatik funtsera, batek Baxenabarreko azentuaz, besteak bizkaitarrez, baina guztiak dira belaunaldi berekoak, hau da, XX. mendeko 70eko hamarkadakoak. 2010 ken 1970, egiten du 40. Eta 40 urteekin batera, 40ko krisia edo. Hor dago obraren mamia. Gau baterako, gaztaroko rock-and-rolla, sexua, drogak berriz pizten dituzte, ea zer gertatzen den. Errautsak astindu, bizirik ba ote den begiratzeko. Horrelako une inportant bat irudikatzeko, biziki momentu inportant bat hautatu dute. Hodei lagunaren ehorzketetan bildu dira aspaldiko lagunak.
Ametsak galdekatzeko gogoz
Berrogeiko urteetan usu izaten den galdeketa pertsonal hori gai bizitik taularatzea erabaki dute. «Guri zuzen ukitzen digun gai bat da», betiere, Lipusen hitzetan. Ximun Fuchsen iduriko, beren buruari zertan diren galdetzea bada ere antzerkiaren xedea. «Gure gaztaroarekin, gure ideologiekin, gure ametsekin. Denak baikara bihurgune batean. Jende normalak edo helduak bilakatuak gara. Pixka bat geure buruaz trufatzeko izan da». Baina beti galderak abiapuntu. «70eko hamarkada horretakoek zer egin dugu? Gure belaunaldiak oraindik sinesten du iraultzan, eta horrelakoetan. Europan leku bakarrenetakoa da. Beste lekuetan 68koa egina da, eta orain ziniko bilakatuak dira. Gurean, ez hainbeste... edo bai. Ez dakit. Galdera hor da», behin eta berriz dudakor, Fuchs. Alde politikoaz gain, badira ere betikoak. «Denek sentitzen duguna. Aspaldiko lagunak ikustean, denak berdinak gara: O, nola loditu den hori? Eta hau, zer bilakatu den... Eta honek, bere amari eite du. Eta memento batean, kontrakoa gertatzen da: eta ni nola naiz? Zertan naiz? Zenbat loditu naiz?» eta beste. Hots, ororen buru. «Ondoez bitxi horren inguruan eta horren bidez gure ikuspuntuak kontatzen ditugu. Ez baitugu bat bakarrik. Badira anitz. Azken finean, gu denek, geure burua pertsonaia bakoitzean aurkitu dezakegu». Horren lortzeko xedez, pertsonaiak baino gehiago, funtzioak kontatzea dute erabaki. «Gorputz bakarreko gorputz-adar batzuk. Denak berdinak gara, salbu, funtzio batzuk atzeman ditugula konfliktoak sortzeko». Funtsean, haien artean ere desadostasunak izan dituzte antzerkia muntatzerakoan. Denek ez baitituzte gaztaroko erreferentzia berak. «Saiatu gara gure barne eztabaidak agerian ematen». Baina «ez dugu erantzunik ematen». Lipusek dioenez, «denok ditugun estereotipo batzuk sortu ditugu, eta azken finean da guk herri honetan sentitzen eta pairatzen ditugun gauzak kontatzea eta kantatzea».
Izan ere, kantuak leku handia dauka antzerkian. Denek ezagutzen dituzten kantuek. Dela Kortaturen Zu atrapatu arte, Etxahun Iruriren Oi ama Eskual Herri, Itoizen Hilzori II eta beste anitz. Jukebox baten gisa. Taula gainean kantatzen hasi eta pizten dira guztien erreferente diren doinu horiek, ikuslearen barne munduari oihartzun egiteko asmoz. Batzuetan solasa ere arintzeko balio dute, erranak eta inarrosiak diren kontuekin ez dira beti leun. «Sexuarena, adibidez, aski gordinki agertzen da. Gauzak gordinki azalduak dira, oro har. Barnetik, hasteko. Lagunen artean egiten den bezala».
Baina gero, lagun arteko hori jendaurrean agertu behar. «Egia da publikoa hor delarik ez dela beti hain erraza. Lagunen artean aipatzen ahal dira gauza batzuk, mozkorraldi batean edo. Baina jendaurrean gure intimitateak azaltzea, irrigarria izan daiteke, baina batzuentzat ez da hain irrigarria izanen. Batzuentzat bortitz izan daiteke». Baina hori ikustekoa da. Orain dauka hitza publikoak, hain justu.
Emanaldiak
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
