Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:47

TARTEA;2010-10-08;Maratila. 487 musu

Maratila

Ane Muñoz

487 musu

Lagunekin elkartu nintzen batean, hasierako musuak banatzean, batek, harrituta, «jesus, zeinen musukatzaile eztitsuak eginak zaudeten», bota zuen, gehienon harridurarako. Beste batek arrazoia eman zion, koadrilako neskei ez diela sekula musurik eman aitortuz. «Ba nik etxekoei ere ez diet ematen, eta zuk lehen ere ez», hara bestea. Egia da lehen ez nuela protokolozko bi musu horiek emateko hainbesteko ohiturarik, euskaldunon izaeraren ezaugarria omen da, baina, tarteka, ene, euskaldun petoenok ere ematen diegu, bai, lana masail eta ezpainei.

Larunbatekoa ikaragarria izan zen. Amonaren eta haren beste bost anai-arreben familiak, aitona-amonak, izeba-osabak, bikoteak, iloba eta bilobak bazkari batean bildu gintuzten. Guztira 196 izango ginela jakin nuenean, zera pentsatu nuen: «196 senitarteko, bakoitzari bina musu, ufa, gutxienez 392 iritsitakoan, eta agurtzerakoan beste 40 bat ziur, hau da, guztira 432». Ariketa ederra masailentzat. Musu bat eta musu bi, musu pila emango zuri, tralara-lara-lara.

Halakoetan lentillekin joan ohi banaiz ere, ahaztuta, betaurrekoak jantzita azaldu nintzen. Ai ama, aurpegi irribarretsu pila nigana hurbiltzen eta ni ditxosozko betaurrekoekin. Klinklank-klonk. Zeinen ezerosoa den, hainbeste begi, hainbeste kristal bi aurpegien erdian, talka eta talka, tori, hartu, eman musu eta bota pa.

Hura gutxi izan bazen, gauean, masailak ondo entrenatuta, bizitza soziala areagotzera joan ginen herrira. Han ere, muak, muak eta muak, Urtezaharra balitz bezala, «ekartzan musu bat, aspaldiko!», to, beste 55 zakura. Euskaldunak urrun eta hotzak garela, gero?

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia