Errenditu ez zen idazlea
Miguel Sanchez-Ostiz idazleak Pablo Antoñanari buruz idatziriko liburua atera du Pamiela argitaletxeak; iaz hil zen Antoñana
«Emoziotik, miresmenetik eta pasiotik» idatzitako liburua dela dio egileak
Iñigo Astiz.
IruñeaOrain urtebete hil zen Pablo Antoñana idazlea (Viana, 1927-Iruñea, 2009), abuztuaren 14an. «Joan egin zen, baina ez zen hil», zehaztu zuen atzo Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko kideak Iruñean. Idazlea zenduta ere, hark idatzia bizirik dagoelako esan zuen hori, Antoñanari buruz Miguel Sanchez-Ostiz idazleak idatziriko liburuaren aurkezpenean. Argitaratu berri den Lectura de Pablo Antoñana (Pablo Antoñanaren irakurketa bat) lana aipatu zuen Irigaraik idazleak egun ere mantentzen duen bizitasun horren adibidetzat. Liburua «emoziotik, miresmenetik, estimutik eta pasiotik» idatzi duela zehaztu zuen Sanchez-Ostizek, alboan Elvira Sainz Antoñanaren alarguna eta Blanca Antoñana alaba zituela. Azaldu zuenez, erreferente izan zuenarekiko zor baten ordaina da liburua.
Sanchez-Ostizen hitzetan, idazle izateko bere hautuaren oinarrian dago Antoñana, eta horregatik aipatu zuen irakasletzat, literarioki bide ezberdinak landu dituzten arren. «Behin baino gehiagotan esan zuen Antoñanak egunkarietarako idazten zituen igandetako artikuluekin sentitzen zela bera benetan idazle. Eta hura igandero irakurtzen sortu zitzaigun gure belaunaldiko askori idazle izateko grina». Horregatik eta harekin zuen laguntasunagatik Antoñanarekiko sentitzen zuen zorra.
Zorte txarreko idazlea izan zen Antoñana Sanchez-Ostizen hitzetan, Euskal Herrian nolabaiteko itzala lortu arren, kanpoan halakorik izan ez zuelako. «Horretaz ari da nire lana», azaldu zuen. «Era kaiku eta itsusi batean, prentsa eta publikoaren arrakasta esaten zaionaren eta idatzitakoaren kalitatearekin zerikusi txikia duela azaltzen dut. Beste faktore batzuk dira halakoetan jokoan sartzen direnak». Idazteko hartu zuen konpromisoa azpimarratzen du, ordea. «Ez zen sekula ere errenditu, ez zen beste asko bezala isildu. Bukaera arte jarraitu zuen idazten».
Liburu akademikoa izan gabe, liburu dokumentatua da Lectura de Pablo Antoñana izenekoa, erreferentziaz eta oin oharrez betetakoa. Hala behar, Antoñanaren lana «murrizten» saiatu direla uste baitu Sanchez-Ostizek, eta horren aurka idatzi du liburua, neurri batean. «Maiz, errealismo sozialaren barnean kokatu dute bere El Sumario nobela (Sumarioa), esaterako, horrek atzetik dakarrenarekin, baina baditu errealismo magikotik hurbil diren pasarteak ere. Ezin da Antoñana topiko, aurreiritzi eta kondairetara murriztu».
Jaiotzen, bizitzen eta hiltzen ikusi zuen lurrarekiko zuen konpromisoa da Sanchez-Ostizek liburuan nabarmentzen duen Antoñanaren beste ezaugarrietariko bat. Literarioki oso onuragarri izan zitzaion hautua, baina baita gerora bere aurka itzuli zitzaiona ere. «Hautu hori egitea suizidioa da hemen. Txekiarra izan, eta hori eginez gero, aldarera igoko zaituzte berehala, baina nafarra izanez gero, ez da halakorik gertatzen. Arrisku literario hori hartu zuen berak, ordea, eta lan literario handia eraiki zuen hor, berea zen lur horri buruz». Memoriari eskainitako lana ere aipatu zuen Sanchez-Ostizek ildo beretik. «36ko guda gai garrantzitsua izan zen beretzat, eta hari buruz asko idatzi zuen, baita hori egitea oso onartuta ez zegoenean ere».
Ez zen iraganari soilik lotutako autorea, ordea, eta azken hogei urteetan idatziriko testuetan suma daitekeen «etsipena» ere hartu du kontuan Sanchez-Ostizek bere lanean. «Etsipen handia sentitu zuen Antoñanak 70eko hamarkada inguruan hemen bizi zen esperantzatik egungo errealitatera heltzean. Orri asko daude horri buruz liburuan». Elvira Sainzek ere, Antoñanaren alargunak, sentipen hori aipatu zuen: «Pablok [Antoñanak] ezin zuen bizitzea suertatu zitzaion garaia jasan».
Kritiko izatea ekarri zion horrek, eta «ahaztua», «ezkutatua» eta «baztertua» izan zen horren ondorioz, Irigarairen hitzetan. «Ezkutatu nahi duten Nafarroa baten erreferentea da Antoñana, saiatu bai, baina ezkutatzea lortu ez duten Nafarroa batena. Horregatik da garrantzitsua liburu hau. Are gehiago, Sanchez-Ostiz ere badelako gisa horretako erreferente bat, eta Antoñanari buruzko ikuspegi berri bat eskaintzen duelako».
Zorte eta babes pixka bat
Idazle erretxin eta erdi etsiarena da Antoñanaren irudia, Blanca Antoñana alabak onartu zuenez, baina, haren hitzetan, bukaera aldera «lasaitasun moduko bat» izan omen zuen aitak. «Azkenerako lasaitu egin zen, eta jendeak asko maite zuela ikusi ahal izan dugu guk ere. Kalean jendea hurbiltzen zitzaion bere lanei buruz hitz egiteko, eta haientzat idazten zuen, azken finean».
Antoñanari buruz Toño Murok idatzitako doktore tesia izan du oinarrietako bat Sanchez-Ostizek bere liburua idazterakoan, eta Muroren ustez ere egia da Antoñana zorte txarreko idazlea izan zela, baina ez guztiz. Errenditu ez, eta azken urteetan izan zuen horren ordainik. «Gaztelaniazko literaturan bigarren mailan gelditu diren idazle asko izan da. Hori da Antoñanaren kasua. Zorte pixka bat ere izan zuen, ordea, azken hogei urteetan Euskal Herrian irakurleak izan dituelako. Izan zuen halako babes bat, literaturzale, irakasle eta baita jende arruntaren aldetik ere».
Gelditzen dena
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
