Musika.Euskara.Etorkizuna
A cappella
Xabi Strubell
Bere musika egokitzen jakin ez duen herriak espazio sozial ugari galdu ditu, eta haiekin batera aukera asko. Euskarazko musikak espazio garrantzitsu ugari irabazi dituen arren gure herri eta hizkuntzarentzat, ahulgune eta erronka handiak ditu.
Azkenerako, daukaguna zera litzateke: merkatu bat, entzuleria bat, eta musika ibilbide luze eta zabal bat. Gorakadak egon dira, eta beherakadak. Askotan entzun dut azken urteetan ez dabiltzala talde indartsuak gurean; ez garai bateko haiek, aretoak, plazak eta karpa erraldoiak betetzen zituztenak. Baina, pixka bat pentsatzen jarrita, maila internazionalean ere gertatu da halako prozesu paralelo bat rock munduan. Agian rock estiloak berak jo du goia.
Estilo aniztasunean dago egungo musikaren aberastasuna, eta, munduari so eginez gero, konturatuko gara gehien hazi diren estiloak direla rocketik harago joan direnak: disko jartzaileen eskutik etorri direnak -platerekin edo ordenagailuekin-, edo kantu elektroakustikoen bolada honetakoak -elementu analogikoak eduki arren janzkera elektronikoa dutena, gehienetan erritmo aldetik-. Estilo aniztasun horretan sartzen da, noski, musika elektronikoa, baina baita reggae, ragga, hip hop eta musika dantzagarriak ere. Popak berak erritmoak erritmo-kutxekin janzteko joera oso nabaria izan du. Panoramari erreparatzen badiogu, rock talde klasikoak dira, beraien enegarren bira eta diskoan, areto eta karpa handiak betetzen dituztenak.
Euskarazko musikak urratsa egin behar du. Jauzi bat rocketik harago. Tradizio horri uko egin gabe, baina espazioak irekiz ikusmolde berriei. Eta une oro, euskarazko musikaren balioak goian mantenduta, hau da, musika eta hitzen bitartez ideiak eta prozesu identitarioak bultzatzeko izan duen indarrari eutsiz.
Aldaketa hau azpitik doa, gainazalaren azpitik eta arrisku guztien gainetik. Baina arriskua hor dago: gerta liteke euskal entzuleriak beste nonbait bilatzea bere elikagaia -mundu global batean daukan musika eskaintza zabala kontuan hartuta-. Gure musika eraberritzen ez badugu eta euskara musika estilo jakinetan trabatuta geratzen bada, batez ere.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
