Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:39

KULTURA;2010-07-24;Iruņa-Veleiako ostrakak aztertzeko agindu du epaileak. Eliseo Gilen Lurmen taldearen eskariz egingo dituzte azterketak, grafitoak egiazkoak edo faltsuak diren argitzeko

Iruña-Veleiako ostrakak aztertzeko agindu du epaileak

Eliseo Gilen Lurmen taldearen eskariz egingo dituzte azterketak, grafitoak egiazkoak edo faltsuak diren argitzeko

Erredakzioa.

Gasteiz

Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegiko epaileak Iruña-Veleiako aztarnategian 2005. eta 2006. urteen artean aurkituriko ostrakak aztertzeko agindua eman du. Eliseo Gil buru zuen Lurmen enpresak topatu zituen ostrakak, eta Arabako Foru Aldundiak kereila jarri zuen haren kontra, ikusmin handia eragin zuten grafito horiek faltsuak zirelakoan.

Euskarazko berbak ageri ziren ostraka horietan, eta III., IV. eta V. mendeetakoak zirela esan zuten hasiera batean. Ondorioz, euskara uste baino mende batzuk lehenago sortu zela zabaldu zuten. Ordea, Arabako Foru Aldundiak salaketa jarri zuen iazko martxoan Gilen taldearen aurka, ostrakak faltsutzea egotzita. Eta Gilek ohar baten bidez azaldu duenez, berak eskatu zion instrukzio epaileari pieza horiek guztiak aztertzeko, «egiazkoak edo faltsuak diren albait arinen argitzeko eta auzia behin betiko ixteko».

Guardia Zibilaren esku

Guardia Zibileko Kimika saileko teknikariek aztertuko dituzte ostrakak, epaileak hala aginduta. Eta azterketa horien emaitzak funtsezkoak izango dira Arabako Aldundiak irekitako auzibidean. Gilek gogor kritikatu du Aldundiaren jarrera. «Behin eta berriro errepikatu du aurkituriko ostrakak faltsuak direla, baina ez die erantzunik eman horiek aztertzeko Lurmenek eginiko eskakizun juridikoei». Gili ulertezina iruditzen zaio Aldundiaren jokabidea, «ostrakak oraingoak direla uste badu, erakunde horrek eskatu beharko lituzke azterketak, hala dela frogatzeko». Gilen arabera, kontrara gertatu da: «salatu duen enpresak, hau da, guk eskatu behar izan dugu azterketak egiteko, ostraken benetakotasuna erakutsi ahal izateko».

Gilek dioenez, Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegiko epaileak zenbait probidentzia igorri dizkio Arabako Foru Aldundiari ustez faltsuak diren ostraken zerrenda bidal diezaion, eta, Gilen arabera, «gaur-gaurkoz ez dio eskaera bakar bati ere erantzun».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia