Iruña-Veleiako indusketetan makina astunak erabiltzen ari direla salatu du Aralarrek
Julio Nuñez zuzendariari eskatu dio «berehala gelditzeko» aztarnategiko lanak, eta «dimisioa emateko»
Agentziak.
Gasteiz.
Iruña-Veleiako aztarnategiko indusketak «berehala eteteko» eskatu du Aralarrek. Bideo bat froga gisa erakutsita, indusketak makina astunekin egiten ari direla salatu dute Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak eta Iñaki Aldekoa Arabako Batzar Nagusietako ordezkariak. Hala, Iruña-Veleiako indusketen zuzendari Julio Nuñezen dimisioa ere eskatu dute, «ondare arkeologikoari eginiko kalteengatik».
Iragan ekainaren 20an hasi zituen indusketak Nuñez buru duen EHUko arkeologo taldeak. Izan ere, Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendari planaren lehen fasean, harresitutako hiribilduaren hego-ekialdeko lurretan 17.000 metro koadroko indusketak egitea jaso zuten EHUk eta Arabako Foru Aldundiak.
Alabaina, Zabaleta eta Aldekoaren arabera, bideo horretako irudiek erakusten dute indusketa horiek makina astunekin egiten ari direla. Azaldu dutenez, 50 metrotik gorako sakonerako hondalana egiten duen hondeamakina bat ageri da irudiotan, eta Iruña-Veleiako zuzendaritza planean galarazita dago 50 metro baino gehiagoko indusketak egitea. Halaber, aztarnategiaren aro berriaren erakusgarri diren lanen aurkezpenera agintariak eta kazetariak heldu baino lehenxeago hondeamakina muino baten atzean ezkutatu zutela salatu du Aralarrek, irudiak erakutsiz.
Zabaletak uste du 2005ean eta 2006an aztarnategian izaniko aurkikuntzen egiazkotasunaren inguruko auzia ebatzi bitartean indusketak bertan behera utzi beharko lituzketela. Gogoratu du epaileek ez dutela oraingoz argitu Eliseo Gilen taldeak aurkituriko ostrakak egiazkoak edo faltsuak diren, eta ohartarazi du auzibidean oinarrizkoak izan daitezkeen frogak deusezta ditzaketela indusketek. Nazioarteko komunitateak irekitako eztabaida errespetatzeko eskatu du, orobat.
«Astakeria hutsa»
Aldekoarentzat, «astakeria hutsa dira» joan den ekainaz geroztik aztarnategian egiten ari diren indusketak. Gogor kritikatu ditu lanak zuzentzen dituzten arkeologoen «profesionaltasun eza eta arduragabekeria». Eta Iruña-Veleiako zuzendari Julio Nuñezek dimisioa eman ezean, Aldekoak nabarmendu du ez dutela baztertzen Arabako Kultura diputatu Lorena Lopez de la Calleri erantzukizun politikoa eskatzea.
Aralarreko batzarkidearen iritziz, Nuñezek gidaturiko indusketa lanek «oihartzun mediatikoari» baino ez diote erantzuten. «Hil gutxi batzuen buruan 17.000 metro koadro eremua utzi nahi dute agerian; arkeologian, baina, oso bestela lan egin behar da, lasaitasunez eta xehetasunez».
Arabako Foru Aldundiak auzibidean jarri zuen iaz Eliseo Gilen taldea hark zuzentzen zuen Lurmen enpresak ustez ostrakak faltsutu zituelako. Eta aztarnategia ustiatzea eta kudeatzea EHUren esku laga zuen hurrengo hamar urteetarako. Julio Nuñez EHUko Arkeologia saileko irakaslea izendatu zuten zuzendari nagusi, eta zuzendaritza plana osatu zuten. 250.000 euroko aurrekontua du, eta 26.500 metro koadrotan egin nahi dituzte indusketak.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
