Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:38

KULTURA;2010-07-23;Barkoxeren euskal kultur eta libertate egarria agertuko du 'Xahakoa' trajeriak. Patrick Keheillek idatzitako pastorala igandean taularatuko dute lehen aldiz, baina berau ikusteko beste bi aukera izango dira Zuberoako herriak nazien aurka izandako jokaera adoretsua biziaraziko dute taulan

Barkoxeren euskal kultur eta libertate egarria agertuko du 'Xahakoa' trajeriak

Patrick Keheillek idatzitako pastorala igandean taularatuko dute lehen aldiz, baina berau ikusteko beste bi aukera izango dira

Zuberoako herriak nazien aurka izandako jokaera adoretsua biziaraziko dute taulan

Allande Sokarros.

Barkoxe

Pastoralaren lehen agerralditik aste bat lehen egin ohi den mustraka edo entsegu nagusiak egon daitezkeen eskasia edo arazoak ikusteko aukera ematen du. Bospasei hilabeteotan, astean behin edo gehiagotan ere, trebatzen aritu dira Barkoxeko Xahakoa trajerian arituko diren ia ehun herritarrak eta euren errejent Jean-Fabien Lexardoi, eta dena ondo dabilela ikusi dute joan den igandean eginiko azken trebaldian. Ia dena... zeren eta, artzainen kantorearen unean oholtzara igo behar duen ardi saldoarekin neke batzuk egon baitziren. Ardi manex buru beltz horiek taula aitzinaldetik, beraz ikusleen artetik, igoarazi beharko dira. Gainerat, bi aldiz ere ekarriko dituzte taulara, tarte batean, oholtza atzealdean egongo direlarik.

Alabaina, mustraka nagusian, artzainei ihes egitea lortu zuten une batean... Horientzat, beharbada, saialdi gehiago egongo da, datorren igandean gertatuko den pastoralaren lehen agerraldia bitartean.

Ordain garestia

Ardi horiek ere, agian, Patrick Keheille herritarrak idatzitako obraren zati batean aipu diren iheslarien gisara jokatu nahi izan dute... Izan ere, pastoralaren jelkaldi bat baino gehiagotan, bertsetez, taula-jokoz eta kantuz gogorarazia da Barkoxek askatasunaren alde jardun duela Bigarren Mundu Gerraren eta aleman nazien okupazio garaian. Jokaera adoretsu hori garesti ordaindu zuen, alemanek sarekada egin baitzuten 1944ko uztailaren 10ean eta sei barkoxtar atxilo eraman, horietatik bi aski laster hil zituztelarik. Aurretik, Jean- Pierra Kotabarren herritar gaztea Barkoxen bertan hil egin zuten naziek. Garai beltz haiek nabarmen biziaraziko dituzte pastoralean agertzen diren Frantziako orduko gobernu kolaboratzailearen milizianoek, Gestapoko poliziek, baita soldaduek ere. Azken horiek benetan beldurgarriak direla ohartuko dira ikusleak...

Keheillek idatzitako pastoralaren 24 jelkaldien ardatz nagusia, baina, Attuli etxaldeko Alexis Etxekopar (1924-2005) barkoxtar koblakari eta olerkaria da, haren bizi-urrats eta obrak gogoraziak eta goraipatuak direlarik. Attulik asmatutako kantu eta kobla asko oso ezagunak dira, pastoralari izena eman dion Xahakoa-tik hasita... baina bakan batzuek soilik dakite egilearen berri, Alexis Etxekoparrek ospeari erabat arbuio baitzion. Pastoralean zehar, haatik, taldean edo Attuli helduaroan jokatzen duen Jean-Noel Pinke Galarretbordaren botz ederretik emanik airatuko dira kantu horietatik asko. Attuliren obraren garrantziaz ohartzeko une bakar bat aipatzearren, 24. eta azken jelkaldian emango den kantore turrusta litzateke, orduantxe hark idatzitako hamar bat abestiren bertset bat edo bi ematen baitituzte kantariek, banaka ala binaka.

Attuliren bizi-urrats eta obren haritik ere, Barkoxek betidanik Zuberoako euskal kulturari izan dion grina eta zaletasun handia agerira ekarriko ditu Xahakoa pastoralak. Barkoxtarrek, haatik, argi daukate gogoan kultura batek biziberrituz irauten duela. Hori dela-eta, aldi berean, Zuberoako euskal kulturaren ohidura-zaindari eta berritzaile izan da Barkoxe.

Xahakoa pastoralean aipatzen diren bi gertakari daude ezaugarri horren lekuko: 1946. urteko maskaradetan, lehendabizi, emakumeak jokularietan sartzea, eta 1953an, Barkoxeko Martxe Eihartzet dantzari handiak bultzaturik, Etxahun koblakari pastorala ematea. Pierra Bordazarre Etxahun-Iruri-k idatzitako obra horrekin pastorala hasi zen Euskal Herriko historia eta gertakariei lotutako gaiak aipatzen.

Hiru agerraldi eta 2.200 leku

Attuliren obraz, Barkoxek euskal kulturari eginiko ekarpenez, Xahakoa pastoralaz datu guztiak aurki daitezke www.xahakoa.org Interneteko helbidean. Bertan ere etxetik eros daitezke pastoralaren hiru agerraldietarako lekuak: uztailak 25 (15:30ean) eta 31 (21:00etan) eta agorrilak 8 (15:30ean). Ezen, antolatzaileek 2.200 lekutara mugatu nahi izan dute ikusleen kopurua. Jarlekuak hain zuzen, Aloze herriak iaz erakutsitako bidetik, herritarrek beraiek paratuko dituzte, jantziekin hogei urteotan egiten den bezala.

Pastoralaren eguna ez da hiru ordu eta erdi pasa iraungo duen ikusgarri batean mugatuko. Goizeko hamarretan aktoreek kantatutako mezatik landa, pastoralaren desfilea egingo da karriketan, eta ondoren, bazkaria. Agerraldi osteko afaria, berriz, Zuberoako ikastolek paratuko dute.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia