Euskararen ahozko generoak ikertzeko beka bat eskainiko du Mintzolak datorren urtean
Gazteen artean euskara zenbat erabiltzen den jakiteko, lau urteko ikerketa bat egitea da fundazioaren asmoetako bat aurrera begira
Ahozkotasuna lantzen duten eragileekin elkarlanean aritu nahi du Mintzolak
Ainhoa Sarasola.
VillabonaMintzola Fundazioa duela urtebete baino ez zen hasi lanean. Hala ere, hainbat egitasmo landu ditu tarte horretan ahozko tradizioaren behatoki lana betetzen duen erakunde horrek. Bide beretik egingo du aurrerantzean, eta dagoeneko zehaztu ditu ahozkotasuna bultzatzeko beste hainbat ekimen. Tartean, euskararen ahozko tradizio generoak ikertzeko heldu den urtean beka bat eskainiko duela jakinarazi zuen atzo Josune Zabala Mintzolako zuzendariak fundazioaren egoitzan eginiko agerraldian, Villabonako Subijana Etxean (Gipuzkoa).
Euskararen ahozkotasuna bultzatzeko lantegia da Mintzola, eta bi helburu nagusi ditu, Zabalaren esanetan: «Batetik, iraganetik gaur egunera arte datozen eta bizirik dirauten ahozko tradizio generoak ikertzea eta horien inguruko informazioa jasotzea». Ikerketa lau eremu nagusitan landuko dute: bertsogintza, euskal kantagintza, euskal antzerkigintza eta kontagintza. Bestetik, «egungo gizartearen beharrei erantzuteko bokazioa» da fundazioaren beste helburua; herritarrek hainbat esparrutan ahoz komunikatzeko dituzten zalantza eta zailtasunen inguruan laguntzea.
Bi ardatz horiek lantzeari begirako ekimenak prestatu dituzte; tartean, ahozko generoen gaineko ikerketa beka. «Jakin nahi dugu gaur egun zein den egoera ahozko generoen inguruan; bertsogintzan, antzerkian, ipuinean, kantuan... eremu horietan nola gauden, zein komunikatzeko molde eta modu dauzkagun, tradizioa nola iritsi den, nola transmititzen den... Horren inguruko diagnostiko bat egitea dagokigu lehenik eta behin, horren ondoren bakoitzaren ikerketa zehatzak egiteko. Horrek badu guretzat lehentasun handi bat, eta horri helduko diogu aurrera begira».
Hitanoa sustatzeko ekimenak
Gizartearen beharrei erantzuteko xedeari lotuta, aurten hitanoa sustatzeko ekimen bat martxan jarri dute Zumaian eta Azpeitian (Gipuzkoa). Zumaian, euskara teknikarien eta irakasleen laguntzaz, eskoletan hitanoa sustatzeko materiala prestatzen aritu dira, eta heldu den ikasturtean hasiko dira eskoletan lantzen. Asmo bera dute Azpeitian ere. Lagunarteko gazte hizkerari erabat lotua dagoen ekimena eskoletan garatuko dute aurrena, baina aisialdiari lotuta lantzeko asmoa ere badute.
Gazteekin lotura zuzena du ere bai urtea bukatzerako Tolosako ikastetxeetan (Gipuzkoa) hasiko duten ikerketak. Lau urtez DBHko ikasle guztiek euskara zenbat erabiltzen duten, zenbateko gaitasunarekin eta haien jarrerak zein diren ikertuko dute, egoeraren berri jakiteko ez ezik, «datuak hobetzeko eta zer esku-hartze mota izan daitekeen egokiena jakiteko ere». Ikerketaren emaitzak beste eremuetarako baliagarriak izango direla uste du Zabalak.
Unibertsitatearekin loturak indartzeari begira, Mintzola ikasleei aurkeztu nahi die fundazioak.
Prestakuntzari begira, berriz, hainbat ikastaro diseinatu dituzte ahozko gaitasuna garatzeko, batez ere irakasleei begira. Ahozkotasunari lotutako graduondoko bat bideratzeko asmoa ere badute, eta horretarako, EHUko irakasleekin harremanetan jarriko direla iragarri zuen Zabalak. Xede horiek guztiak aurrera eramateko, ahozkotasuna lantzen duten eragile guztiekin elkarlanean aritu nahi du Mintzolak.
Fundazioa bere helburuak «oso era aktiboan» betetzen ari dela uste du Estibalitz Alkortak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. «Gizarteak ahozkotasunean dituen premiei erantzuten ari gara etengabe». Udal eta gizarte eragile guztiekin elkarlana indartzearen alde egin zuen.
Fundazioari buruzko informazioa sarean da, 'www.mintzola.com'-en
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
