Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:34

KULTURA;2010-07-16;Hitzaren botereari atxikiak. Garai berrietara egokituz aldatu arren nobelak bere zereginari eutsiko dio, Suso de Toro eta Kirmen Uriberen ustez Literaturaren bide berriez mintzatu dira bi idazleak Donostian emandako hitzaldian

Hitzaren botereari atxikiak

Garai berrietara egokituz aldatu arren nobelak bere zereginari eutsiko dio, Suso de Toro eta Kirmen Uriberen ustez

Literaturaren bide berriez mintzatu dira bi idazleak Donostian emandako hitzaldian

Juan Luis Zabala.

Donostia

«Birus berak» eraso die Suso de Torori eta Kirmen Uriberi, Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileren ustez, beren orain arteko azken liburuek erakusten dutenez: De Tororen Sete palabras (Xerais) eta Uriberen Bilbao, New York, Bilbao (Elkar). Bi liburu horietan, egileak bere aitonaren -aitaren aitaren- bizitza ikertzen du, eta ikerketa hori autofikzioa lantzen duen kontakizun baten ardatz nagusia da, egilea nobelako pertsonaia bihurtuta eta nobelan benetako pertsonak eta gertakariak txertatuta. Muniategi moderatzaile zutela, nobela horietaz eta literaturaren bide berriez mintzatu ziren atzo Suso De Toro (Santiago, Galizia, 1956) eta Kirmen Uribe (Ondarroa, Bizkaia, 1970), Donostiako Udal Liburutegian, Donostiako Liburu eta Disko Azokarekin batera antolatutako ekitaldien egitarauaren barruan.

Muniategik, moderatzaile lanetan, liburu horiek egungo literaturak hartu beharreko bide berrien adibide ote diren galdetu zionean, ez zekiela erantzun zion De Torok. «Mendebaldeko literaturaren hasierako kontakizunetatik gaur egungoetara alde handia dago», De Tororen ustez, «baina bada baita berdin mantendu den zerbait ere: hitzaren boterea». Orduan bezala, gaur egun ere, literaturak «hitzaren botereari balioa eman nahi dio, hitzaren aukera guztiak ustiatu nahi ditu», istorioak kontatzeaz gain.

Egungo irakurleaz

«Egungo irakurlea ez da Flaubert, Balzac edo Tolstoiren garaikoa bezala», De Tororen iritziz. Horregatik, De Torori kostatu egiten zaio garai hartako nobelak irakurtzea; bera «egungo irakurlea» delako. «Isiltasunik gabeko garai batean bizi gara, iluntasunik gabekoa, abiadura bizikoa. Denboraren eta erritmoaren bizipena oso bestelakoa da gure garaian eta horrek eragina du nobelagintzan. Baina literaturak aurrera jarraituko du, hitzaren edertasunari balioa ematen eta betiko istorioak kontatzen».

Uriberen ustez, ordea, ez da kasualitate hutsa kultura berekoak ez diren idazleek bide bera hartzea, eta J.M. Coetzeeren Summertime aipatu zuen, autofikzioak gaur egun duen indarraren adibide gisa. «20ko hamarkadan zeharkako estilo libreak sekulako berrikuntza ekarri zuen gisa berean, egilea fikzioaren barruan sartzen duen nobelak ere muga asko hausten ditu», Uriberen ustez. «Autofikzioko egilea ez da egile autoritarioa, irakurlearen altura berean jartzen den egilea baizik. Eta kontatzen duenak ez du zertan egia izan. Autofikzioan ez du garrantzirik kontatzen dena egia izateak edo ez izateak».

Nobelaren forma berriek beti sortu dute «zorabioa» eta «beldurra», Uriberen ustez, baina gero aurrera egin dute, gailendu egin dira. «Zinemak nobelagintza aldatu zuen. Kazetaritzak ere nobelagintza aldatu zuen. Baina, nahiz eta hasieran kritikak jaso, zinemaren eragina zuen nobelak nobela izaten jarraitu zuen, eta kazetaritzaren eragina zuen nobelak nobela izaten jarraitu zuen. Teknologia berrien eragina duen nobelak ere nobela izaten jarraituko du. Generoak gizartean izandako aldaketak islatuko ditu, baina nobela izaten jarraituko du, literatura izaten jarraituko du».

Pertsonaia telefonoz deika

Autofikzioaren alderdirik pozgarrienetako bat egilearen eta pertsonaien arteko harremana izan daiteke -kasu batzuetan behintzat-, pertsonaia horietako batzuk bizirik dauden pertsonak baitira. «Liburuko pertsonaietako batzuek etxera deitu didate beren iritziak emateko», kontatu zuen De Torok. Uribek, berriz, bizirik zeuden bere nobelako pertsonaiekin ospatu zuen Espainiako Sari Nazionala irabazi izana.

Sete palabras liburuaren kasuan, aitonaren inguruko ikerketak Sayago (Zamora, Espainia) herri txikiko kontuak azaltzera eraman du De Toro, eta herri hartan liburuaren aurkezpen bat egiteko asmoa du egileak. «Ni jaio naizen herrian, Galizian, herri txiki asko dago, baina literaturak askotan jaso du herri txiki horretako jende apalaren bizimodua. Baina beste lurralde batzuetan ez da hori gertatzen. Inoiz ezer sentitu ez den jendea da Sayagokoa, eta haientzat harrigarria eta pozgarria izan da liburu batean agertzea».

Bizitza eta literatura estu lotzen ditu autofikzioak, eta egilearen bizitzaren une batzuk garrantzi handikoak dira idazketa prozesuan. De Torok atzo azaldu zuenez, ez zuen liburua argitaratu aita hil artean, nahiz eta idazketa aurretik bukatua izan eta aitak azken urteetan oroimena galdua izan. Uriberen kasuan, berriz, emaztearen semearen ezagutzeak, beste belaunaldi bateko kide batekiko harreman estuak, «desblokeatu» egin zuen nobela amaitu ahal izateko.

Atzera begiratzeaz

Fikzioaren beharrei erantzuteko atzera begiratzea guztiz logikoa eta beharrezkoa da De Tororen ustez. «Idazlea atzera begiratzen duena da», izan ere, hark atzo esan zuenez. Hori ez da osasuntsua, edo ez da osasuntsutzat jotzen gizartean, baina idazlearentzat premiazkoa da.

«Literaturak esperientzia du elikagai, eta guk ez dugu ez gerrarik eta desastre ikaragarririk bizi izan», esan zuen De Torok. «Kuxin artean bizi gara. Ni bizi naizen munduan zaila da garaiz aurretik hiltzea. Ez dago arriskurik, ez dago kontatua izatea merezi duen ezer. Beharbada hori da atzera begiratzera eramaten gaituena, eta horrekin batera geure burua ezagutu nahia, itxitako ateak eta debekatutako armairuak irekiz».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia