Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:34

KULTURA;2010-07-13;ĢEHZk bizi behar du!ģ izeneko kanpaina abian jarri dute. Aurtengo diru galtzeei aurre egiteko, jaialdiak bere webgunean diru laguntzak emateko aukera eskaintzen du

«EHZk bizi behar du!» izeneko kanpaina abian jarri dute

Aurtengo diru galtzeei aurre egiteko, jaialdiak bere webgunean diru laguntzak emateko aukera eskaintzen du

Nora Arbelbide.

Baiona

Astea pasatu da 2010ko Euskal Herria Zuzenean jaialdia bururatu zenetik. Gunea erabat garbitua dute eta orain, oroitzapenak bakarrik dira gelditzen gogoetan. Heletan iragan jaialdiak, alta, oraindik segitzen du bero-bero. Oroitzapenen ondoan, ostiral gauaren deuseztatzeak sortu diru zuloa ere baita gaurko EHZ jaialdiaren errealitatea. Jaialdiko azken egunean iragarri zutenez, 200.000 eurokoa dute zuloa, eta jaialdia hilzorian jartzen du. Argi dute jaialdian sinesten duten laguntzaileek. Ez badute lortzen zulo horren estaltzera, 2011n ez da izanen EHZren jaialdirik.

«EHZk bizi behar du !» lemapeko kanpaina hasi dute. Herritarrek ez dezaten beti beren sakelatik eman pentsatuz, laguntzeko lehen eskaera, instituzio publikoei die egiten. Eta horretan segituko dute bereziki sartzetik aitzina.

Hainbat herritarrek beren elkartasuna adierazi eta haiek ere lagundu nahi dutela erranik, jaialdia diruz laguntzeko aukera zuzena jarri dute jaialdiko webgunean. www.ehz-festibala.com sartu eta hortxe dago dirua emateko aukera. Beste aukera bat, posta arrunta erabiltzea da. Helbidea: Francis Jammes karrika, 4 / 64240 Hazparne (Lapurdi).

Bizkitartean, ostiraleko gaua huts egin dutenen kasuan, jaialdiko arduradunek zehaztu dute sarreraren dirua itzultzeko prest daudela. Baina aldi berean, ikusiz egoera zein den, espero dute ostiral gaua huts egin duten horiek ulertuko dutela egoera larria dela eta, beraz, ez dutela dirua itzultzea eskatuko.

Aurten 15. urtea zuen jaialdiak. Arrosan (Baxenabarre) hasi, zenbait urte Idauze Mendin (Zuberoa) egin eta, iaztik Heletan (Baxenabarre) antolatzen dute. Laguntzaileez osatu lan taldeak du antolatzen jaialdia, bi langileez gain. Urte osoan ari dira eta jaialdi denboran 700 laguntzailetara pasatzen dira. Ez dute partaide pribatu handirik, eta ez dute nahi ere. Independenteak izan nahi dute.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia