Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:33

KULTURA;2010-07-13;'No future' garaiak. 1980ko hamarkadan Azkoitiko gaztetxean bizitako punk giroa bere bizipenetatik azaldu du Juan Luis Zabalak, UEUko ikastaroetan Musika, jarrera eta harreman modu berriak ekarri zituen punk mugimenduak gurera

'No future' garaiak

1980ko hamarkadan Azkoitiko gaztetxean bizitako punk giroa bere bizipenetatik azaldu du Juan Luis Zabalak, UEUko ikastaroetan

Musika, jarrera eta harreman modu berriak ekarri zituen punk mugimenduak gurera

Ainhoa Sarasola.

Eibar

Gizarte aldaketak eta musika joerak eskutik joan dira gehienetan. Garai bakoitzak badu bere soinu banda, eta 1980ko hamarkadakoa punk doinuek osatzen zuten Euskal Herriko eskualde askotan. Indar handiko aldaketa eta gatazka soziopolitikoko urteak ziren; langabezia, giro politiko gogorra... no future garaiak ziren euskal gazte askorentzat, eta orduan lehertu zen punk mugimendua. Eztanda hori Azkoitian (Gipuzkoa) nola bizi izan zuen jaso zuen Juan Luis Zabala Berriako kazetari eta idazleak Galdu arte liburuan, eta orduko bizipenak aletu zituen Eibarren atzo, UEUk antolatutako Punk eta (des)eraikuntza nazionala, hemen eta munduan ikastaroan. Handik urte gutxira, garai beraren hondarrean, musikari lotuta bizitakoen berri eman zuten Akauzazte taldeko Joxe Manuel Larrañagak eta Oier Etxeberriak.

Zabalak gogoan du nola hainbat gazte biltzen hasi ziren Azkoitiko Ilarra tabernan, antimilitarismoaren inguruan eztabaidatzeko. 1982. urtea zen, eta euren kezkak bideratzeko gune baten beharrak gaztetxea izango zen etxea okupatzera eraman zituen. Antimilitarismoak gaztetxe gehienetan presentzia handia zuela dio Zabalak. «Halaber, mugimendu autonomo antikapitalistatik ideologikoki gertu egon zen Azkoitiko gaztetxea», haren hitzetan.

«Orduan sartu zen punka gaztetxean; do it yourself jarreran edo gizartearekin hautsi nahi horretan bazen punka, baina estetikoki eta soinu banda aldetik, ez». Punkak gaztetxean sartu zirela baina «elementu bat gehiago» zirela uste du, eta, oro har, Azkoitian bezala, gaztetxe gehienetan ez zutela batzarretan gehiegi parte hartzen. Hiru motatako gazteak ezagutu zituen Zabalak gaztetxean: mugimendu autonomo antikapitalistaren ideologiatik gertu, gizartea aldatzeko gaztetxea tresna egokia zela sinesten zutenak eta era antolatuan batzarretan ekimena zeramatenak; ikuspegi antisistema orokor bat zutenak, baina antolatu gabeak, tartean punkak; eta bestelakoak, ezker abertzalearen ingurukoak tartean.

«Punka hasieratik ondo uztartu zen korronte autonomo antikapitalistarekin, eta ildo horrek ere ongi hartu zituen punkekin iritsitako janzkera, musika, droga eta harreman era berriak». Orduko lagun koadrilak «zelula sozial ezinbestekoak» ziren, eta hori hautsi egin zuen gaztetxeak. Gainerakoan, Zabalaren iritziz, punka ez zegoen ideologizatua. «Punka askoz ere sinpleagoa zen, eta hori gutxiesgarria dela dirudi, baina egun, orduko ideologia denak asko sinplifikatu dira, eta esan liteke punkak aurreratu zirela horretan, gauzak sinpleago ikusiz».

Punk ereduak eta ideologia

Punkaren zein eredu nagusitu zen hausnartu zuen Etxeberriak. «Gu geroxeago sartuta, egiten genuen hausnarketa zen, punkaren eremu zehaztugabe horretan, hemen ia erabat ezarri zena izan zela Sid Viciousena, baina punka izateko beste era asko zeuden, ideologizatuagoak edo, ez Sid Viciousek irudikatzen duen infantilismo autosuntsitzailea». Bestelako eredu horiek Azkoitira ere iritsi ohi zirela uste du Zabalak, esaterako, Xabier Montoiak punka egitekotan euskaraz izan behar zuela esaten zuenean. «Bazegoen punka nolabait lantzen zuen jendea, fanzineak... baina Azkoitiko eta gaztetxeetako punken artean ez dakit noraino iritsi zen ideologizazio hori, punk landuago hori». Larrañagaren ustez ere, «punk sinple hori izan zen azalera atera zena eta kalean gehien ikusten zena».

Dena dela, punkaren «etiketak jartzea» ez dela egokia uste dute hizlariek. «Bazegoen sistemaren aurkako ideologia bat, baina besterik gabe-edo», Zabalaren ustez. «Garaiak hori eskatzen zuen, eta agian ez zen gutxi ordurako, gauza askorekin hausten baitzuen; ez bakarrik gurasoen mundu peneuveroarekin, baita ezker abertzalearen eskema askorekin ere».

Itxia eta irekia

Punk giroa bai, baina punk musika ez zen Azkoitiko gaztetxean nagusi izaten; garai hartan popa eta rocka ere punka zirela uste du Zabalak, ez zirela kulturatzat ere aitortzen. Ilegales, Nacha Pop, Derribos Arias eta The Jam ditu gogoan, besteren artean. Halere, La Polla Records, Hertzainak eta Potato ere maiz entzuten zirela azaldu du. Baita ere after-punk ildoko Psychedelic Furs eta Nick Cave.

Musikari lotuta hasi ziren Azkoiti eta Azpeitiko gaztetxeetan ibiltzen Etxeberria eta Larrañaga. «Giro irekia zen, baina aldi berean itxia. Gaztetxoak ginen orduan, eta askotan beldurra ematen zuen han sartzeak». Giro hura zabaltzen Kaka-Flash irrati libreak lan handia egin zuela gogoan du Larrañagak. Musika zaletasunak eraman zuen gaztetxera hein handi batean, talde ugari entzuteko aukera izaten baitzen, bestela berbenak nagusi ziren garaian.

1990eko hamarkadan itxi zituzten gaztetxeak, eta gune baten beharrak ekarri zuen 14 urtez zabalik jarraitzen duen Mataderoa irekitzea. «Niretzat punkaren herentzia onena gorrotoa da; mundua ez dela asmo onengatik aldatuko, gorrotoa antolatzetik baizik. Baina punk nihilistak egiazkoa sentiarazten zaitu, eta hori, atzera begira, txistea da. Uste dut Mataderon izan genuela intuizio hori, nahiz eta gero kontraesanak ekarri zizkigun», Etxeberriaren esanetan. «Praktikotasuna ere bilatu genuen, ordurako gaztetxea oso satanizatuta baitzegoen. Zerbait berria sortzen ari ginela sartu behar zitzaion udalari», Larrañagak gogoan duenez.

Antolatzeko eran «garai zaharretatik ikasi» dutela azaldu zuen Larrañagak: «Gaur egun berdin jarraitzen du; batzarretan antolatzen, irrati bat egiteko asmotan, betiko arazoekin, batzuk lan egiten dute, beste batzuk ez, jende askok uste du espazio aske bat dela, eta edozer egiten dute... Gaztetxearen ondorengo beste espazio bat eta beste belaunaldi bat da, baina funtzionatzeko modu berarekin. Garai hartako gauza asko jaso ditugu». Izan ere, no future garaiek utzi zuten etorkizunerako leziorik. Etorkizuna, Matadero, Bonberenea eta antzerako espazioetan ikusten dute biek.

 

Egitaraua



GAUR

'Euskal Herriko punk eztanda: jendetzaren autonomia aldarrikatuz, nazio eraikuntza arazotuz'. Hitzaldi laburrak eskaini eta mahai-ingurua egingo dute, 09:30etatik aurrera, Iñaki Barcenak, Ibai Atutxak eta Josu Zabalak, Lekeitioko R.M. Azkue ikastolan.

'Punk perretxikoak Euskal Herrian'. Musika entzunaldia gidatuko du Gotzon Hermosillak, 16:00etatik 18:00etara.

'Goroldiorik gabeko harribitxiak: kantu definitiboen bila'. Hitzaldia eta musika entzunaldia izango dira 19:00etatik 21:00ak bitarte. Saio hau irekia da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia