Uda Iratiko gailurretan iragaten du Pantxo Etxeberri artzainak. Jendearengandik urrun, senideak gutxi gozatuz. Gaztaroko apaiz asmoak buruko txoko batean, militantzia odolean.
Pantxo Etxeberri
Bortuko terrazan
Xan Aire.
EzterenzubiEstralurtarra dela entzun izan du. Beharbada, munduko punta batean bizi delako. Haren erreinura iristeko, Baxenabarreko erraiak zeharkatu behar direlako, eta zerura doan bidea igo behar delako. Erreinu horretan harrapatzen dira xendrak mendiarekin dantzan, iturriak kantuz. Eta pagoak lurrari lotuak, artzaina mendiari sustraitua den gisan. Pantxo Etxeberrik (Lekuine, Lapurdi, 1964) estralurtarra dela entzun izan du. Bere bizimodua hautatu duela erantzun izan du. Azken mohikano haietarik dela erran daiteke.
Urtean bost hilabete Iratiko gailurretan iragaten ditu. Ezterenzubiko (Baxenabarre) kaskoetan, Okabe mendiak babesturik, Apatesoro txokoan. 1999. urtetik artzaina da, ofizioz. Bortuko hamaikagarren sasoia hasi du iragan maiatzean. «Ez da errazena izan. Joan den neguan haizeak etxolako teilatua eraman dit», salatu du Etxeberrik. Eta maiatzean, urtero bezala bortura igotzean, sorpresa txarra izan du. «Elurrak harrapatu gaitu. Gibelera jo behar izan dugu». Beste artzain baten ardiek ez zuten kamioitik jaitsi nahi, eguraldi txarra sentiturik. «Eta hori ez da seinale ona».
Naturak atsedena eman dio, geroztik, Pantxo Etxeberriri. Sasoiko azken gazta bukatu berria du. «Lan bat gutxiago, hemendik aitzina», dio artzainak, irriz. Iratzargailuak goizean goizik jotzen du bortuan. «Bostetan jaiki, ardiak argitzerako biltzeko. Etxolara ekarri, jetzi, gasnatu. Orain arte, goizak horrela joan zaizkit. Arratsaldean bazterrak zaindu, eta ardiak berriz jetzi, eskuz, hiru orduz». Egunero horrela dabil artzaina, hotzarekin ala beroarekin, beti berdin, atseden gutxirekin. «Zailena lainoa izaten da, ardiak ezin harrapatuz ibili behar baita ezker eta eskuin».
Alta, Pantxo Etxeberri ez zen lanbide horretan abiatu gaztaroan. Beste artzaintza mota bat zuen gogoan. «Apaiz egiteko asmoa nuen. Seminarioan sartu nintzen, eta ikasketak bertan egin. Eta, apaiza izateko bi urte eskas nituela, utzi nuen. Apezpikuari gutun luze bat idatzi, eta ihes egin. Urteak joan ahala, kritikoa bilakatu nintzen. Elizarekin desadostasunak nituen. Apaizak, nire iduriko, engaiatua izan behar zuen, arlo sozialean, euskaltzalea, jendearengandik hurbil».
«Ikaragarriko bolbora»
Militantzia dastatu zuen, ondotik. «Elkarte munduan murgildu, AEKn sartu, euskara bost urtetan galdua bainuen. Baiona Ttipiko Patxa mugimenduan sartu... Intsumisioen garaia ere izan zen... 1980ko hamarkada, rock mugimendua, ikaragarriko bolbora zen», oroitu da Etxeberri. Kitarra jotzen ere ikasi zuen, garaian. Eta barnealdera itzultzera erabaki zuen. «Euskaldun Gazteria elkarteko animatzaile gisa hasi nintzen lanean. Hor, antzerki eta besten bidez, arrapizte bat lortu genuen». Kultura mundutik laborantzara pasatu zen, ELB sindikatuko permanente bilakatuz. «Hor ere, gazteekin aritu ginen lanean. Haien arazoei aterabideak aurkitzen, eta, aldi berean, horien militantzia akuilatzen».
Lan horretatik gogoeta pertsonala sortu zitzaion Etxeberriri. «Beti aholku ematen ari nintzen besteentzat eta, halako batean, neure buruari galdetu nion zergatik ez nintzen, ni ere, laborantzan plantatuko». Ikasketei berriz lotu, ikastaroak egin... Eta ardiekin hastea erabaki zuen. «Kasu, ardi buru beltzak nituen, ordukotzat, gogoan. Ez nuen besteekin ikusten nire burua. Buru beltzek errebelde itxura dute. Ni ere buru bero plantatu nintzen, 300 ardi erosiz».
Ez ziren, ez, artzaintzako lehen urratsak errazak izan. «Ez nuen baitezpadako harrera ona izan...», aitortu du Etxeberrik. «Arrotza nintzenez, beste artzainek ez ninduten horrelaxe onartu beren artean. Irekidura eskasa bada nonbait. Baina mendian horrela da: leku itxia eta irekia da aldi berean. Zabala iduri du, baina bakoitzak bere lekua errespetatu behar du. Hala ere, nik uste garai hartako artzainek beldurrarengatik jokatu zirela horrela nirekin. Bakartasunak eragindako beldurra, eta segida gutxi duen ofizioaren beldurra ere bai». Egoera zaila dute artzainek. Geroz eta gutxiago dira bortuko zaintzaileak. Mendiko bizimolde bakartiarekin batera, beste arazo bati aurre egin behar diete: urtero etxalde bat harrapatu behar izaten dute, neguan alokatzeko. «Egonkortasunik ez dugu lortzen maila horretan. Eta gaur konpondu behar den arazoa da hori».
Anartean, aurtengo uda ere bortuko terrazan pasatuko du Pantxo Etxeberrik. Erretiratu arte horrela ikusten du bere burua, nahiz eta familiarengandik urrun izan. «Amets bat gauzatu dut. Mendiari hein horretaraino lot daitekeela ezin sinetsia da». Uztailaren 18an, Bortuaren Eguna antolatua dute, artzainak elkartzeko, eta beren ofizioari erakustoki bat eskaintzeko. Bihar, gazte bati segida utzi nahiko lioke Etxeberrik. Gaur egun, gizartetik urrun dago garai batean jendearengandik hurbil nahi zuen apaiz gaztea. Hori da hori ironia. Edo zoriona.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
