Berria.info

Larunbata, 2013ko maiatzak 25 - 18:16

TARTEA;2010-07-04;«Haizeak eta olatuek atzerantz eraman gintuzten bizpahiru egunez». Neska-laguna eta aitaginarreba lagun, mundu osoko itsasoak zeharkatu ditu Egoi Urkizak. Esperientzia errepikatuko lukeela dio. Egoi Urkiza. Abentura zalea

Egoi Urkiza.

Abentura zalea

Neska-laguna eta aitaginarreba lagun, mundu osoko itsasoak zeharkatu ditu Egoi Urkizak. Esperientzia errepikatuko lukeela dio.

«Haizeak eta olatuek atzerantz eraman gintuzten bizpahiru egunez»

Ibai Maruri.

Bilbo

Ia bi urte egin ditu Galdakaoko (Bizkaia) Egoi Urkizak itsasoan. 2008ko abuztuan abiatu zen Bermeoko portutik, bere neska-lagun Rasa Varnas eta haren aita Andrius eskifaiakide zituela. «Aitaginarreba kapitaina da; haren ametsa izan da», dio Urkizak. Bidaia bukatzeko Lituaniara arte joan behar dute, Varnastarren sorterrira. Egunotan Euskal Herrian izan dira. www.ragaine2.com web orrian dute ontziko liburua.

Etxera itzultzeko gogoz?

Azken egunak gogorrak izan dira. Iristeko gogoa genuen, bagenekien gutxi falta zela Euskal Herrira heltzeko, baina kosta egiten zitzaigun. Gurasoak eta aitona-amonak ikusteko gogoa nuen.

Etxekoek zer esan dizute?

Pozik daude, itzuli garelako, noski. Baina hasieratik ondo hartu zuten abentura hau. Bisitan ere etorri zitzaizkigun itsasontzira.

Dena utzi eta joateko erabakia errez hartu zenuen?

Beharra utzi behar izan genuen. Baina proiektu bat sortu genuen, bidaiarekin liburu bat idazteko asmoa agertu zitzaigun. Orain, dena berriz hasi behar dugu. Edonola ere, ez naiz batere damutzen.

Mundu osoan ibili zarete. Zein bide jarraitu duzue?

Bermeon itsasoratu ginen. Handik Lisboara jo genuen, Marokotik, Kanarietatik eta Kabo Berdetik igarota, Ameriketarantz jo genuen. Barbados, Karibeko uharteak, Venezuela, eta Panamako kanaletik Ozeano Barera. Galapago uharteak, Frantziak Polinesia eta inguruetako uharteetan ere ibili ginen. Australiatik Asia hego-ekialdera jo genuen. Malasia, Thailandia, Sri Lanka, Maldiva Uharteak, Oman, Yemen, Eritrea, Sudan eta Egiptotik Mediterraneora. Grezia, Malta, Italia, Tunisia eta Frantzian egin ditugu azken geldiuneak.

Ikusitako horretan, zer nabarmenduko zenuke? Zerk erakarri zaitu?

Ozeano Bareak osorik, eta Hego Asiak. Inguru horretan dena da berezia. Gogoan dut Palmerston. Cook uharteetako atoloi txiki txiki bat da. 50 lagun bizi dira bertan, eta 13 familia dira. Ikusten zaituen lehen familiak seme-alabatzat hartzen zaitu. Haiekin lan egin behar duzu: arrantzara joan, garbigailua konpondu, umeekin eskolara joan... Oso jende berezia da. Hego Asian, berriz, lekuak zoragarriak dira. Thailandia, Malaysia, Indonesia... Izugarria!

Estualdirik pasatu duzue?

Bai, haizearen ondorioz; Mediterraneo itsasoan. Egiptotik Greziara joaterakoan, 140 km/h abiadurako haizea eta 5-10 metroko olatuak harrapatu genituen. Nahiz eta belaontzia Greziarantz joateko jarri, 110 kilometro egin genuen atzera. Normalean egun on batean 200 kilometro egiten genituen. Baina bizpahiru egunez korronteek, haizeak eta olatuek atzerantz eramaten gintuzten.

Halakoetan beldurra pasatuko da...

Itsasoa gaiztotzen denean, beti beldurtzen du. Baina hor hirurok gaizki pasatu genuen. Mediterraneo itsasoa txikia denez, olatuak nahiko segidan datoz, eta kontrolatzea askoz ere zailagoa da. Haizea gogor dabilenean eta olatuak handiak direnean, 10 metroko belaontzia itsasoaren erdian ikusten duzunean oso txikia zarela sentitzen duzu.

Aurretik izan duzu itsasoarekin honen tamainako hartu-emanik?

Andriusek eta Rasak bai. Baina nik Lituaniatik Suediara baino ez nuen eginda duela lau urte. Ez nekien itsasoaz ezer; orain pila bat gustatzen zait.

Hornitzeko nola moldatu zarete?

Lehorreratzen ginen bakoitzean supermerkatuetan egiten genituen erosketak. Edozelan ere, gure dieta arraina izaten zen nagusiki, eta gero arroza eta pasta. Arrantza egiten genuen: atuna, urraburuak, txibiak... Supermerkatura iritsitakoan oilaskoren bat-edo erosten genuen, baina gure ekonomia nahiko estu ibili da beti. Ez geneukan diru asko, eta kontrolatu egin behar izan dugu. Egia esan, denetarik jan dugu. Ez gara askorik argaldu, bizpahiru kilo asko jota. Belaontzian lan mordoa egiten dela kontutan hartuta ez asko.

Energia nola eskuratzen zenuten?

Geuk sortu behar genuen. Haize generadorea geneukan, eta eguzki plakak. Lainotuta bazegoen edo haizerik ez, hozteko aparatua itzali behar zen, ordenagailua deskonektatu... Batzuetan ondo, eta beste batzuetan ez hainbeste.

Baina inoiz ez duzue pentsatu bidaia bertan behera uztea...

Ez, sekula ere ez. Behin bizkarreko minez egon nintzen. Hiru egun izan ziren. Aingura botata egon behar izan genuen. Belaontzian dauden denek ondo egon behar dute, bestela besteentzat zama da. Eskerrak ez zela denbora askorik izan. Egia esan, ez gara behin ere gaixorik jarri. Ni, orain, etxera iritsitakoan gaixotu naiz.

Eta orain zer?

Bidaia bukatzeko Lituaniara joango gara, neskaren eta aitaginarrebaren sorterrira. Eta gero, ba, auskalo! Berriz lanera itzultzea, orain arte hain aske izanda... Gogorra izango da.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia