2010-07-02
Heletan sustraitzen
Gaur hasiko da Euskal Herria Zuzenean, The Jim Jones Revue, Gojira, Alpha Blondy eta 2 Many DJ's-en kontzertuekin
Hamabost urte bete ditu jaialdiak, eta bigarren aldia du Baxenabarreko herrian
Nora Arbelbide.
HeletaEuskal Herria Zuzenean jaialdia Herri Urratsen bidea hartzen ari dela dirudi. Txikitatik zahartu arte, urtero garai berean iristen da eta ezin da huts egin. Aurten bete dituen hamabost urteak dira horren lekuko. Arrosan (Baxenabarre) izan zuen lehen aldira gurasoekin egun-pasa joan ziren txikiak, orain, bakarrik datoz, gazte eta mundua jateko prest. Hogei urteak betetzeko edo beterik, hiru egunak «egiteko» gogo handiz daude; laguntzaile gisa ala festazale soil, baina beti lagunen artean. Arrosatik Idauze-Mendira (Zuberoa) pasatu, eta orain bigarren urtea duela Heletan jaialdiak, gazte berriek urtez urte hartzen diete aitzinekoei lekukoa. Batzuk laguntzaile soil hasiak, orain arduradun. Besteek ardurak utziak eta besta gozatzaile bilakatuak.
Uda hasierako jaialdia. Ikasturtea bururatu eta presioa jaisteko lehen elkargunea. Lehen mozkorrak, lehen amodioak. Maitemindu, haurrak ukan. Eta, gero, haurrekin heldu, egun-pasa. Horrela, aitzina doa jaialdiaren historia. Jaialdiko arduradunek eman zifra umoretsuak izan daitezke izpiritu horren adierazle: «Hamabost urtez, 500 musika talde, 8.000 laguntzaile, 300.000 festazale, 2.000 haur ernaldu oihal etxe azpietan, 100.000 kondoi erabiliak, 50.000 amodio istorio...»
Belaunaldiz belaunaldi ilusioak segitzen du aitzina. Hasiz musikatik. Urteroko jakin-mina da zein talde ariko den jaialdian. Beti sortzen dira zurrumurruak, joko bat balitz bezala. Izenak nondik ateratzen diren ere ezin jakin. Batzuek Metallica bera ere amestu izan dute Heletako plazan.
Kontzertuak baino gehiago
Ilusioa zaleentzat, buruhausteak urte osoan taldeen bila ari diren langile eta laguntzaileentzat. Hamabost urtez anitz aldatu da musikaren mundua. Hastapenetan, gainera, rock jaialdi bakarra zen Euskal Herri osoan EHZ. Orain, beste anitz daude, eta anitzez aurrekontu handiagoekin. Enpresa pribatuak lagun. EHZ ere betiko eztabaida izan da: handitu, diru laguntza pribatu inportantei atea irekiz, ala koherentzia hobetsi, baliabideak eta taldeak mugatuz bada ere. Sarreren prezioetatik hasiz. Lehen urtetik txartelak merke atxikitzeko beharrak lehentasuna izan du. 30 euro baino gutxiago ostiral eta larunbatean, eta igandean 20 euro. Eta hiru egunentzako prezioak ere egiten dituzte. Jaialdien panorama begiratuz, bada aldea. Hori bai, dirurik ez, baina beti laguntzeko prest. Aurten bi elkarteri utziko diete espazio bat beren burua ezagutarazteko eta bide batez dirua biltzeko. Bata da Lekornen (Lapurdi) ikastola sustatu nahi duen Baigura elkartea, eta bestea Egunkaria-ren aldekoa. Argi dena da kontzertu metaketa bat baino gehiago izan nahi duela jaialdiak. Giro bat. Hori luke alde jaialdiak, zaleen ahotan, «giro paregabea». Definitzeko hain erraza ez den giro bat.
Baina, hala ere, izen handiko kontzertuek ezinbestekoak izaten segitzen dute jendea erakartzeko. Iaz hala gertatu zen. Manu Chao heldu zela jakitean sarrera salmenten kopurua kolpez igan zen, sarrerak agortzeraino. Aurten ez da izanen Manu Chaorik, jaialdia aurkezterakoan Heletako auzapez Philippe Etxeparek azpimarratu duen moduan. Gaineratuz, hala ere, ez duela duda egiten aurtengoa ere ederra izanen dela. Hasteko, taldeen zerrendak ez du bere buruaz ahalketzerik. Gaurko oholtza nagusian, adibidez, dantzatzeko gogoa pizten duen rocka ekarriko du The Jim Jones Revuek, puntako metala Gojirak, Boli Kostako reggaea Alpha Blondyk eta Belgikako 2 Many DJ's bikoteak talde ezagunen kantuekin egiten dituen nahasketak. Hainbat oholtza antolaturik herrian gaindi, begi bistako arrakastak baino gehiago sorpresak eman nahi ditu jaialdiak.
Koherentzia antolakuntza aldetik ere atxiki nahi dute. Ingurumena errespetatu beharraren ildoa, adibidez, aspaldian sakondu nahian dabiltza. Brigada berdea izeneko batzordea ideia berriekin dator aurten ere. Besteak beste, zigarreten filtroak biltzeko sakelako hautsontziak banatzen ariko dira. Detaileak batzuentzat, besteentzat funtsezko osagaia.
Osagai guztiak prest orain, heletarrak ere pozik errezibituko dituztela bisitariak segurtatu du auzapezak. Orain, garrantzitsuena falta da: ikus-entzuleak. Salmenten aldetik ez dabiltza gaizki baina oraindik gelditzen da leku andana.
Egitaraua
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
