Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:32

KULTURA;2010-06-27;LITERATURA. «Hizkuntza ebatsi diegu animaliei». «Ez zait gustatzen egiten dudanari poesia deitzea. Beste poeta batzuentzat soilik idazten duzula ematen du», adierazi du, txoriekin elkarrizketa izaten saiatu ostean. Isabel Escudero. Idazlea

Isabel Escudero.

Idazlea

«Ez zait gustatzen egiten dudanari poesia deitzea. Beste poeta batzuentzat soilik idazten duzula ematen du», adierazi du, txoriekin elkarrizketa izaten saiatu ostean.

«Hizkuntza ebatsi diegu animaliei»

Jon Benito.

Donostia

ZoOo hitz basatia jardunaldietara gonbidatuta etorri zen Isabel Escudero Donostiara, eta Gorrión, migajas... (Pre-textos, 2008) liburuan oinarritutako errezitaldia eskaini zuen Kristinaenea parkean ostegun arratsaldean. Txolarre kantua eta bere poemak elkarrekin lotu zituen aho eta ahots, hitz eta kantu. Poesia jendeari irakurri ostean, hitzen azpitik dagoena azaltzen saiatzen da. Ahozkoaren garrantziaz dihardu, errezitaldiarekikoak egindakoan: «Ezinbestekoa iruditzen zait haurrek, hizkuntza oraindik bigun eta moldagarri dutenean, errezitatzen eta hizkuntzarekin jolasten ikastea. Hizkuntza ez dela mezuen eramaile soil, jolas eta gozamen ere badela helarazi behar diegu».

Hizkuntza

«Hizkuntzak mundua fabrikatzen du. Gauzak izendatzen edota zenbatzen ditugunean, mundua faltsifikatzen ari gara. Hizkuntzaren ahalmen edo pribilegioetako bat, gauza bat esaten duen bitartean beste bat esateko duen erraztasuna da. Hitz-elkartze jokoekin, elkarren artean harremanik ez duten bi hitz ondoan jarrita, errealitatea itxuraldatzen dugu. Hori haurrei irakastea ezinbestekoa iruditzen zait. Hizkuntzak ez baitu beti zerbaitetara bideratutako erabilera funtzional edo ekonomiko bat. Hizkuntza txorien kantua bezalakoa da».

Gizakiaren neurria

«Gauzek euren adierazpen moldea dute, baina gure giza izaeragatik, gizakia guztiaren neurri gisa hartzen dugulako, ez dugu entzuten eta ez zaigu hala iruditzen. Lehenik, gizakiak, gauzak sortu, izendatu eta sailkatu egiten ditu, jainkoen moduan. Gero, gauzen neurria garela uste dugulako, pentstazen dugu hizkuntza soilik geurea, gizakiona, dela. Hizkuntza ebatsi diegu animaliei. Orain humanismoa abertzaletasun modu bat bihurtu da, eta, denak gizakiaren arabera interpretatua, neurtua eta sailkatua egon behar duenez, ez dira beste gauzak entzuten. Eta guztia adierazten da bere modura, ez bakarrik animaliak».

Entzuteaz

«Zuhaitzek beren adierazteko modua dute, landareek ere bai... ez dute modu artikulatuan hitz egiten, baina etenik gabe seinaleak ematen ari dira. Eta horixe egiten saiatu naize: gauza modu bat gara, eta, guk, gizatasunak ematen digun pribilegiozko leku hori utzi eta belarriak zabaltzen ditugunean, entzun egiten dugu. Herria eta jendea entzuteko ere belarriak zabaltzen zaizkigu horrela. Poetak, idazle egiten den heinean, bere gorputza edo estatusa osatzen duten jende edo ahots kultuak entzutera jotzen du, baina poesiaren musek ez dute izenik, poesiaren musa hizkuntza arrunta da. Eta horretarako, poetak eginbehar bat du: belarria jartzea, entzutea. Emakumeak azokan edo umeak jolasean ikusten dituzunean, adibidez. Hor herriaren seinaleak daude».

Galderak barruan

«Lehen hezkuntzako irakasle izango direnekin egiten dut lan unibertsitatean. Harritu egiten dira ikustean mundura zabalik dauden begiak direla haurrak, eta galdera mordo bat dutela eta berezko grazia dutela. Harrigarriak dira haurrak orduan! Heltzen diren heinean, ordea, eta gizartearekin harremanetan hasten direnean, motelduz joaten dira, begiak formateatu egiten zaizkie, eta ordura artean eman zaiena besterik ez dute ikusi nahi: telebistako pentsua. Udako gau batez, zerura begira, infinitua edo amaierarik gabekoa zer den pentsa dezake haur batek, izarrak zenbatzen hasten denean. Amaierarik gabeko horrek eragiten dion egonezina edo talka berak berez sentitu beharrean, ordea, infinitua zer den azalduz argibideak ematen ari zaio pedagogia ofiziala. Umeei ez zaie galderak barruan haz dakizkiekeen uzten».

Galderetatik poesiara

«Nik poesia gisa ulertzen dudana ez dago arrazoi komuntzat daukadanetik aldenduta. Poesiak ezin du metafora ederretan oinarritu, ez baitago arrazoi lotsagabe edo ozarrean sustraituta. Poesiak beti galdezka behar du, besteari entzuten, norberari entzuten».

Ereduak

«Poesia egiterakoan, Antonio Machado da nire ereduetako bat. Gustatzen zaizkidan bi aldeak batzen ditu: batetik, poeta kultua zen, hitzaren baliabideekin artelanak egiteko gai; baina, bestetik, herri jakintzatik eta folkloretik edan zuen. Gauza bera gertatzen zait Goetherekin edo Gabriela Mistralekin».

Idatziaren nagusigoarekin hautsi

«Poesia, idatzitik, paperetik, liburutik atera behar dugu. Horretan guztian oinarrizko akats bat dagoela uste dut: jendeak idatzita dagoen bezala hitz egiten du. Eta nik hitz egiten den bezala idatzi nahiko nuke. Ahotsa, hitza, historiaren aurrekoak dira. Hori zenbakiekin, kategoriekin, hildakoen hilobietan izena idaztean hasten da... poema bat egiterakoan, gauza askotan lagun zaitzake idatziak: zure beldurra edo bertigoa kokatzen laguntzen du, adibidez. Baina ez badu barrutik manatu gabe hasten den ahotsaren bulkada... Idatziaren nagusigoarekin hautsi behar dugu».

Poesia: zer eta norentzat

«Ez zait gustatzen egiten dudanari poesia deitzea. Hain erabilia dago hitz hori! Beste poeta batzuentzat soilik idazten duzula ematen du. Eta zuk hemen ikusi ahal izan duzun bezala, ni hor dagoen jendearentzat saiatzen naiz poesia egiten: berdin zait adineko, haur ala gazte... bestela ez du balio. Zientzia bezalakoa da: modu naturalean formulatu ezin den edozein arauk, faltsua izatearen susmoa du. Gauza bera gertatzen da poesiarekin: musikaren edota erritmoaren laguntzarekin hizkuntza arruntera ekarri ezin den poesia faltsua da. Poesia ez da poeta kultuentzat egiten».

Animalia izan

«Animalia, Adamdik gaur arte, gizakiak sailkatu eta bere zerbitzura jarria, gizakiarengandik urrun balego bezala, beste eremu batera kanporatu eta mugatua dirudi. Baina animalia ez menderatua edonon dago, ez beti kanpoan, pertsonen barruan ere bai baitago, berek itsutu eta mututua; gero, bere zirrikituetatik, ataka zailenetan, pertsonak gizatasuna galtzen duenean, atera egiten da».

Txoriak eta gu

«Gaurko errezitaldian, txoriekin elkarrizketa bat izaten saiatu naiz. Batzuetan txorien lekuan jartzen nintzen... denari konponbiderik eman ezin diogunez, kontraesana besterik ez zaigula gelditzen... zauria zauria dela... eta heriotza pertsonen kontua... horixe kontatu nahi nuen».

Soslaia



Isabel Escudero, 1944an Quintana de la Serenan jaiotako poeta eta saiogile espainiarra da. Egun UNEDeko Hezkuntza Zientzietako Fakultateko irakaslea da. Archipiélago aldizkariko zuzendarietako bat ere bada. Agustin Garcia Calvorekin lankidetzan aritu izan da. Bere poesia lanari lotuta dago azken denboretan. Coser y cantar (1984) liburuarekin markatu zituen bere poetikaren oinarriak izango zirenak: herri tradizioaren bertsoera haikuaren trinkotasunarekin uztartu zituen. Fiat Umbra (Pre-textos, 2008) du lanik ezagunena, eta urte berekoa da Gorrión, migajas..., errezitaldian irakurri duena. Irailean Nunca se sabe izenekoa argitaratuko du. Umeekin egindako lanaren altxor, Cancionero didáctico: cántame y cuéntame (1998) liburu-DVDa argitaratu zuen.

J.B.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia