Animalien mundura soinuen bitartez hurbiltzeko saioa
ZoOo Hitz Basatia ekimenaren barruan, erakusketak, zinema, poesia eta mintegiak izango dira Donostian
Ainhoa Sarasola.
DonostiaAnimalien unibertsoari begira jarriko du ikuslea ZoOo Hitz Basatia ekimenak. Iaz, irudien bidez jarri zuen, eta soinu eta hotsen esparruari erreparatuko dio orain. «Animalien mundu paralelo horri so egiteko ibilbide akustikoa» proposatzera dator Cristina Enea fundazioak garatutako egitasmoa. Bihar hasi eta urrira bitarte, «animaltasunaren eta gizatasunaren arteko tentsioan begirada jartzeko» programa bat jarriko da martxan Donostian. Nazioarteko sortzaileen eskutik, hainbat ekimen izango dira Kristinaenea parkean, Ingurumen Baliabideen Etxean.
Arteleku Donostiako Arte Garaikideko Zentroko Audiolab Sailarekin eta Gasteizko Amarica egitasmoarekin elkarlanean sortu du egitasmoa Cristina Eneak. Oier Etxeberria proiektuaren arduradunak azaldu duenez, hotsari eta lengoaiari jarri diote arreta aurten, «hizkuntza delako animalien eta pertsonen arteko banaketa erradikalena».
Bihartik irailaren 13ra Kristinaenean ikusgai izango den erakusketa gunearen inguruan antolatuko da ekimena. Bill Burns artista kanadarraren Safety Gear for Small Animals erakusketa izango da ikusgai han; gizakiok egunerokoan baliatzen ditugun zenbait babes objektu (eskularruak, kasu) galtzear diren espezieen babeserako egokitu ditu artistak. Sebeoken katua izango da ikusgai gune berean, Andreas Wutz alemaniarrak ekimenerako espresuki sortutako ikus-entzunezko lana. Animalien komunikazioaren ikerketan aitzindari izan zen Thomas Sebeok hizkuntzalaria, eta haren lanetan oinarrituta dago Wutzen lana. Marcel Broodthaers artista belgikarrak, berriz, Interview with a Cat 1970ean Dusseldorfen grabaturiko soinu pieza jarriko du entzungai.
Erakusketa gune berean, zenbait artistaren soinu grabazioak eta konposizioak aurkeztuko dira Entzun animalia soinu instalazioan. Francisco Lopez, Slavek Kwi, Yannick Dauby, Team of Jeremy Roth, Nader Koochaki eta Xabier Erkiziaren lanak biltzen ditu guneak. Animalien hizkerarekiko hainbat hurbilketa mota proposatzen dituzten ikerlanak biltzen dituen dokumentazio gune batekin osatu dute erakusketa nagusia.
Jarduerak
Proiektua hasteko, Bill Burnsek Bird Songs for San Sebastian izeneko performance-a egingo du bihar, Kristinaenean. Etzi, Andreas Wutzek koordinatuta, hainbat film labur emango dituzte leku berean, Animalien Zinema Zikloaren barruan, eta hilaren 24an Isabel Escuderoren poesia errezitaldia izango da. Abuztuan, Slavek Kwiren eskutik, animaliak entzuteko tailerra izango da Artelekun, eta irailean, berriz, Hitz basatia tailerra gidatuko du Olatz Gonzalez EHUko antropologoak Kristinaenean. Proiektua ixteko, Hydrophonia itsas azpiko grabazioekin sortutako mikrojaialdiak izango dira Artelekun eta Aquariumean.
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
