Eko-tik
Enrike Gisasola. - Artzain ekologikoa eta Biolurreko kidea
Ongarria erraustu?
Zer iritzi duzue nekazaritza ekologikoan zabiltzatenok hondakinak errausteari buruz?
Nekazaritza ekologikoaren helburu nagusia elikagai osasuntsuak ekoiztea da, betiere ingurumena zainduz eta lurraren emankortasuna emendatuz. Beraz, ezin gara ados egon kontsumo eredu jakin bat erraztu eta ingurumena kutsatzen duen hondakinak kudeatzeko bide zaharkitu horrekin. Gipuzkoan zaborraren arazoaren larritasuna onartuta ere, konponbide modura Zubietan errauste planta erraldoia eraikitzea astakeria izateaz gain, hankasartze itzela izango da, besteak beste, aberastasuna erreko dugulako.
Mordoska dira Beterri alde horretan ekologiko zigiluaren jabe diren nekazariak. Esan gabe doa, beraien jarduera arriskuan jarriko luketela errauste plantako tximiniatik isuritako elementu arrotzek. Izan ere, gure ekoizpen eta lurrek analisi zorrotzak jasaten dituzte, eta halako sustantzia toxiko bat agertzeak zigorra dakar berarekin.
Bestalde, argi dakusagu hondakinak erretzeak etxeetako bereizketa eta sailkapen maila txikitu egiten duela. Zabortegiak bezalaxe, errauskailuak zaborra bistatik ezkutatu egiten du, arazoa mozorrotuz eta berau beste nonbaitera edo norbaiti pasatuz. Tartean, hondakin zorroaren zati nagusia den materia organikoa errauts bihurtzen zaigu. Hain zuzen ere, euriak hain sarri garbitzen duten Gipuzkoako lur buztintsu eta aldapatsu askok faltan izaten duten ongarri preziatua. Konpost modura eraldatuko bagenu, hainbat belaze eta baratze emankorragoak lirateke. Beraz, erre eta lurra hondatu beharrean, zergatik ez konpost bihurtu eta lurra aberastu? Hona hemen adibide xume bat:
Bertoko abeltzaintza ekologikoa sustatzeko asmoz, 2002. urtean Biolurrek eta EHNEk antolatuta, sei baserritarrek Austriara eta Suitzara bidaia egin genuen. Hainbat etxalde ikusi genituen, eta haietako bat Eva eta Anton Hieret- ena zen, Vienatik 35 kilometrora, Maria-Anzbach herrian. 1995etik ekologikoan ari ziren lanean. Beraien laboreekin ogia eta abereak mantentzeaz gain beste jarduera osagarri bat zuten: konposta eskualdeko udalekin sinatutako bost urteko kontratuaren arabera, 400 edukiontzitako materia organikoa jasotzen zuten. Udalerriek osatutako elkartea arduratzen zen bilketaz. Horrek garraioa jartzen zuen, eta bi egunetik behin, hondakinak biltzen zituzten, 3.000 herritarren etxeetatik. Familia horrek konposta beraien etxean nahiz saltzeko erabiltzen zuen.
Horra hor beste alternatiba txukun bat, Gipuzkoako udalerrien banaketa eta kokapenari begiratuz gero egokia gerta litekeena. Gure lurren emankortasuna hobetu eta bide batez nekazaritzari aukera berriak eskainiz, zentzuak irabaz dezala.
@ Egin galdera! Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren aldeko Gipuzkoako Elkartea. Tel.: 943-76 14 47.
biolur@biolur.net
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
