Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:27

KULTURA;2010-06-12;Harriduraz eta asalduraz, aforismoaren bide iradokitzailetik. Azken hiru urteetan idatzitako testu labur hautatuekin 'Jauzika' liburua osatu du Bixente Serrano Izkok

Harriduraz eta asalduraz, aforismoaren bide iradokitzailetik

Azken hiru urteetan idatzitako testu labur hautatuekin 'Jauzika' liburua osatu du Bixente Serrano Izkok

Juan Luis Zabala.

BERRIAren blog komunitateko sarrera berriak jarraitzen dituztenentzat, ondo ezaguna da Bixente Serrano Izkok Nafar periferiatik izeneko bere blogean aforismoak eta esaldi bakarreko edo oso gutxitako testu laburrak sartzeko duen joera. 2006az geroztik du bloga Serrano Izkok Berriaren webgunean, eta 2007ko ekainaz geroztik bolada luzeetan ia egunero sareratu izan ditu halakoak. Aforismo eta testu labur horiek berriro irakurri eta haien atzean «diskurtso oso bat» zegoela konturatu ondoren, testu haiek «diskurtso osoa izango balitz bezala» sailkatu eta liburu moduan argitaratu ditu orain. Horrela iritsi da plazara Jauzika (Pamiela).

«Argitaratutako testu denak daude blogean, baina liburuan ez daude blogeko guztiak», argitu du Serrano Izkok. «Hautapena eta sailkapena egin dut». Libururako hautatu dituen testuetan «harridura eta asaldura» nagusitzen dira. «Harridura eta asaldura munduaren gaixotasunagatik, edo horrelako zerbait».

Iturri asko dute Serrano Izkoren harridurak eta asaldurak: «Gertakariak; hedabideetan agertzen diren politika, gizarte edo kultura egileen adierazpenak; lagunarteko elkarrizketetan, tabernetan edo kaleetan entzundakoak; liburuetan irakurritakoak; eta baita ere, askotan, neure barneko ustekabeko sentsazioak».

Liburua lau ataletan banatua dago, baina lau atal horien aurretik «irakurleari begira egindako oharrak» paratu ditu egileak, horiek ere oso laburrak. «Era honetan testu laburrak hermetiko samarrak gerta dakizkioke irakurleari, eta sarrera horretan nire poetikaz -hitzaren zentzu etimologikoan- halako gogoeta metaliterario batzuk egin ditut, funtsean irakurleari eskatuz ez arduratzeko nik esaldi bakoitzarekin adierazi nahi dudanaz, baizik eta ardura dadin esaldi horien aurrean berari datozkion sentsazio edo burutazio berriez, zerbait bururatzen baldin bazaio behintzat».

Mundu zabaleko gaixotasuna da lehen atalaren izenburua. «Liburua Euskal Herritik pentsatua dago, baina jabeturik Euskal Herriko kontuak ez direla hemen bakarrik gertatzen diren kontuak, mundu zabalekoak baizik, guk gure erara bizi baditugu ere», dio Serrano Izkok. Lehen atala hainbat azpiataletan banatua dago: «Pentsamendu bakarrari buruzkoa, narrazio utopiko handien amaierari buruzkoa, egungo goi mailako klaseek ezarri nahi dituzten demokrazia sistemei buruzkoa, progresoari buruz dauden ideiei buruzkoa...».

Bigarren atalak Gure ekarpentxoak du izenburu. «Euskal Herriko kontuak dira nagusi: biolentzia, biolentziaren aurreko kondenak eta kondena faltak, borroka armatuari buruzko gogoetak, bakegintza...».

«Gure kontu hauek Espainia eta Frantziaren barneko testuinguruan daude kokatuta, eta baita Europaren testuinguruan ere», Serrano Izkoren ustez. «Hirugarren atalaren gaia demokrazia da. Demokrazia horien akatsak eta gabeziak agertzen dira». Demokrazia bahitua du izenburu.

Bertze etorkizun bat deritzo laugarren atalari. Lau azpiatal ditu: «Iragankizun izenekoan, iraganaren eta etorkizunaren arteko dialektika bat agertzen da. Haurrek ikasten dute imitazioz izenekoan, gure jokamoldeak, gure borroka motak etengabe berrikusi behar ditugula aldarrikatzen dut, eta ez ditugula inoiz imitatu behar etsaiari leporatzen dizkiogun injustiziak eta maltzurkeriak. Etorkizunak oraina koloreztatuko balu izenekoan, etorkizun hobe bat planteatzen da norabide gisa, baina oraingo sastraketan-edo zer nolako iparrorratza jarri beharko genukeen aztertuz. Txitxarren hegoak azpiatala nire gai kutunenari buruzkoa da: euskarak zer leku bete beharko lukeen etorkizun hobe batean».

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia