Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:27

KULTURA;2010-06-06;Euskarazko antzerkia koordinatu eta indartu nahi duen elkarte bat sortu dute. Aurreneko batzar nagusia egin du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, eta Josu Kamara izendatu dute lehendakari

Euskarazko antzerkia koordinatu eta indartu nahi duen elkarte bat sortu dute

Aurreneko batzar nagusia egin du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, eta Josu Kamara izendatu dute lehendakari

Juan Luis Zabala.

Villabona

Aspaldidanik sentitzen zuen premia bati erantzunez, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea sortu dute Euskal Herriko zazpi lurraldeetako antzerkizaleek, eta atzo egin zuen elkarte horrek aurreneko batzar nagusia, Mintzola Fundazioak Villabonan duen egoitzan, Gipuzkoan. Elkarteak «euskal antzerkiaren inguruan dauden indar sakabanatuak bildu» nahi ditu, euskal antzerkia indartzeko, Josu Kamara EHAZEko lehendakari izendatu berriak adierazi duenez.

Lehendakariaz gain, beste bi arduradun ere hautatu zituzten atzoko batzarrean, denak aho batez: Idoia Gereño izango da idazkari-koordinatzailea eta Oskar Aranzabal diruzaina. EHAZEk lau lan talde osatu ditu dagoeneko: Komunikazioa, Transmisioa, Sustapena eta Dokumentazioa. Atzoko batzarrean Idoia Gereñok, Joxerra Fachadok, Urki Muguruzak eta Alaitz Olaizolak eman zuten, hurrenez hurren, lan talde horien asmoen berri.

EHAZEren logoa ere aurkeztu zuten atzoko ekitaldian, Juan Luis Biain artistak egina. Logoaz gain, eskultura bat ere diseinatu du Biainek. Eskultura horren kopia bat garaikur gisa emango zaio urtero elkartearen ustez meritu handienak egin dituen antzerkizaleari. Sari hori emateko lehen ekitaldia, aurtengoa, udazkenean egingo da, seguru asko Ipar Euskal Herrian, Oskar Aranzabalek atzo azaldu zuenez.

Aurretik, jendaurreko aurkezpena egingo du EHAZEk, Bilboko Kafe Antzokian, ekainaren 22an, hainbat antzerkilariren parte-hartzea izango duen jai batekin.

Uztailaren hasieran, berriz, Hik Hasi Topaketen barruan, euskal antzerkiaren eta EHAZEren zereginaren inguruan mahai-inguru bat egingo da. Antton Lukuk, Jose Angel Irigaraik eta Joxerra Fachadok hartuko dute parte, eta beharbada beste hizlariren bat ere izango da. «Topagune bat izango da, ideiak lantzeko», Oskar Aranzabalen iritziz.

«Gaur egun gure herrian antzerkizaletasuna egoera pasiboan dagoela ikusten dugu, ea goitik zer erortzen zaion itxaroten, hori ikusteko eta kontsumitzeko», azaldu zuen atzo Josu Kamara EHAZEko lehendakariak, elkartearen asmoen berri ematean. «Antzerkia bizitzeko oso aukera gutxi izaten dugu. Badira hainbat esperientzia gozo, samur eta polit, eta nabari da zaletasuna nonbait badagoela, baina oso zabalduta eta sakabanatua. Elkarte honek indar horiek guztiak bildu egin nahi ditu, eta Euskal Herriko antzerkiari norabidea eman, nolabaiteko protagonismoa».

Euskara, ardatz ezinbesteko

Antzerkizaletasunarekin batera, euskara ere ardatz nagusi eta ezinbesteko du EHAZEk, Kamarak atzo esan zuenez: «Euskal Herriko antzerkian ahultasun edo gaixotasun bat ikusten dugu: euskara ez dago presente modu nabarmenean antzerkizale mundu horretatik sortzen diren ekimen gehienetan, ezta gure antzokietako antzerkian ere. Antzerkia transmisiorako bide bat da, baina transmisio bide horretan guk daukagun beste transmisio tresna euskara da. Gure hizkuntza txertatu egin behar dugu Euskal Herriko antzerkian modu indartsu eta nabarmenean, eta, horrela, benetako euskal antzerkia eraikitzen joan. Eraikitzeke dago oraindik, eta horretan guk gure lan apurra jarri nahi dugu. Horretarako sortu da EHAZE, eta horretan ariko da».

Bazkide izateko antzerkizale izatea eta 50 euroko kuota ordaintzea besterik ez du eskatzen EHAZEk. Elkarteak ez du antzerki profesionalaren eta amateurraren arteko bereizketarik egiten, denak jotzen ditu antzerkitzat. Oraingoz ez du egoitza finkorik, eta diru laguntzen arloan lehen harremanak baino ez ditu hasi, batez ere Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia