Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:25

KULTURA;2010-05-27;Zuzendaritza plana bertan behera uzteko eskatu dio Fiskaltzari Sos Veleiak. Arabako aztarnategia kudeatzeko plan berriaren ustezko irregulartasunak salatu dituzte plataformakoek

Zuzendaritza plana bertan behera uzteko eskatu dio Fiskaltzari Sos Veleiak

Arabako aztarnategia kudeatzeko plan berriaren ustezko irregulartasunak salatu dituzte plataformakoek

Edurne Begiristain.

Gasteiz

Arabako Diputazioak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Iruña-Veleiako (Araba) aztarnategia kudeatzeko hitzartu berri duten zuzendaritza plana bertan behera uzteko eskatu dio Fiskaltzari Sos Iruña-Veleia plataformak. Plan horren legezkotasuna zalantzan jarri dute plataformako kideek, eta ustezko irregulartasunen berri eman diote Arabako Fiskaltzari. Gainera, Veleiako aztarnategian aurkitutako euskarazko eta kristautasunari buruzko aztarnei beste froga analitiko batzuk egiteko galdegin diote.

Dagoeneko, zuzendaritza planaren aurka salaketa aurkezteko lehen urratsa egin du Sos Veleiak. Maritxu Goikoetxea eta Xabi Otsoa de Alda plataformako ordezkariek eman dute ekimenaren berri, Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean. Zuzendaritza planaren aurka Fiskaltzari aurkeztutako dokumentazio eta frogetan jaso dutenez, plan hori gelditu beharko litzateke Veleiako aztarna batzuen ustezko faltsutasunari buruzko auzia argitu eta ustezko delituen inguruko erabakirik hartu arte. Plataformako kideen ustez, EHU «epaile eta parte» izan da auzi horretan, eta, beraz, hura baliogabetzeko arrazoi nahikoa bada Julio Nuñez EHUko irakaslea planaren arduradun nagusia izatea eta plan horretan Batzorde zientifikoko beste kide batzuk ere parte hartzea; izan ere, euskarazko idazkunen faltsutasuna defendatzen baitu Nuñezek. Sos Veleiako ordezkariek argi dute Nuñezen izendapena ez dela «egokia» izan.

Erakundeek Veleian egingo duten kudeaketarekin kezkatuta daude plataformako kideak. Datozen hamar urteetarako indusketa baimenak isilekotasun klausula bat duenez, Arabako Diputazioak eta EHUk bertan agertutakoaren berri ez emateko aukera izango dutela kritikatu dute. Gainera, susmoa dute hemendik aurrera aztarnategiko materialaren kudeaketa ez dela «modu inpartzialean» egingo: «Aldundia demanda egilea da gatazka honetan, eta ez dirudi logikoa zalantzazko materiala bere babespean egotea». Jakinarazi dutenez, Lurmen enpresak -Arabako aztarnategia urteetan kudeatu du- aurkitutako zenbait pieza jada ez daude egoera berean. Ustez «manipulatuta» dauden ostraken argazkien inguruko frogak erantsi dituzte Fiskaltzari igorritako txostenean.

Arabako Aldundiak eta EHUk sinatutako hitzarmenaren tramitazioan ere «irregulartasun» gehiago atzeman dituztela diote; izan ere, EHUko Zuzendaritza kontseiluaren oniritzirik gabe jarri dute martxan zuzendaritza plana, eta galbahe hori saihestu nahian, hitzarmen moduan beharrean, ikerketa lankidetza gisa tramitatu dutela salatu dute.

Laborategien zerrenda

Horrez gain, Sos Veleiako ordezkariek diote Arabako Aldundiak zuzendaritza plana lantzerakoan ez dituela kontuan hartu euskarazko eta kristautasunari buruzko aurkikuntzak benetakoak izan daitezkeela adierazten duten «hamasei txosten», eta uko egin diola analitika berriak egiteari. Hala, analitika berriak egiteko laborategien izenak eta helbideak jaso dituzte Fiskaltzari emandako txostenean, eta azterketa horiek auzian zerikusirik ez duten laborategien esku uzteko eskatu dute.

Ildo horretan, Veleiako aurkikuntzen idazkiak benetakoak diren ala ez «ezbairik gabe» zehaztu dezaketen analitika batzuen berri izan dutela jakinarazi dute. Nazioarteko «ospe handiko laborategi batzuk» landu dute txostena, eta, horren arabera, gorozkien eta zarakarren mineralogia alderaketa egiten bada, egiaztatu ahal da aintzinako idazkunen egiazkotasuna. Txosten hori ere Arabako Fiskaltzaren esku utziko dute plataformako kideek.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia