Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:25

TARTEA;2010-05-19;Dinosauroek Getxo hartu dute. Kretazeo eta Jurasiko aldietako hamasei dinosauro jarri dituzte Areetako parkean

Dinosauroek Getxo hartu dute

Kretazeo eta Jurasiko aldietako hamasei dinosauro jarri dituzte Areetako parkean

Ianire Renobales.

Getxo

Duela 65 milioi urte desagertu ziren dinosauroak Lurretik, ez dago argi zelan. Baina, orain, Getxora itzuli dira. Orotara, Kretazeo eta Jurasiko aldiko hamasei dinosauro belarjale eta haragijale, kumeak eta guzti, ikus daitezke Areetako Evaristo Txurruka kaian, urriaren 31ra arte.

Dinosauro Parkeak sorrera bitxia dauka. Getxoko bikote batek maketa ikusgarriak sortu zituen semearen ametsa betetzeko. Parkeko langileak azaldu duenaren arabera, Juanma Sopeñak eta Yolanda Mendezek semeak zuen dinosauroekiko zaletasuna errealitate bihurtu nahi izan zuten. Horrela, pigmentu naturalekin eta eskuz margotutako piezak sortzeari ekin zioten, eta, egun, bilduma aberatsa dute. Aurretik, Kantabrian egin zuten erakusketa, Santillana del Marren, eta, izandako arrakastaren ostean, haien herrira ekarri nahi izan dituzte historiaurreko animaliak.

Areetako leku berezi batean daude dinosauroak. Portugalete eta Areeta lotzen dituen Bizkaiko zubi zintzilikariari begira. Santurtzitik ere ikus daitezke animalia erraldoiak Txurruka kaia apaintzen. Bisitariak informazio sakona jasoko du. Maketa bakoitzaren ondoan, dinosauroaren xehetasunak ageri dira. Besteak beste, aldia, luzera, pisua, elikadura, morfologia eta bitxikeriak.

Indusketa tailerrak

Baina maketak begiratzeaz gain, umeentzako indusketa tailerra proposatzen dute parkean. Txikiek arkeologo bihurtzeko aukera dute Getxon. Pintzela eskuan, dinosauroen burezurrak eta hezur zatiak topatzeko erronka izango dute.

Carnotaurus, Parasaurolophus, Deinonychus, Euoplocephalus, Pachycephalosaurus eta Stegosaurus dinosauroak ikus daitezke. Baina arrakasta handien dutenen artean Tyrannosaurus-Rex, Pteranodon, Triceratops eta Brachiosaurusa daude. Guztiei buruzko bitxikeriak ikas daitezke erakusketan.

Brachiosaurusak, guztietan erraldoienak, ongietorria ematen du atean, 25 metroko luzerarekin. 50 tona pisatzen zituen, eta gorputzeko pisua arintzeko garezurra zuloz beteta zuen. Pteranodon espezieko dinosauro batzuk hegazkin arin bat baino handiagoak izan zitezkeen. Tyrannosaurus-Rexa pertsekuzio batean 4 metroko oinkadak eman zitzakeen harrapakinarengana garaiz heltzeko. Triceratopsa goi kretazeoko dinosauro belarjale nagusiena zen, eta buruzagia hautatzeko adarrekin pultsuak egiten zituzten. Deinonychusek atzaparra altxatuta zuten beti zorrotz mantentzeko.

Bitxikeriak bitxikeria, jakingura aseko zaio Getxoko Dinosauro Parkean bertara biltzen den bisitariari.

Dinosauro Parkea



Non. Evaristo Txurruka kaia (Areeta, Getxo, Bizkaia).

Noiz. Urriaren 31ra arte.

Ordutegia. Egunero. 11:00-14:00 eta 16:00-20:00.

Sarrera. 3 euro, haurrek 2 euro eta hogei laguneko taldeek 1,5 euro.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia