Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 11:24

KULTURA;2010-05-08;Zientzia fikziozko komiki bat ondu du Dani Fanok. 'Teleatoi, kalabaza haluzinogenoak' kaleratu du Ikastolen Elkarteak, 'Xabiroi' oinarri hartuta

Zientzia fikziozko komiki bat ondu du Dani Fanok

'Teleatoi, kalabaza haluzinogenoak' kaleratu du Ikastolen Elkarteak, 'Xabiroi' oinarri hartuta

Ainara Rodriguez.

Donostia

Espazioan laguntza zerbitzua eskaintzen duen Teleatoi konpainiako Dionisia 2 atoiontzi zaharrean ontziratu ditu irakurleak Dani Fanok Teleatoi, Kalabaza haluzinogenoak komiki berrian. Bildumaren lehen alea da, eta Ikastolen Elkartearen laguntzaz argitaratu du.

Misio zail bezain xelebrea dute Gus, Vladimir eta Hiroko Dionisia 2-ko eskifaiako kideek; espazioan, Sirokos planetan, Arabar Patatum enpresako zamaontzi bat hondatu da, eta hura konpontzea izango dute xede. Hasiera batean hutsala dirudien matxura, ordea, korapilatu egingo zaie bat-batean; izan ere, Arabar Patatum enpresak ekoizten duen erregai garbi, merke eta berriztagarriari -patatari, alegia- sabotajea egin nahiko diete Ezzon Oil hidrokarburo enpresako mertzenarioek, eta konspirazioaren zurrunbiloaren erdian gertatuko dira protagonista xelebreak; hori guztia, zamaontzian dastatzeko lapurtzen dituzten kalabazek sortutako haluzinazioen eraginez kutsatuta.

Suspensea, umore ukituarekin

Umorea eta suspensea, biak ondu nahi izan ditu Fanok komiki berrian. Zientzia fikzioan du oinarria istorioak; izan ere, egileak bere iraganari ere erreparatu dio: «Guztiok liluratu gintuzten Star Wars eta tanke hartako filmek». Egunerokotasunaz hitz egiteko bide gisa begiratzen dio Fanok genero horri, baina umore ukitu batez landu nahi izan du bere lan berria. Hartara, gustuko dituen pertsonaia motak erabili ditu, «porrot egin arren horretaz konturatu ere egiten ez diren» horietakoak.

2005ean hasi zen Teleatoi mamitzen, Xabiroi Ikastolen Elkarteak lau hilean behin gazteentzat kaleratzen duen aldizkariarekin batera. Aldizkari haren atal gisa irakurri ahal izan dituzte irakurleek bertako istorioak; Fanok, alabaina, Xabiroi aldizkariko koordinatzailea izaki, monografikoan landu nahi izan du orain, bera izanik komikiaren gidoilari eta marrazkigile. Egindako lana zabaltzea du orain erronka Fanok, eta, horretarako, Bartzelonako Ficomic Komikiaren Nazioarteko 28. Erakusketan izango da gaur, lana aurkezten.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia