Berria.info

Osteguna, 2012ko maiatzak 24 - 07:43

TARTEA;2010-03-24;ZIBERGELA. Webgunea. Hitzapasa, euskaraz jokatu eta ikasi. 'Euskaljakintza.com'

Webgunea

'Euskaljakintza.com'

Hitzapasa, euskaraz jokatu eta ikasi

Euskara ikasleek eta euskararekin jolastea atsegin dutenek aisialdirako denbora-pasa berria dute aurreko astetik Euskaljakintza.com blogean. Ordiziako Jakintza ikastolako irakasle Maite Goñi eta bere ikasleek Erresuma Batuko The Alphabet Game telebista lehiaketako euskarazko bertsioa jarri dute Interneten: Hitzapasa.

«Betidanik gustatu izan zaizkit hitzak, eta horiek bezainbeste, ia-ia, hitzekin zerikusia duten lehiaketak, jokoak... Etxean nagoenean, adibidez, askotan pizten dut telebista Pasapalabra programaren azken txanpa ikusteko, non alfabetoko hitzez osatutako erroskoa azaltzen den. Eta beti inbiditan! Euskaraz horrelako zerbait egongo balitz, etekin polita aterako nioke...», idatzi du Maite Goñik, eta baita lortu ere.

Norberaren euskara maila aintzat hartuz norberaren neurrira egindako saioa jokatzen du erabiltzaileak. Jokoan hasteko sarrera Euskaljakintza.com blogeko hasiera orrian topa daiteke. «Oraingoz hiru urratsetan banatutako 6 ale baino ez daude, baina pixkanaka-pixkanaka gehiago sortzen joango naiz», iragarri du Goñik.

Dagoena, ordea, ez da gutxi, eta telebista saioko oinarriak jarraituz, euskara jorratuz denbora-pasa dibertigarria diseinatu dute Euskaljakintza.com-en. Formatua telebistan dagoena da. A hizkitik z hizkira zein hitzetaz ari den asmatu behar du lehiakideak, aintzat harturik ezkutuan dagoen hitza piztuta dagoen hizki zehatz horrekin hasten dela, eta denborak atzera egiten duen bitartean.

Helburua, Euskaljakintzan. com-en diotenez, eguneko hitzak asmatzea da. Eta jokoak egunero aldatzen dituztenez, egunero bat eginda asko ikasteko aukera ematen du Hitzapasak. Hizki bat pizten den unean definizio bat ematen du ordenagailuak, eta erabiltzaileak bi aukera ditu, Hitzapasa sakatu eta hurrengo hizkira joan, edo erantzuna idatzi eta Erantzun hitza sakatu. Jokoaren amaieran asmatutako erantzun kopurua ematen du ordenagailuak.

@ Hitzapasa, Eukaljakintza.com-en ekimena da, eta helbide honetan topatuko duzu jokatzeko aukera:

http://www.euskaljakintza. com/ariketaguztiak/ hitzapasa

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia