Bertso biribilekin, txapela
Kartzelakoan eman du bere bertsokeraren neurria Julio Sotok, eta buruz burukorik behar gabe jantzi du Nafarroako txapela
Arkaitz Goikoetxea sailkatu da bigarren, 24 puntura, eta Arozena hirugarren, 38,5era
Iñigo Astiz.
LesakaRamegante bukatu zuen atzo Julio Sotok atzo Lesakan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Agurreko bertsoetan emana zuen abisua. «Cortefieleko atorra/ ez esan polita ez dela/ ta usaia Versceren perfume/ goxo umela/ esan beharrik ez dago/ elegante natorrela/ gauza bakarra falta zait/ buru gainean txapela». Abisua eman, eta baita bete ere. Lehen bertsoan esan bezala, hasi baino dotoreago bukatu zuen gaua. 555,5 puntu lortu, eta txapela soinean zuela.
Kartzeleko saioetara arte ez zegoen txapeldun argirik. Baina orduan atzean utzi zituen Sotok gainerakoak, eta buru jarri zen. Buruz burukorik ere ez zen behar izan txapela Sotori eman behar zitzaiola erabakitzeko. Mugan ibili zen, halere. 24 puntu beherago gelditu zen Arkaitz Goikoetxea, bigarren postuan, eta Estitxu Arozena gelditu zen hirugarren (517 puntu). Haien atzean gelditu ziren Xabier Legarretari (496,5), Oskar Estanga (496), Eneko Lazkoz (488,5), Xabier Terreros (481) eta Julen Zelaieta (481).
Giro gogoz zegoen jendea pilotalekuan, eta oso bero hasi zen saioa, baita bertsorik bota baino lehen ere. Gora beheratsuak izan ziren, ordea, lehen lanak. Umoretsu, bai, baina bertso multzo oso eta borobilegirik gabe. Faborito nabarmenegirik gabe. Beren ahotsa eta bertsokera nabarmendu ezinik ibili ziren, nolabait ere. Izan zen bertso politik, halere. Zortziko handian Arozena eta Estangak ale onak utzi zituzten bakarrik gelditzearen beldur ziren bikotekideen paperean, eta baita Goikoetxea eta Zelaietak ere mutil zahar parearena eginez. Oso ederrak izan ziren ere Xabier Legarreta eta Estitxu Arozenak sei puntukoetan utzitako lehen aleak, adibidez.
Gizarte segurantzaren bulegora joan, eta txakurra kanpoan utzi behar duen itsuaren lanetan aritu zen Legarreta, eta zaindari lanetan Arozena. Ezin omen zion bulegora txakurrarekin sartzen utzi, eta hala kantatu zuen Legarretak lehen bertsoa.
Xabier Legarreta Arano:
(Txakur) Ausarta dugu hasteko,
itsu zahar hau babesteko.
Gure gizarte segurantzara
Nentorren eskeko,
(txakur) hau behar dut ikusteko,
ez duzu ezetz usteko,
esan didazu nere begiak
kanpoan uzteko.
Ongi erantzun zion Estitxu Arozenak Xabier Legarretak botatakoari, eta legearen menpe zebilela erantzun zion. Ez bere gustura.
Estitxu Arozena:
Hori da arrazoizko pisu
zuk bai mila konpromisu,
baina etxe hau publikoa da,
da txakurren izu.
Libre ez dela badakizu
beraz, kanpoan utzizu.
Errua ez dut nik legedia
baldin bada itsu.
Gozatzeko zaila izaten den lana da, maiz, puntuei erantzutekoa, baina atzokoan, saioari bizitasuna ematen lagundu ziote bertsolarien erantzunek. Berriz ere bizitu egin zen giroa, eta izan zen ale onik ere. Oro har, ongi asmatu zuten errima eta gaiari heltzen bertsolariek. Polita izan zen Goikoetxeak egunkarietan esaten diren gezurrei buruz botatako bigarren erantzuna, adibidez. «Tarteka egiren bat/ ere ageri da», bota zion gai jartzaileak, eta Goikoetxeak erantzun: «ibili beharra dago/ lupakin begira/ eguna pasatzen dut/ jira eta bira,/ baina ez naiz joaten/ oso urrutira».
Kartzelak askatu
Kartzeleko lanak heltzean askatu ziren bertsolariak. Ordura arte iradokitakoa, orduantxe erakutsi zuten. Gai jartzailea entzun eta bakoitzak bere alorrera eraman zuen bertsokera. Orduan hasi zen nor bere neurria eta bere kantakera ematen. Gai irekia jarri zien gai jartzaileak: «Zalantzak izan dituzun arren, erabaki bat hartu duzu jada. Amak ez onartzea sortzen dizu orain kezka gehien».
Legarreta izan zen aurrenekoa bakarkako hiru bertsoak botatzen, eta baita amari homosexuala zela esaten ere. Ildo beretik joko zuten gero Lazkoz, Zelaieta eta Sotok ere. Ildo beretik bai, baina ertz propiotik bakoitzak, eta egoera bera lautan entzun arren, bertsolariek asmatu zuten entzuleari berritasunak eskaintzen (serio Lazkozek, umoretik Zelaietak).
Finalera kolorea ematera joango zela esan zuen Estangak eta baita egin ere. Brasilera perkusioa jo, eta dantzan ikastera zihoala esan zion amari. Hara zihoala, mugimenduak ikasi eta Euskal Herri tropikala sortzen laguntzeko. Senarrak gaizki tratatzen zuela eta, banatu egin behar dela aitortu zion Arozenak. Ongi aitortu ere: «Maite zaitu ziren bi hitz/ bihurtu direnak murritz./ Erabaki dut ta erabaki/ pentsatu ondoren aunitz/ aspaldidanik egingo nuke/ nire haurren aita ez balitz». Semea bataiatzeari uko egiten diola esan zion Goikoetxeak amari, eta ezer esan beharrik gabe jakin zuen Terrerosenak finalera sartzea lortu zuela. Jadanik txartelik ez zegoenean.
Sotorenak izan ziren dena dela, bertsorik borobilenak. Txapela horiekin irabazteko bezain borobilak, bai. Opus Deiko kide zen amari homosexuala zela aitortu zion hiru bertso gogoangarritan, eta honela kantatu zuen: «Ta esan diot badakit ama,/ agian, ados ez zaude,/ baina aurrera egin behar dut,/ zurekin edo zu gabe». Bigarren bertsoa izan zen, ordea, agian, Sotok botatakoen artean ederrena.
Julio Soto:
Ez zait gustatzen maitamenaren
lorea edo hoskia.
Mutilak urrun sentitze hutsak
sortu ohi baitit hozkia.
Nik onartu dut nahiz hortarako
behar izan dudan astia.
Etxean, baina, esatae hori,
zein aitorpen garestia,
gaur gaua dela, ta izerditan
dudala esku azpia.
Barrua bai, baina mihia ez dut
nahiko ausardiz bustia.
Homosexuala naiz jakin zazu
ta askatu dut angustia.
Bera isilik gelditu da ta
horrek ya dio guztia.
Sailkapena
Albisterik...
Irakurrienak
Bozkatuenak
Irakurrienak
© Berria.info - Euskal Editorea S.L.
Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929
Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172
